Lorpenak, kezkak eta zalantzak, zerrendetan
2014/12/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Aurten ez dago zalantza handirik: zientzia-aldizkari guztiek nabarmendu dituzte Rosetta eta Philae 2014ko albiste zientifiko-teknologiko garrantzitsuenen artean. Ia denek, gainera, zerrendaren buruan jarri dituzte. Batzuek Rosetta misioaren ekarpen zientifikoak azpimarratu dituzte, eta beste batzuek, berriz, Philae kometaren azalean jartzea lortu izana goraipatu dute.
Edonola ere, balentria espazialak ez du estali ebolak sortutako kezka. Hala, birusa Afrikatik kanpo ere kutsatu izana zientzia-albiste aipagarrienen lehen lekuetan agertzen da prentsa espezializatuaren zerrendetan.
Hortik aurrera, zerrenden artean diferentzia gehiago daude, baina badira aurrean ez bada atzealdean azaltzen diren albisteak; besteak beste, azterketa genetikoek giza espeziearen zuhaitz ebolutiboan egindako ekarpenak, eta gure arbasoen pentsamendu abstraktuari buruzko frogak. Genetikarekin lotuta, askotan agertzen dira baita nukleotido sintetikoak egitea eta legamia artifizialaren sintesia ere. Eta genetikatik kanpo, klima-aldaketarekin erlazionatutako lanak ere nabarmenak dira.
Azkenik, aipatzekoa da zientzia-aldizkariek ez dutela grabitazio-uhinen detekzioaren albistea baztertu zerrendetatik, baieztatu ez den arren. Baieztatuz gero, unibertsoaren sorreran inflazioa gertatu zela frogatuko luke detekzioak; oraindik ez dago garbi, ordea, seinalea grabitazio-uhinen arrastoa izan ote zen.
Horrenbestez, lorpenak ez ezik, kezkak eta zalantzak ere kontuan hartu dituzte zerrendak osatzean. Hain zuzen, zientzian ere guztia ez da erabat ziurra edo zehatza, baina horrek ez du esan nahi, nahitaez, garrantzirik ez duenik.
Berria egunkarian argitaratua.