"Lo egotea ez da deskantsatzea eta are gutxiago denbora galtzea"
2001/07/06 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Loa adinarekin eta ohiturekin aldatzen da
Lotan pasatzen diren orduak eta loa bera ere adinarekin aldatu egiten da. Jaioberri batek, adibidez, 18 ordu pasatzen ditu lotan eta, gainera, lo/esna ziklo txiki asko izaten ditu. Denborarekin zikloak gutxitu egiten dira, baita lotan ematen diren orduak ere. Nerabeek 9 bat ordu egiten dute lo eta helduek 7,5. Urteak aurrera egin ahala, zahartzaroan loak eraginkortasuna galtzen du eta nahikoa izaten da 6,5 ordu lo egitea.
Hala ere, ez da pentsatu behar nahi eta nahi ez egunero 8 ordu lo egin behar denik. Hori ohikoena izaten da, baina batzuek nahikoa dute 6 ordu lo egitearekin eta beste batzuk, berriz, 9 ordutik gora behar izaten dute. Azken finean, nahikoa lo egin den ala ez hurrengo egunak erakusten du hobekien.
Bestalde, pertsona baten loa ona den ala ez jakiteko, beharrezkoa da pertsona horren ohiturak ezagutzea. Historia klinikoa, loarekin zerikusia duten ohiturak (zenbat ordu lo egiten duen, noiz oheratzen den, erritmo-aldaketarik dagoen...), botikarik hartzen duen, alergiarik edo arnas erritmoa aldarazten dion beste faktorerik ote dagoen, infekziorik edo minik duen...
Loaren faseak
Loa bost fasetan banatzen da. Lehen fasea, loak hartu baino lehen gorputzak egokitzeko behar duen denbora da. Normalean fase hori 10 bat minutukoa izaten da, hau da, loak irauten duen % 5 baino ez. Fase horretan gorputza lasaitu egiten da, arnasa uniforme bihurtzen da eta garun--jarduera gutxitu egiten da.
Bigarren fasea, trantsizio-fasea izaten da. Fase horrek denbora asko hartzen du, loaren % 50 gutxi gorabehera.
3-4 faseak antzekoak dira, eta lo sakonaren faseak dira. Bi fase horietako bakoitzak 60-70 minutuko iraupena du. Fase horietan ukimen--estimulu edo estimulu akustiko indartsuak behar dira esnatzeko.
Azken fasea, REM (Rapid Eye Movement) deritzona da. REM faseetan beti egiten da amets, baina REM fasean gaudenean esnatuz bakarrik gogoratzen dugu ametsetan ari ginela.
1, 2, 3-4 eta REM faseen jarraipenak zikloak dira eta 90-100 minutu irauten dute. Ziklo horiek lotan ematen diren orduetan 4-5 bider errepikatzen dira, 8 ordu jarraian lo egin dugun sentsazioa izan arren beti esnatzen baikara 6-8 aldiz. Esnatze horiek oso laburrak izaten dira –30 segundo baino gutxiagokoak–, eta horretaz ez jabetzea gerta daiteke. Dena dela, zikloak ez dira beti osorik gertatzen. Gauaren lehen erdian lo sakonagoa izaten dugu eta bigarren erdian, berriz, ohizkoagoak dira REM eta 2. faseak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia