}

Lovelocken azken zirikada

2007/10/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Lovelock XX. mendeko zientzialari ezagun eta eztabaidatuenetako bat izan da, eta XXI.ean ere zeresana ematen ari da. Azken zirikada hauxe izan da: itsasoko urak nahastea proposatu du, atmosferako karbono dioxidoa garbitzeko.
Jmes Lovelock Gaia teoriaren aita da.

James Lovelock 1970eko hamarkadan egin zen ezagun, Gaiaren teoria aurkeztu zuenean. Haren arabera, Lurra sistema bizi bat da; gai da bere burua erregulatzeko, eta orekara jotzen du. Hasieran, zientzialariek erokeriatzat jo zuten ideia hura, baina, gerora, askok onartu dute beharbada Lovelock ez zebilela erabat oker. Nolabait, Lurraren ikuspegi hori lagungarria da planetaren bilakaera ulertzeko.

Iaz, baina, berriro asaldatu zuen jendea, Gaiaren mendekua liburuarekin. Haren arabera, planetaren etorkizuna oso da beltza; adibidez, 2050erako, poloetako izotza urtuta eta Londres urpean egongo direla aurreikusten du. Eta argi du gizakiak berak eragin duela klima aldatzea.

Edonola ere, Lovelock ez dago etsipenak jota; aitzitik, uste du badaudela Lurra hondamenditik salbatzen lagunduko duten bideak. Horietako bat erregai fosilen ordez energia nuklearra erabiltzea da. Ideia horrek ere izugarrizko zalaparta eragin zuen; askorentzat, sinestezina zen Gaia teoriaren aita energia nuklearraren alde egotea. Alabaina, Lovelocken iritziz, klima-aldaketari aurre egiteko aukera onena da, energia nuklearrak ez baitu, beste iturriek ez bezala, karbono dioxidorik isurtzen atmosferara.

Hodiak ozeanoan

Denbora igaro ahala, urak baretu dira pixka bat, eta, antza denez, ez da hain proposamen burugabea. Izan ere, energia nuklearrak gizartean onarpen handirik ez duen arren, beste zientzialari batzuk ere horren alde azaldu dira, eta hainbat gobernu aukera hori aztertzen ari dira, tartean Britainia Handikoa.

Dena den, erregai fosilak energia nuklearrarekin ordezkatzeko, denbora dezente beharko litzateke, eta Lovelockek uste du atzerako kontaketa dagoeneko martxan dela; alegia, lehenbailehen hartu behar direla klima-aldaketari aurre egiteko neurriak. Hori dela eta, orain, itsasoko ura nahastearen alde azaldu da, Nature aldizkarira bidalitako eskutitz batean.

Loveocken proposamenak zirikatzaileak eta oso eztabaidagarriak dira askorentzat.

Gainera, oraingoan ez da bakarrik agertu, bi pertsonak sinatzen baitute eskutitza; bata Lovelockek bera da, eta, bestea, Chris Rapley, Britainia Handiko Zientzia Museoaren zuzendaria eta Antartikako Ikerketa Erakundearen zuzendari ohia.

Eskutitzaren izenburua hau da: Ozeanoko hodiek bere burua sendatzen lagun diezaiokete Lurrari. Bertan diotenez, gizakiak sortutako aldaketengatik eta sistemaren inertziagatik, alferrikakoak dira karbono dioxidoaren isuriak gutxitzeko ahaleginak, asmo onekoak diren arren. Sendagai gogorrago bat behar da. Eta ozeanoa hodiz betetzea da proposatzen duten sendagaia.

Hodi horiek libre edo lotuta egongo lirateke itsasoan. 100-200 metroko luzera eta 10 metroko diametroa izango lukete, eta balbula bat edukiko lukete. Olatuen mugimenduari esker, sakoneko urak azalera aterako lirateke hodietan zehar. Hondoko urak azalekoak baino aberatsagoak dira elikagaitan, eta, beraz, algak ugarituko lirateke. Algek karbono dioxidoa xurgatuko lukete, eta, hartara, atmosferan gas horren kontzentrazioa gutxitu egingo litzateke. Are gehiago, algek dimetil sulfuroa sortuko lukete; dimetil sulfuroa hodeien nukleoa denez, hodeiak sortuko lirateke, eta horiek eguzki-argia islatuko lukete.

Bi zientzialarien esanean, Mexikoko golkoa leku aproposa da hodiak jartzeko. Izan ere, sakoneko urak igotzean, azaleko urak hoztu egingo lirateke; horri esker, urakan gutxiago sortuko liratekeela uste dute, urakanak ura beroa dagoenean sortzen baitira.

Ondorio ezezagunak

Ideia hori, hala ere, ez da erabat originala. AEBn dagoeneko egin eta probatu ditu horrelako hodiak Atmocean izeneko konpainiak. Egin dituzten kalkuluen arabera, 134 milioi hodi beharko lirateke urtean giza jardueren ondorioz atmosferara isurtzen den karbono dioxidoaren heren bat desagerrarazteko.

Knockout saguak izugarri baliagarriak dira ikerketarako.
(Argazkia: NHGRI)

Ozeanoa hodiez josteaz gain, badaude beste proposamen batzuk teknologiaren bidez berotze globalari aurre egiteko: itsasoa burdinez aberastea, algak ugaritzeko; zeruan eguzkitakoak edo ispiluak jartzea, eguzki-izpiak lurrazalera heltzea galarazteko; eta atmosferara sulfatoa lainoztatzea, hodeiak sorrarazteko.

Teknologia horiek ez daude oso garatuta, eta, gainera, inork ez daki zer ondorio izango luketen aplikatuz gero. Itsasoko urak nahasteak ere eragin kaltegarriak izan ditzake. Lovelockek eta Rapleyk berek onartzen dute atmosferako karbono dioxidoa itsasoan disolbatzeak ura azidotzea ekar dezakeela, eta horrek kalte egingo liekeela itsas ekosistemei.

Are gehiago, Woods Hole Ozeanografia Institutuko ikertzaile baten esanean, sakoneko urek karbono inorganiko ugari dute, eta, azaleratzean, presioa hondoan baino txikiagoa denez, burbuilak sortuko lirateke, eta karbono dioxidoa airera askatuko litzateke. Beraz, haren iritziz, urak nahastea alferrikakoa da.

Baliteke Lovelocken asmoa gizartea zirikatzea izatea, jendeak berotze globalaren aurkako neurriak babestu ditzan. Baina, aditu batzuen ustez, litekeena da horrelako adierazpenek juxtu kontrako eragina izatea; izan ere, jendeak pentsa dezake irtenbidea aurrerapen teknologikoetan dagoela, eta, beraz, ez du energia-kontsumoa gutxitzeko ahaleginik egingo. Gauza bat argi dago behintzat: Lovelocken asmoa eztabaida piztea bazen, lortu du helburua.

Gara-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia