Lur gainean hegan
1997/04/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
“ Nola esanaz ur irakinak
egiten zuen nigarra
preziso al da beti kalderan
kiskaltzen egon biharra?
ez daukat beste alimenturik
sua, kia eta txidarra
ongi miatzen baldin banauzu
hotzian badet indarra”
“ Nire munduko jakinduria
izan da oso azala
Jaingoikuari eskatzen diot
arren argitu nazala
garai batian ez genekien
elektrikari bazala
orain ur hotzak dabilzki
trenak lehen irakinak bezala”
Lur gainean hegan
Euskal Herrian, Baiona eta Hendaia bitarteko 20 kilometroak baino ez ditu egiten AHTk, baina mugaren bi aldeetako euskaldunentzako Pariseraino joateko modurik erosoena da. Etorkizunean Euskal Herria Aturritik Ebroraino zeharkatuko omen du, lberiar penintsularen beste muturraren bila.
Hendaiako eguneroko bisitaria AHTren bigarren belaunaldiko eredua da, atlantikoa abizenekoa, Lyonera doan lehen belaunaldikotik desberdintzeko. Desberdintasuna ez dagokio karrozeriaren koloreari bakarrik (hemengoa urdina eta hangoa laranja), AHTren funtsezko ezaugarriari baizik, abiadurari, alegia. Zaharrak 270 km/h-koa du bere ohizko abiadura eta AHT atlantikoak 300 km/h-koa. Jakina, 30 km/h-ko abiadura-aldea lortzeko soinekoaren itxura baino zertxobait gehiago aldatu behar zaio. Laburbilduz, hauek dira egin diren hobekuntzak: motoreak berriak dira (arinagoak eta bi aldiz potenteagoak), balazten ahalmena % 70 handiagoa da (blokeoaren kontrako mekanismoa dute gainera), esekidura pneumatikoa da, bagoiak arinagoak dira, eta abar.
AHTk bi bagoi eragile ditu (lehenengoa eta azkenekoa) eta horien artean, multzo homogeneoa osatuz, hamar bagoi giltzatu, biren elkargunearen azpian bogie bat dutelarik. Ez daude, beraz, tren-makina bat eta atzean bina bogiez hornitutako bagoiak. Dakigunez, bogie trenaren egiturari eusten dion bi ardatzeko orga-moduko bakoitzari deritzo.
Trenaren abiadura bizkortzea tren-makinaren indarra handiagotzearekin konpontzen dela pentsa daiteke. Uste okerra da, ordea. Abiadura handia potentzia baino zerbait gehiago da.
AHTk komunikazio-sistema zabala du, une oro kontrolatu behar baita gertatzen ari dena. Horrek informatika eta ikusentzunezko tresneria esan nahi du. Adar bakoitzean elkarri konektatuta lanean diharduten 16 ordenadore daude eta trenaren eginkizun guztiak zaintzen dituzte. Gidariaren gela kontrol-aparatuz beteta dago eta adar bakoitzean akats eta funtzioen datu guztiak irrati bidez transmititzen dira Parisko kontrol-dorrera. Trenbidean, hamar kilometrotik hamar kilometrora, transmisio-balizak daude.
AHTk indarra katenaria/pantografo sistemaren bidez hartzen du, tranbien modu berean, hain justu. Katenariak eta pantografoak etengabe elkar ukituz egon behar dute trenak energia elektrikoa hartu ahal izateko, baina ukimenaren ondorioz katenarian, kablean, uhinak sortzen dira. Oro har eta 450 km/h-ko abiadurara iritsi artean, uhinaren hedapen abiadura trenaren zirkulazio-abiadura baino handiagoa da eta katenaria eta pantografoaren artean ez dago ukipen-arazorik. Balio horretatik gora, ordea, trenak uhina harrapatzen du eta katenaria eta pantografoaren arteko kontaktu elektrikoa galtzen da. Arazo horri katenariaren kablea teinkatuz ekiditen zaio, uhinaren hedapen abiadura trenarena baino handiagoa delarik berriro. 2.000 dekanewtoneko tentsiotik 2.700 daN-era pasa dira. Teinkadura horren bidezko muga berria 520 km/h inguruan dago.
Abiadura handiak trenbideari ere eragiten dio. Sendotasun berezia behar du gurpilek egiten duten indarra pairatu ahal izateko. 1955ean Landetan tren esperimentalen bidez 331 km/h-ko abiadura erdietsi zen, baina trenbidea hondatuta gelditu zen: dena berritzeko moduan. Abiadura handiak nahi direnean trenbidearen diseinuak ere berezia izan behar du: astunagoa, egonkorragoa eta doitasun handiagokoa. Erreiek 60 kg/m pisatzen dute ohizko 45-50 kg/m-en ordez. Lurrean sendoago finkatzen dira eta paralelotasuna eta lerrokadura bereziki kontrolatzen dira. Tresna optikoen bidez, kilometroko luzeran milimetro gutxiko diferentziak kontrolatzen dira. AHTren kilometro bakoitzak 4.000 tona balasto, 1.600 trabes eta 120 tona errei ditu.
AHT atlantikoaren ezaugarri nagusiak
- Bi bagoi eragile (lehena eta azkena) eta tartean hamar bagoi giltzatu.
- Luzera: 280 m
- Pisua kargatuta: 490 tona
- Motoreen potentzia: 14.000 Z.P.
- Eserlekuak: 485 finko eta 37 tolestagarri.
- Balaztaketa-distantzia 300 km/h-ko abiaduran: 3.300 m
- Abiadura maximoa bidaiari-zerbitzuetan: AHT trenbidean 300 km/h; ohizko` trenbidean, 160 km/h.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia