Litekeena da Wild 2 kometa Eguzkitik gertu jaioa izatea
2006/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela bi urte, NASAko Stardust misioak kaltzio-aluminioaren inklusioak jaso zituen Wild 2 kometatik. Mineral horietako askok izar batetik gertu sortuak behar dute izan, 1.000 °C-ko tenperaturan. Orain arte kometak izar-sistemaren kanpoaldean sortuak zirela uste zen, baina uste hori baztertu egin beharko da agian.
Aurkitutakoa azaltzeko bi aukera proposatu dituzte ikertzaileek. Lehenengoaren arabera, Wild 2 Eguzkitik gertu jaio zen, baina ondoren eguzki-sistematik kanpoalderantz joan zen oraingo orbita hartu arte. Horrek esan nahiko luke eguzki-sistema sortu zenean gas-hodeia uste den baino nahasiagoa zela. Bigarrenaren arabera, aldiz, partikula horiek beste izarren batean sortuak dira, eta, espazioan zehar bidaiatzen ibili ondoren, Wild 2 kometaren aurka talka egin eta itsatsita geratu izango ziren. Dena dela, lau hilabete barru jakingo da aukera bietatik zein den litekeena, ordurako partikuletako isotopoen azterketa egina izango baitute. Izan ere, maiz izar bakoitzak bere sinadura uzten du sortzen dituen partikuletan, isotopo jakin batzuk sortzen dituelako.