Lindanoa, kaosaren eta irtenbidearen artean
1998/05/01 Aurrekoetxea, Jose Luis | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Larrañaga, Jon Iturria: Elhuyar aldizkaria
Arazoak irtenbidea behar du
Industri hondakinek poluitutako lurrak gordetzeko segurtasun-biltegien inguruan piztu den eztabaidak (lindano edo HCH hondakinak edota prozesu ez-organiko eta metalurgikoetan sortutako zepa eta hautsak) bi ikuspuntu paralelotik abiatu behar du. Lehenik, arazoa ezagutu eta arazoaz jabetu beharra dago, eta batez ere jabetzeak du garrantzia, irtenbideak aurkitzeko guztion ahaleginak batzera jo beharra dagoelako (auzokideak, talde politikoak, gizarte-taldeak, etab.). Eta bestetik, kostu onargarria duten aukeren artean egokiena hartu ahal izateko, beharrezkoa zaigu eskura dauzkagun teknika desberdin guztiak ondo ezagutzea.
Duela oso gutxi Australian hemen dugun eztabaidaren pareko bat egin da, baina alde txiki batekin: han duten arazoa tratatzerik ez dauden hondakinak dira eta hemen poluituriko lurzorua. Produktu horien artean dago HCB pestizida, lindano edo HCHren oso antzekoa.
Aldeak alde, eztabaida horretan Euskal Herriko egoera hobeto ulertzeko baliagarriak izan daitezkeen hainbat ideia eta ondorio atera ziren:
- Arazoa konpontzeko jendeak teknikoenganako konfidantza du.
- Herritarra ez da egiazki jabetzen ingurugiro-arazo askoren larritasunaz.
- Proposatuko den irtenbidea ez da une jakin baterakoa, luzera begira egokitzat hartu dena baizik.
Ingurugiro arazo bat konpontzeko metodologia bakarra existitzen da, epez epe aplikatu beharrekoa, prebentzioan hasi eta birziklaketara jotzen duena. Hau guztia egiterik ez dagoenean, produktua bera edo produktuak sortzen dituen arriskuak ezabatzera jo beharko da.
EAEn dugun arazoa konplexua da; HCHa edo lindanoaren hondakina ez ezik, altzairu-zepa eta -hautsak, produktu sulfurikoak ekoiztean sortzen direnak edota aluminio-zepak ere nahastuta daude. Eta oro har, ingurugiroarekiko batere kezkarik erakutsi ez duen garapen azkarreko ereduak utzitako ondorio guztiak. Orduko heredentzia da gaur egungoa.
Testuinguru honetan arestian aipatu dugun metodologia ezartzen saiatzen bagara, berehala ikusten dugu prebentzioak eta birziklaketak tokirik ez dutela, hondakin organiko eta ez-organiko asko (HCH, hidrokarburoak, metal astuna…) eta jatorrizko lurra nahastuta daudelako. Jakina, horrek bereizketa bi mailatan egitea eskatuko liguke: lurra eta hondakinak bereizi lehenik eta gero, hondakinak eurak.
Osaketa fisiko-kimiko desberdineko hondakinak eta lurzorua bereizteko prozesu termiko, mekaniko edota fisiko-kimikoak erabil ditzakegu, baina Nerbioi ibaiaren ezkerraldean ditugun hondakindegien berezitasunak kontuan hartuta, ondoko aspektuak ezin daitezke bazter utzi:
- Hondakin-portzentaia oso handia da eskualde horretan.
- Hondakin puruak berezitu eta birziklatzera edota bestelako helburuetarako baliatu nahi izanez gero, ez genuke gutxieneko kalitatea lortuko.
- Lurzorua eta hondakinak bereizteak izango lukeen kostua izugarria izango litzateke; aurre egiteko moduko aurrekonturik ez genukeen izango eta, gogoan izan oraindik hondakinak eurak bereiztu eta kudeatu beharko liratekeela.
Hondakinak ezabatzerik ez dugu, hortaz; arriskua eta ingurugiroan izan ditzaketen eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen jo beharko genuke. Oraingoz dugun irtenbide bakarra, beraz, segurtasun-biltegian metatzea da, beti ere ingurugiroari negatiboki eragingo ez dion teknologia kostu onargarrietan eskuratu bitartean. Segurtasun-biltegia egitura edo instalazio industriala baita eta produktu kimikoak biltzen dituen edozein egiturari ezartzen zaizkion arauak ere bete behar ditu. Aurkezten zaigun auziak, beraz, samurra izan behar du: eta herritarrak jakin behar du zein den benetako arazoa eta ezagutu behar du zein den gaur egun dugun irtenbidea.
Lindanoarekin lan egiten dut nik egunero-egunero eta eskarmentu horretatik neure buruari galdetu izan diot sarritan zein izango litzatekeen komunikabideetan islatzen den eztabaida IHOBEk EAEko 37 tokitako poluzio-arazo larri honi konponbidea jartzeko inolako pausurik eman izan ez balu. Ez dut sekula jakingo martxan jarri nahi ditugun irtenbideak kritikatzeko erakusten duten indar beraz jokatuko luketen konponbideak eskatzeko. Uste dut NIMBY (not in my back yard: ez azpiegiturarik nire etxe ondoan) sindrome amerikarraren bertsio autoktonoa asmatu eta egokitu dugula.
NIMBY amerikarra eztabaidagarria da eta EGEO euskalduna (Ez Gure Etxe Ondoan) esperpentikoa iruditzen zait. Geure etxe aurrean HCHz poluitutako milioi-erdi tona lur sakabanatuta ditugu eta batzuk askoz kezkatuago agertzen dira irtenbidearen xehetasunekin egungo arazoarekin baino. Gure EGEO honek, bada, azpiegitura zentralizatuak sortzen duen ukazio klasikoari geurean soilik geurea den arazoari irtenbiderik eman nahi ez izatea gehitzen dio.
Espero dut, nolanahi ere, eztabaida honek ingurugiro-kudeaketan denok helduago egiteko balio izango duela, bai arazoak ezagutzerakoan eta informazioa biltzerakoan eta, baita, dauden irtenbideak onartzeko orduan ere.
Zer da segurtasun-biltegia?
Segurtasun-biltegiak substantzia edo material arriskutsuak beren ezaugarriek eta arrisku potentzialak eskatzen duten moduan gordetzea ahalbidetzen duten egiturak dira. Hau da, substantzia horiek isolatzen dituzten eta ingurunera heltzea galarazten duten egiturak dira.
Segurtasun-biltegia eraikitzeko, lehenik kokaleku egokia aukeratu behar da. Aukeraketa eginda, lekua prestatu eta zoruko geruza isolatzailea jarri behar da. Geruza isolatzaile hori osagai natural, sintetiko eta mineralez osatutako egitura da, hondakinak ingurunera hel ez daitezen jartzen dena. Hori dela eta, guztiz iragazkaitza izan behar du. Ahalik eta segurtasun handiena eskaintzearren, geruza isolatzailea milimetro eta erdiko lodiera duen dentsitate handiko polietilenozko geruza batez, geruza mineral batez eta geruza natural batez osatzen da.
Gainera, geruza zulatu ez dadin, geotestilak jartzen dira tartean. Behe-geruza isolatzailea jarri eta gero, drainatze-sistema edo lisibiatuak kontrolatzeko sistema jartzen da. Biltegia eraikitzen ari den bitartean iragazitako ura eta biltegiratutako hondakinen ura kanporatzea du helburu drainatze-sistemak. Horretarako, harearen edo hartxintxarraren moduko material iragazkorrez osatutako hainbat geruzaren artean ura kanporatzea errazten duen tutu-sarea jartzen da, drainatutako likido guztiak bildu eta kontrolatzen dituen hustubide-sistema bati lotuta.
Behealdeko drainatze-geruza amaitutakoan, beste geotestil bat jartzen da eta horren gainean HCHz poluitutako lurrak metatzen dira. Poluitutako lurrak isurketa-gunetik atera eta biltegiaren kokalekura garraiatu eta gero, zorua berdindu eta 40 zentimetro inguruko geruzak osatu arte zapaltzen da.
Lur poluituak ateratzen, garraiatzen eta biltegiko lanak egiten dituzten langile guztiek segurtasun-neurriak hartu behar izaten dituzte: aurpegiaren babesa eta ikatz aktibozko iragazkiz hornitutako turbohazgailua, besteak beste.
Hondakinak beren lekuan jarri eta gero, goiko geruza isolatzailea jarri behar da, biltegira euri-ura sar ez dadin. Beheko geruza bezala, osagai natural, mineral eta sintetikoz osatzen da eta behekoa jartzeko hartu diren kontrol-neurri berberak hartzen dira: geotestila eta goiko drainatzea. Azkenik, biltegi guztia estali egiten da lurrez eta landareak ereiten dira ingurunea leheneratzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia