}

Lo egizu ahal baduzu

1999/07/25 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Begizuloak, neke-aurpegia, eta lana behar bezala egiteko zailtasunak askotan lo txarraren ondorio izaten dira. Jende askok eta askok ez du behar beste eta ez behar bezala lo egiten. Asko eta asko dira loak hartu ezinik ibiltzen direnak eta gauean zehar sarritan esnatzen direnak. Horrelako egoerak gehienetan eguneroko bizitzako erritmoaren ardurei leporatzen zaizkie, baina baliteke arazoa hori baino sinpleagoa izatea, insomnioaren aurkako borroka ohean baino mahaian hasten baita.

Loak hartu ezinik ibiltzen bazara, ohean bueltaka, elikatzeko ohiturak aldatzeak lagun zaitzake. Baliteke jan-neurri egokiak falta zaizkizun lo-orduak berreskuratzen laguntzea. Kafetxoek edo kola duten freskagarriek lotarako duzun beharra eta gaitasuna murritz dezakete. Kopuru txikietan hartuta ere, kafeinak loan eragin lezake. Beraz, zure dietatik ken ezazu. Proba egitea ez zaizu ezer kostako. Pare bat aste pasa itzazu kafeina hartu gabe, eta denbora horretan hobeto eta gehiago lo egiten duzula igartzen baduzu, beste barik bazter ezazu zure dietatik.

Alkoholari eta lo egiteko gaitasunari buruz ere, asko hitz egiten da -lo-belarra deitzen zaio- baina esaten denak ez du zentzurik. Alkohol apur bat hartuz gero, baliteke hasieran logura apur bat sentitzea, baina gehiago hartuz gero, gutxiago lo egingo duzu eta nekatuago esnatuko zara. Izan ere, alkoholak loaren faseekiko batean -REM izenekoan- eragiten du, amets gehien izaten den fasean alegia. Fase horretan eragitean, gauez gehiagotan esnatzen gara eta ez dugu bare lo egiten. Lotara joan baino pare bat ordu lehenago hobe litzateke alkoholik ez hartzea eta, jakina, ez da loak hartzeko pilulekin nahastu behar.

Ondo lo egiteko aholku batzuk

"Kafeak ez dit lorik kentzen" eta "alkoholak lo egiten laguntzen dit" bezalako mitoak ezabatuta, hobeto lo egiteko aholkuak jarraian:

  • Betekada handiek ez dute ondo lo egiten uzten. Sabela betez gero, hasieran gorputzak lotarako joera izaten du, baina digestioa egiteko ahalegin handiagoa egin behar denez horrek logurarekin topo egiten du. Onena eguneko janaldi handiena arratsalde erdian egitea da, gero arin-arin afaltzeko (500 bat kaloria). Arratsalde erdiko jatorduan har ezazu oilaskoa, arraina, edo okela apur bat, horrela gero ez duzu goserik izango.
  • Gozagarri askodun janariek eta janari minek ere arazoak sortzen dituzte -adibidez baratxuri edo piper asko erabiliz gero-, eta bihotzerrea eragin dezakete. Beraz, afalorduan, ahal bada, ez lirateke horrelako gairik hartu behar.
  • Gasa sortzen duten janariek edo presaka jateak ere atsedena eragotz dezaketen urdaileko arazoak eragin ditzakete. Beraz, horrelakoak gauez ez lirateke hartu behar, eta beti ere patxadaz jan beharko litzateke, janariak behar bezala eta behar beste mastekatuz.
  • Karbohidrato asko duten janariek -galletak, frutak, edo mermeladaz betetako ogi xigortuek- burmuinean serotonina askatzen laguntzen dute eta horrek ondo lo egiten laguntzen du. Merkatuan bada produktu berri bat, 5-hidroxi-L-Triptofan edo 5HTP izenekoa, itxuraz serotonina askatzen laguntzen duena, eta ondorioz lo egiten laguntzen duena. Hala ere, dosirik egokiena zein den oraindik jakina ez denez, hobe da serotonina-maila jaistarazteko ohiko elikagaietara jotzea; hau da, karbohidrato asko dituzten janariak hartzea.
  • Ohiko esne-katilukada edo -basokada epelak -proteinatan aberats- teorian ez du zerikusirik serotonina-maila jaistearekin, baina ongizate-sentsazioa ematen du eta gorputzari erlaxatzen laguntzen dio. Horrela hobeto lo egin ahal izaten da.

Estresa nola saihestu

Aurreko lerro guztien hizpidea elikadura izan bada ere, insomnioaren arrazoi nagusia estresa da. Gehienetan, tentsioa eta antsietatea askatu eta gero, lo egiteko arazoak ere askatu eta bukatu egiten dira. Sarri askotan -gero eta gehiago- estresari aurre egiteko sendagileen laguntza ezinbestekoa bada ere, eguneroko tentsioarekin amaitzeko modurik onenetarikoa kirola egitea da.

Kaliforniako Palo Altoko Stanford Unibertsitatean egin berri duten ikerketaren arabera, kirola egiteak hobeto lo egiten laguntzen du. Ikerketan hainbat pertsona heldu talde batean bildu zituzten, guztiak osasuntsuak baina lotarako arazoak zeuzkatenak. Batzuk astean bitan kirola egiten jarri zituzten -saio bakoitzean 40 minutu inguru- eta besteei ez zitzaien ezer berezirik agindu. Kirola egiten hasi zirenak azkarrago lokartzen ziren eta besteek baino -batez beste- 45 minutu gehiago egiten zuten lo.

Horrek badu bere arrazoia. Izan ere, kirolak eguneroko estresa kontrolatzen laguntzeaz gain, gorputzean nekea eragiten du eta gaueko loaldirako prest utzi. Dena den, ezin da kirola nolanahi eta neurririk gabe egin. Ohera joan baino sei ordu lehenago ez da komeni kirola gogor egiterik; hori baino, hobe da lotara joan baino lau ordu lehenago kirol apur bat egitea, baina gehiegi nekatu gabe. Datorren astera arte, ondo lo egin!

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia