Litio-nukleoak konprimatuta
2001/03/08 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Litioa oso elementu arina da. Naturan ugariena litio-7 isotopoa da, hiru protoiz eta lau neutroiz osatutako nukleoa duena. Elektroiak ez ezik, protoiak eta neutroiak ere Pauliren esklusio-printzipioaren arabera banatzen dira energia-mailetan. Energia-maila bakoitzean ez dira inoiz espin bereko bi partikula sartzen. Partikula horien espin-momentuaren balioa +1/2 edo -1/2 soilik izan daiteke eta, beraz, maila birekin betez gero, hirugarren partikula batek hurrengo energia-mailan sartu behar izaten du. Horrela energia-maila txikia dutenak dira lehen betetzen direnak. Gainera, fisikoki, energia txikiko mailak nukleoaren muinean kokatzen dira.
Litio-7 isotopoaren lauu neutroiekin hala gertatzen da eta bi energia-mailatan banatuta daude. Tohoku-ko unibertsitateko laborategian kanpoaldeko neutroiaren izaera aldatzea erabaki dute. Neutroiak quarkez osatuta daude. Zientzialariek quark horietako bat beste quark-mota batez ordezkatu dute. Ondorioz, neutroia lambda partikula bilakatu dute. Litio-7 isotopoa zena "litio-6+L" bihurtu dute. Baina lambda partikula ez da neutroiekin batera Pauliren printzipioan sartzen. Izan ere, partikula berria ez da kanpo-geruzan kokatzen eta, horregatik, nukleoa "konprimitu egiten da".
Partikulen fisika tratatzeko eta nukleoen barruko elkarrekintzak aztertzeko modu berria da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia