Lorearen epelean
2004/01/18 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Philodendron solimoesense landarea Guayana Frantseseko zuhaitzetan bizi da. Loreak suge-jana deitzen diogunaren oso antzekoak ditu: petaloek hostoen itxura daukate, eta bildukin bat osatzen dute polena pilatzen den infloreszentziaren inguruan.
Bada, filodendron hori etxe epel eta goxo bihurtzen da gauean. Berogailua balu bezala, beroa igortzen du, eta egunez izan ohi duen tenperatura mantentzen du. Izan ere, landare tropikal horrek 27 ºC-ko tenperatura izaten du lore barruan, kanpoko gaueko tenperatura baino lau gradu epelagoa.
Lorearen lurrinak kakalardoak erakartzen ditu batez ere. Eta kakalardo horiek gogo onez hartzen dute loreak egiten dien harrera goxoa. Lorearen epelean hain gustura egoten dira ezen denboraren % 90 bertan igarotzen baitute.
Kontuan izan behar da kakalardoa, intsektua denez, odol hotzeko animalia dela. Horrek ez du esan nahi zehatz-mehatz odol hotza daukanik, baizik eta, giro-tenperaturaren araberakoa dela gorputzeko tenperatura. Gauez, giroa hozten denean, odol hotzeko animalia askok aktibitate-maila jaisten dute, hau da, moteldu egiten dira, eta, hala, energia gutxiago gastatzen dute.
Landareari, ordea, intsektu polinizatzailea bizia izatea komeni zaio gorputzean itsasten zaion polena leku batetik bestera eraman dezan. Horregatik, oso mesedegarria da landarearentzako loreak beroa igortzea. Nolabait esateko, epeltasunak kakalardoa langileago egiten du, eta, horri esker, polena lore batetik bestera eramango duela ziurtatzen du.
Philodendron solimoesense -k kakalardo-espezie jakin bat erakartzen du.Esan bezala, filodendronak polinizaziorako erabiltzen du kakalardoa, hau da, loreetako polena beste lore batzuetara zabaltzeko, eta, aldi berean, beste lore batzuetako polena ekartzeko. Polen horri esker lorea ernaldu egiten da, eta, lorea eraldatuz, landare berri baten hazia sortzen da.
Polinizazioa hil ala bizikoa da espeziearentzako, bestela ez baita ugaltzen. Hori dela eta, polinizaziorako intsektuen beharra daukaten landareek oso trikimailu bereziak dituzte zomorro horiek erakartzeko.
Lorea eta berogailu
Filodendronaren loreek beroa igortzen dute, baina ez da ‘berogailu’ gisa jokatzen duen landare bakarra. Araceae familiako hainbat landarek jokabide bera dute. Eta beste zortzi familiatan ere aurkitu dira beroa igortzen duten espezieak; horietako bat loto-lorea da.
Landare horiek termoerregulatu egiten direla esaten da, hau da, horien tenperatura ez da aldatzen, ingurukoa aldatu arren. Esaterako, symplocarpus foetidus izeneko landareak, elurrez estalita dagoenean, azalera irtetea lortu, eta inguruko elurra urtzen du.
Dena dela, normalean, landareak ez du beroa igortzen ez izozteko. Izan ere, beroa sortzen duten landare gehienak leku epeletan bizi dira. Aurrez aipatutako filodendrona landare tropikala da, esate baterako.
Toki epeletan bizi diren landareek ez diote izotzari aurre egin beharrik, baina bai inguruko loreek egiten dieten lehiari. Eta beroa sortzeak abantaila ematen die beste espezie batzuekiko. Hipotesi bat baino gehiago dago, baina, zenbaiten ustean, landareak sortutako beroak lorea garatzeko tenperatura egokiena lortzea du helburu. Beste hipotesi baten arabera, lorearen lurrin gozoa errazago zabaltzen laguntzen du beroak, eta, hala, polinizazioan laguntzen duten intsektu gehiago erakartzen ditu loreak.
Bi hipotesiak dira onargarriak, eta, gainera, batak ez du bestea kentzen. Hau da, beroak lorea era egokian garatzea eragin dezake, eta, aldi berean, usaina ingurura zabaltzen lagundu, lurrina osatzen duten konposatuak lurrunkorrak baitira. Hala, animalia polinizatzaileak erakartzeko balio dio landareari.
Lore barnean dago saria
Landarearentzako ezinbestekoa da polinizatzailea lorera erakartzea. Baina, hori lortu ondoren, ezin dio berehala alde egiten utzi. Polinizatzaileari lorearen barruan edo inguruan eutsi behar dio, gorputzean nahikoa polen itsasteko adina denbora egon dadin.
Loto-loreak ere beroa igortzen du.Polinizatzailea lorearen usain goxoak edo itxura deigarriak erakartzen du. Eta, han denean, saria jasotzen du: polena eta nektarra. Kakalardoaren elikagai nagusia polena da. Horregatik, filodendron-loreak polen ugari izaten du, kakalardoak jan dezakeena baino gehiago. Hala, intsektua ase denean ere, polen-garau ugari geratzen da, baita kakalardoaren gorputzera itsatsita ere.
Polinizazioa gauzatzeko ezinbestekoa da polinizatzailea espezie bereko landareen lore batetik bestera joatea. Horretarako hainbeste trikimailu. Polinizatzailea gustura egon bada lore jakin batean, hurrena antzeko ezaugarriak dituen lore bat bilatuko du. Hala, landareak ugalketa ziurtatzen du.
Kakalardoari ahaztuko ez zaion ongietorria egiten dio filodendron-loreak: polen goxoa eta gaua pasatzeko babesleku beroa. Hurrengoan ere halako lorea aukeratuko du kakalardoak gaua pasatzeko, zalantzarik gabe.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia