}

Livingstone doktorea, ezta?

2003/03/01 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Afrikatik itzuli eta Glasgowko Unibertsitatean hitzaldi bat eman zuen David Livingstonek. Bertan izan zen entzule batek honela esan zuen: “Livingstone ikasleengana hurbildu zenean, guztiok isildu egin ginen. Errespetu handiz entzun genuen esan zuena eta ondo ulertu ere Jesusek bere promesa bete zuela”.
Hamaika baso eta mendi zeharkatu zituen Livingstonek Tete ibaira iritsi aurretik.

David Livingstone esploratzailea Eskozian jaio zen 1813ko martxoan. Familia oso fededuna zen eta horren adibide da 9 urte zituela bere gurasoek Testamentu Berri bat oparitu ziotela Bibliako kapitulu luzeena buruz ikasi zuelako. Hamar urterekin ehun-fabrika batean hasi zen lanean, etxeko zazpiek zer jan izan zezaten. Lantegian egunero hamalau ordu pasatzen bazituen ere, gauak ikasten igarotzen zituen eta 19 urterekin Glasgowko Medikuntza eta Kirurgia Fakultatean lizentziatu zen.

Afrikarako bidean

Txikitatik aditu zuen Davidek Txinan zebilen Gutzlaff misiolari ausartaren izena. Hamasei urte zituela, Kristoren maitasuna eta grazia oraindik ezagutzen ez zituzten herrietara kristautasuna azaltzera joateko grina sortu zitzaion. Gerra zela eta Txinara joan ezin zitekeenez, Afrikara joan-etorrian zebilen Robert Moffat misiolariaren bideari jarraitzea erabaki zuen. Beraz, 27 urterekin Afrikara joan zen bertako biztanleei ebanjelioa ezagutaraztera.

Glasgowtik Afrikako Curumá herrira iristeko hiru hilabete behar izan zituen. Han, Robert Moffatek bere etxean hartu zuen. Bere nahia misiolaririk inoiz egon ez zen lurraldeetara joatea zen eta horixe bera egin zuen: Mabotsa haraneko Bacatla lurraldera hurbildu zen. Hilabeteetan, herrixka eta paisaia ezberdinak ezagutu zituen.

Misiolari-lanak egiteaz gain, izan zuen beste lan batzuetan aritzeko astirik. Izan ere, Robert Moffaten Maria alabarekin ezkondu eta Bacatlanen sortu berri zuen eskolan irakasle gisa hasi ziren biak. Maisu-lanek, ordea, ez zioten bidaitzen segitzeko eta gune berriak ezagutzeko nahia kendu. Une oro mapak marrazten saiatzen zen, herrixka, erreka eta mendikatez osatutako mapak.

Ingeles misiolariaren aurkikuntzak

Livingstone esploratzailearen sortetxea.

Hainbat osasun-arazo izan arren, 17 urte geroago, hamaika gune berri aurkitzeko aukera izan zuen. 1849an Susi, Chuman eta Jacó taldekideekin Ngami lakura heldu zen. Hiru urte geroago, ekialdeko Afrikako ibai handiena aurkitu zuen, Zambeze ibaia, hain zuzen ere.

Urte haietan zentro berri bat sortzeko beharra sentitu zuen ebanjelizazio-lanetan jarraitzeko. Izan ere, boer herbeheretarrak lurralde haiek inbaditzen hasi ziren, indigenen lurrak eta ganadua lapurtzen zituzten eta hainbat biztanle esklabu gisa baliatu. Livingstonek ez zuen batere gustuko boerren portaera hura eta ordura arte egin zuen lana zapuzten ari zirela iruditzen zitzaion.

Hala eta guztiz, irakasle-lanak utzi eta kontinente hura alde batetik bestera zeharkatzea lortu zuen (Zambeze ibai-ahotik San Pablo de Luandaraino). Bera izan zen bidaia hura egin zuen lehen gizon zuria. Bidaia luze haren ondoren, Eskoziara itzuli zen aurretik joanak ziren andrearekin eta seme-alabekin biltzeko.

Azken bidaia...

1858an, 48 urte zituela, bere emaztearekin eta seme gazteenarekin berriz ere Afrikara itzultzea erabaki zuen. Britainia Handiko Royal Geographical Society elkarteak Zambeze, Tete eta Shire errekak eta Nyasa lakua hobeto esploratzeko eskatu zion. Bidaia hartan emaztea gaixotu eta hil egin zen.

Henry Stanley kazetaria Afrikara joan zen Livingstone ospetsua ezagutzera.

Temati, Davidek lan eta zaletasun gisa zuen betebehar edo desio hura amaieraraino eraman zuen eta beste hainbat laku berri aurkitu zituen. Livingstone jauna hezurretan eta oso gaixo iritsi zen Ujiji herrira. Han atseden hartzen ari zela, Henry Stanley New York Herald egunkariko kazetaria azaldu zitzaion eta horren ezaguna den esaldia esan zion: “Livingstone doktorea, ezta?” Kazetari hark berarekin igaro zuen negua.

Esploratzailearen osasun-egoera ikusirik, Stanleyk hamaika aldiz esan zion Ingalaterrara itzultzeko berarekin, baina alferrik! Luapula ibaia Nilo edo Congo ibaien jatorria zen baieztatzera abiatu zen bere betiko taldekideekin.

Hezurretako minak oinez ibiltzea eragotzi zion eta bere taldekide indigenek bizkarrean eraman behar izan zuten. Handik egun gutxira, 1873ko maiatzean hil zen Livingstone jauna. Gorputza Zanzibarretik Westminsterreko abadiara eraman eta bertan hilobiratu zuten.

Livingstonen bidaiek izan dute oihartzunik

Esploratzailea, nagusiki, geografoa, botanikoa, lagin-biltzailea... izan ohi da. Antropologoa ere bada, besteak beste, herriak, tribuak eta ohiturak sailkatzen, konparatzen eta interpretatzen saiatzen baita. Baina zerk bultzatzen du lagintza horretara? Esploratzaile gehienen motibazioak bi izan dira: zientzia eta erlijioa. Afrikan eta beste herri askotan saiatu ziren mendebaldeko erlijioa eta kultura inposatzen.

Zambeze, Afrikako ibai handiena, zeharkatu zuen esploratzaile eskoziarrak.

Geroztik, misiolari edo esploratzaile horien abenturak eta bidaiak beste arlo askotan erabili izan dira. Ikusi besterik ez dago komikietan zenbat aldiz atera den misiolari edo esploratzaileen gaia. Batzuek beren lana erabat goresten dute (Tintinen egileak, adibidez) eta beste batzuek salatu.

Publizitatearen munduan gauza bera gertatzen da. Land Rover auto-enpresak, adibidez, “Gaur, hau litzateke Livingstone doktorearen autoa, ezta?” galdera erabiltzen du bere auto zuri (gizon zuriarekin zerikusia duena, noski) eder bat Afrikako indigena beltzen artean aurkezteko. Iragarkiko xehetasun grafiko eta idatzi denak kontuan hartzekoak dira Livingstonen lana onuragarria izan zen edo ez interpretatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia