Lorezaintza berde-berdea
2003/05/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ingurumen-lorezaintza ingurumenari ematen dion garrantziagatik desberdintzen da lorezaintza tradizionaletik. Lorezaintza tradizionalak ingurumenean duen eragin kaltegarria gutxitzen saiatzen da, eta hark kontuan hartzen ez dituen funtzioak hartzen ditu bere gain ingurumen-lorezaintzak.
Hain zuzen ere, lorezaintza tradizionalean, estetikari eta aisiari begira diseinatzen dira lorategiak. Baina ez da ingurumenerako mesedegarria izatea bilatzen; askotan alderdi hori erabat baztertzen da. Hori dela eta, ongarri mineral eta pestizida gehiegi erabiltzen dira batzuetan, eta sarri-sarri ureztatu beharreko landareak landatzen dira, ingurura ondoen egokituta daudenak aukeratu beharrean. Kanpoko espezieak sartzeak, gainera, badu beste arrisku bat: horietako espezie batzuk inbaditzaileak dira.
Berdeguneen onurak hirietan
Ohiko lorezaintzak dituen eragin kaltegarriak gutxitzen eta berdeguneen eragin mesedegarria indartzen saiatzen da ingurumen-lorezaintza. Izan ere, bistakoa da edozein lorategik eragin onuragarria duela hirian.
1962an ikerketa bat egin zen Londresko Hyde Park-en, eta orduan ikusi zen parkea zeharkatzen zuen aireak % 25 poluitzaile gutxiago zituela; hau da, parkeak poluzio-iragazki moduan jokatzen zuen. Gerora egin diren ikerketetan antzeko emaitzak lortu dira, eta orain frogatuta dago poluitzaileak metatzeko, xurgatzeko eta eraldatzeko gaitasuna dutela berdeguneek.
Zuhaitz handiak dituzten berdeguneak eraginkorragoak dira airea garbitzen. Zuhaitzen hostoen azalera adaburuarena baino ehun aldiz handiagoa da. Horri esker, airean dauden poluitzaile asko atzematen dituzte. Poluitzaile horietako batzuk, batik bat hautsa eta partikula solidoak, hostoetan gelditzen dira. Euria egiten duenean, lurzorura pasatzen dira eta honek xurgatu egiten ditu.
Gainera, lurzoruan karbono monoxidoa karbono dioxido bihurtzen duten mikroorganismoak daude.
Bestalde, hirietan ugariak diren ozonoa eta sufre dioxidoa bezalako poluitzaileak xurgatzen dituzte zuhaitzek, baita metal astunak ere, hala nola, kadmioa eta beruna.
Aireko poluzioaz gain, poluzio akustikoa ere gutxitzen dute lorategiek. Zuhaitzen eta zuhaixken hostoek zarata apaltzen dute, batez ere maiztasun txikiko soinuak. Horregatik erabiltzen dira pantaila akustiko moduan errepide-bazterretan.
Tokiko kliman ere eragiten dute berdeguneek. Esate baterako, zuhaitzek beroa eta eguzki-erradiazioa xurgatzen dute; hortaz, udan, hiriko kaleetan baino 6 °C gutxiago egon daitezke zuhaitzen azpian. Horretaz gain, zuhaitzek transpiratzen duten urari esker, hezetasun erlatiboa igo egiten da; ondorioz, areagotu egiten da freskura-sentsazioa. Euria egiten duenean, berriz, jasaren indarra motelduta gelditzen da hostoengatik, eta antzekoa gertatzen da haizearekin: landarearen altueraren 10-15 handiagoko azalera batean, haizearen abiadura erdira gutxitzen da.
Ingurumena zaintzen
Ingurumena zaintzeko, nekazaritza ekologikoan ohikoak diren pestizidak erabiltzen dira ingurumen-lorezaintzan. Produktu horiek erabili baino lehen, ordea, gaitzei eta izurriei aurre hartzeko hainbat teknika erabiltzen ditu lorezainak.
Batetik, lurzoruak egoera onean eta landare-espezieei egokituta egotea komeni da; hartara, gaitzak ez dira hain erraz azaltzen. Noski, landareek ere egokiak izan behar dute klima eta inguru horretarako.
Gainera, zenbat eta espezie desberdin gehiago eduki, orduan eta zailagoa da gaitzak eta izurriak hedatzea. Hala ere, landareren bat gaixotzen bada, kaltetutako zatia edo landare osoa kendu eta erre egin behar da, gainerakoak kutsatzea galarazteko. Eta landare bat inausteko erabilitako tresnak beste landare batekin erabili baino lehen desinfektatzea komeni da. Honi guztiari borroka kulturala deitzen zaio.
Bestetik, borroka biologikoa ere erabiltzen da. Izurriak eragiten dituzten organismoak kontrolatzeko, haien bizkarroi edo harrapari diren espezieak erabiltzean datza. Adibidez, marigorriak landare-zorri helduak eta larbak jaten ditu, eta armiarmak intsektu asko harrapatzen ditu, tartean baita landare-zorriak ere.
Landareek ere egiten dute izurrien aurkako lana: zitrikoek, izpilikuak, erromeroak eta beste landare aromatiko batzuek intsektuak uxatzen dituzte, eta intsusak satorrak aldentzen ditu. Nektarra erraz hartzeko moduan duten landareek eta huntzak, berriz, organismo kaltegarriak kontrolatzen dituzten intsektuak erakartzen dituzte.
Neurri horiek kontuan hartuta, ez dago hainbeste pestizida erabili beharrik. Halaber, garrantzitsua da ura ondo kudeatzeko sistemak ezartzea, baita etengabe ureztatzea eskatzen ez duten landareak aukeratzea ere. Hartara, ez da lorategi tradizionaletan adina ur xahutzen.
Natura eredu
Lorategi tradizional askoren diseinuetan lerro zuzenak eta irudi geometrikoak nagusitzen dira. Hiriak ere halakoxeak dira: kale zuzenak, etxe karratuak... Naturan, berriz, forma desberdin ugari daude eta ezer ez da hain erregularra; aldi berean, harmonia eta oreka gordetzen dute naturaren formek.
Ingurumen-lorezaintzan natura eredu gisa hartzen da, eta lorategi tradizionalen zurruntasun geometrikoa hausten da, efektu naturala lortzeko. Hala, lurrazala ez da laua izaten, baizik eta aldapekin eta bihurguneekin. Bideak okerrak dira, eta neurri eta altura desberdineko landareekin jokatzen da. Landareak harri-tartean sortzen dira, eta harriak berak lurzorutik ateratzen dira, ez daude lurzoruaren gainean jarrita. Urmaelak, hormigoizkoak izan beharrean, itxura naturala izateko diseinatzen dira, materialak, hondoa, ertzak eta uretako landareak kontuan hartuta. Ur-zorrotaden ordez, ur-jauziak jartzen dira... Helburua elementu ez-naturalak saihestea da, eta itxura harmoniatsua eta naturala lortzea.
Berdegunea inguruan txertatuta egoteko, bertako espezieak erabiltzen eta inguruan dagoen landare-komunitatea imitatzen saiatzen dira. Garai batean, baina, kanpoko espezie ugari ekarri ziren lorategi britainiarren ereduari jarraituta; espezie horiek ondo baino hobeto egokituta daude orain hemengo klimara eta ingurura, bertakoak baino azkarrago hazten dira eta merkeagoak dira gainera.
Euskal Herriko landare-komunitate esanguratsuenak artadiak, hariztiak, pagadiak eta pinudiak dira. Horiek lorategietan ezartzea ez da erraza, baina hiritar batzuentzat bertako inguru naturalaren errepresentazio hurbilena dira. Hortaz, ingurumen-lorezaintzak beste funtzio bat ere betetzen du, funtzio pedagogikoa, alegia.
Zatoz lorategiaren babesera!
Faunari begira ere, onuragarria da bertako landareak erabiltzea lorategietan. Izan ere, ornogabe ugari elikatzen dira bertako landareekin, eta ornogabe horiek beste animaliak erakartzen dituzte. Egoera naturala denez gero, ornogabe horiek ez dira izurri bihurtzen. Aldiz, kanpoko espezieekin izurriak gertatzeko arriskua askoz ere handiagoa da: oso espezie gutxik erasotzen diete kanpoko landareekin etor daitezkeen ornogabeei, eta, azkar ugaritzeko aukera dutenez, harrapariek ezin dituzte kontrolatu.
Horretaz gain, bertako landareen frutak jangarriak dira gehienetan, eta hegaztiek eta karraskariek jaten dituzte.
Berdegunean animaliak ugaritzeko modu bat beraientzat bizileku bereziak jartzea da. Kaskabeltzak, amilotxak, gerri-txoriak, garrapoak eta beste txori batzuk zuhaitzen zuloetan bizi dira, baina parkeetako eta lorategietako zuhaitzetan ez da zulo asko egoten. Txorientzako toki egokiak sortzeko, txori-kutxak jartzeko aukera dago. Ez da alferrikako mesedea: txori horiek intsektuak jaten dituztenez, izurriak kontrolatzen laguntzen dute.
Zenbat eta handiagoak izan berdeguneak, orduan eta aukera handiagoa ematen zaie animalia handiagoei bertan hazteko. Sugandilak, satitxuak, saguak eta katagorriak gehiago ugaltzen dira nahiko toki badute, baita haien harrapariak ere, berdegunera sarbidea izanez gero, noski. Horretarako, hiriaren kanpoaldearekin lotzeko pasabideak egin daitezke.
Sarritan, ordea, ezinezkoa da gauza horiek denak egitea. Tokia mugatua izaten da, eta udal gehienetan oraindik gehiago begiratzen zaio kostuari ingurumenari baino. Hala eta guztiz ere, gero eta lorezain gehiagok hartzen ditu kontuan ingurumen-lorezaintzaren oinarriak, eta ahal den neurrian aplikatzen ditu. Ondorioz, lehen baino ohikoagoa da itxura naturaleko parkeak egitea, baita bertako basoetan arruntak diren landare-espezieak ikustea parkeetan ere. Ingurumenaren eta hiritarren mesedetan.
Lau kultura, lau lorategi
Estilo askotako lorategiak egin dira historian zehar, lekuari eta garaiari egokituta. Gaurko lorategietan, baten zein besteren eraginak antzematen dira, neurri batean behintzat.
Agian, arrotzenak ekialdeko estilokoak dira. Japoniako lorategiak dira estilo horren eredu: indarren oreka bilatzen dute, eta tearen zeremoniarekin oso lotuta daude. Errito hori betetzeko leku egokiena lorategia da; beraz, oso leku lasaiak dira, eta harriak dituzte han eta hemen bisitariak gelditzera eta paisaiaz gozatzera gonbidatzeko.
Lorategi islamiarretan, berriz, Koranean aipatzen zen paradisua irudikatzen saiatzen dira. Basamortuari, beroari eta hondarrari ihes egiteko, hezetasuna eta itzala bilatzen dute. Horretarako, zuhaitzak eta ubideak dituzte.
Estilo frantziarreko lorategietan geometria asko zaintzen da. Zuhaitzak ilaratan eta bideak ondo mugatuta daude, eta garrantzi handia dute bai urarekin sortutako jokoek bai eskulturek.
Hemengo lorezaintzan, ordea, eragin handiena lorategi ingelesek izan dute. Estilo horretan, naturari begiratzen zaio, eta, erromantizismoaren garaiarekin bat, baso txikiak, haitzuloak, muino artifizialak, lorez betetako txokoak... jartzen dituzte lorategietan. Kanpoko espezieei ere aparteko garrantzia ematen diete, eta espezie exotikoak jartzeko toki egokiak egiten dituzte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia