LINDANOA, Kaosaren eta irtenbidearen artean
1996/02/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Larrañaga, Jon Iturria: Elhuyar aldizkaria
5Oeko hamarkadaren bukaeran, produktu organokloratuak pestizida edo intsektizida gisa erabiltzen hasi ziren. Erabilienetakoa lindanoa izan zen. Hainbat urtez lindanoa nonahi eta nolanahi erabili eta gero, uste zena baino arriskutsuagoa izan daitekeela jakin da eta gaur egun beste hainbat substantziaz ordezkatzen hasi da. Lindanoa erabili egiten da oraindik, nahiz eta gure artean jadanik ekoiztu ez. Nolanahi ere, lindano-ekoizpenean sortutako hondakinek eragiten dituzten arazoak ez dira desagertu. Ikustagun zergatik.
Lindanoa 1,2,3,4,5,6-hexakloroziklohexano (HCH) izeneko molekula organokloratuaren isomeroetako bat da. Molekula horrek bost isomero ditu (teorian, 16 isomero izan ditzake, baina molekulako barne-tentsioak direla eta, bost isomero egonkor soilik sor daitezke) alfa ( ), beta ( ), gamma ( ), delta ( ) eta epsilon ( ) deritzenak.
Gamma isomeroari, %99 baino gehiagoko purutasuna duenean, lindano esaten zaio. Bost isomero horien nahasteari HCH tekniko esaten zaio.
Garai batean, ekoiztutako isomero guztiak (hau da HCH teknikoa) erabiltzen ziren intsektizida gisa. Gerora jakin zenez berriz, gamma isomeroak askoz propietate hobeak ditu eta ondorioz, horixe erabiltzen da gaur egun.
Lindanoaren erabilera
Lindanoaren erabilera 1950eko hamarkadan hasi zela esan daiteke. Berehala zabaldu zen bere eraginkortasunaren ospea eta masiboki baliatzera heldu zen. 1984an esaterako, 5.000 tona lindano ekoiztu zen munduan.
Espektro zabaleko intsektizida denez (berdin-berdin balio du intsektu fitofagoak edo lurzoruan bizi diren intsektuak akabatzeko zein animalien edo gizakion parasitoakhiltzeko), lindanoa asko erabili izan da nekazaritzan, basozaintzan, albaitaritzan eta giza osasunaren arloan. Batik bat, lurzoruak, haziak (zekaleak, koltzaren haziak, linaziak...) eta arbolen hostoak tratatzeko usatu izan da, baita zurezko gauzak intsektu xilofagoetatik babesteko, hazienda eta etxeko abereei parasitoak kentzeko edota etxeko hainbat intsekturen kontra ere.
Merkatuan, lindanoa duten era askotako produktuak aurki daitezke eta produktu horietan oso lindano-kontzentrazio desberdinak egon daitezke (%0,4tik hasi eta %90 bitartean). Horrez gain, zenbait kasutan lindanoa beste hainbat intsektizida, fungizida edo herbizidarekin nahasita ere erabiltzen da. Bere toxikotasuna dela eta, gaur egun, lindanoa erabiltzea debekatuta dago hainbat herrialdetan (japonen adibidez 1971n debekatu zen) eta beste hainbatetan (Estatu Batuetan esaterako) lege gogorrak ezarri dira lindanoaren erabilera eta ekoizpena arautzeko.
HCHaren eta lindanoaren toxikotasuna
Azken hamarkadetan, pestizida gisa erabilitako hainbat substantzia organokloratu baztertu egin dira apurka-apurka, pestizida onak izan arren, ingurune- eta osasun-arazo larriak sortzen dituztelako. Arazo horien kausa substantzia organokloratuetako ohizko bi propietate dira: beren toxikotasun handia eta izaki bizidunetan metatzeko gaitasuna.
HCH ere toxikoa da eta izaki bizidunetan metatzeko joera handia du. Hala ere, isomero guztiek ez dute toxikotasun-maila berbera, ezta bizidunen ehunetan metatzeko gaitasun bera ere. Gamma isomeroak (lindanoak) adibidez, toxikotasun akutu handia du, baina bizidunen ehunetan metatzeko joera txikia du eta ondorioz, toxikotasun kroniko txikia duela esan daiteke. Gainerako isomeroek toxikotasun akutu baxua dute, baina denbora gehiagoz metatu ohi dira ehunetan eta ondorioz, lindanoak baino toxikotasun kroniko handiagoa dute. Toxikotasun kronikorik handiena beta isomeroak du.
HCHa irentsiz, arnastuz edo azala ukituz gero zurgatzen da eta bere efektu toxikoak berori osatzen duten isomero-kopuruaren araberakoa eta batez ere, gamma isomerokopuruaren araberakoa da.
Dosi handitan hartuz gero, HCHak buruko mina, ahulezia, nekea, ezinegona, insomnioa, beherakoa, goragalea, oka egitea eta sukarra eragiten ditu, besteak beste. Esposizio handiagoek ataxia eta konbultsioak eragin ditzakete eta kasurik larrienetan, koma, birika edema, bihotz-kolapsoa eta heriotza ere eragin ditzakete. HCHaren lurrinak edo HCHak berak begiak, sudurra, eztarria eta azala narrita ditzakete.
Toxikotasun kronikoari (dosi txikiekiko esposizio jarraiak sortutako efektu toxikoei) dagokionez, HCHak gibel- eta are-arazoak (hepatitis kronikoa, pankreatitis kronikoa), giltzurrun-arazoak, arazo hormonalak eta ginekologikoak (hilerokoan edota obarioen funtzioan), odol-arazoak (anemia aplastikoa) eta nerbio-sistema zentraleko arazoak eragiten ditu. Fetoetan ere eragina izan dezakeela uste da.
Bestalde, HCHaren kartzinogenotasunari buruzko saio ugari egin izan da eta horietako askotan, HCHak hainbat animaliagan minbizia eragin dezakeela ikusi da. Hori dela eta, gizakiarengan ere minbizia sor dezakeela pentsa liteke, erabateko baieztapenik lortu ez bada ere. Osasunerako Mundu Erakundeak berretsi egin ditu datu horiek eta HCHa edo horren isomeroak produktu kartzinogenoak bailiran maneiatzea gomendatzen du.
HCHaren eta lindanoaren ingurune-arriskuak
HCHa konposatu apolarra denez, lipofilikoa da, hau da, gantzetan erraz disolba daitekeen konposatua da. Gainera, oso astiro biodegradatzen da eta lehenago ikusi dugunez, oso egonkorra da ingurune-baldintza normaletan. Ondorioz, HCHa oso erraz metatzen da bizidunetan eta oro har, ingurunean.
Izan ere, ingurunean dagoen HCHa bakterio anaerobioen bidez degradatzen da ia esklusiboki. Hori dela eta, baldintza anaerobioak nagusi diren lekuetan (lurzoru putzutuetan, adibidez) HCHa nahikoa azkar degradatzen da. Baldintza aerobioak nagusi diren lekuetan edo bakterio anaerobio gutxiko lekuetan ordea, HCHak urte asko egin ditzake ingurunean. HCHa kopuru handietan isuriz gero (zabortegietan gertatu ohi den modura), urte asko igaro behar da HCH hori guztiz desagertu arte.
Hori guztiagatik eta bere izaera toxikoagatik, HCHa ingurunera isurtzeak osasun- eta ingurune- arazo larriak sortzen ditu, ingurunean egonda HCHa bizidunetara heldu eta katea trofikoetan metatzen baita. Esate baterako, haziendak poluitutako lurretan larratuz gero, poluitutako belarra jan lezakete eta era horretan, HCHa hazienda horien haragi edo esnera hel daiteke. Esan gabe doa, haragi edo esne hori kontsumituz gero HCHa gizakiongana ere hel daitekeela.
Eta dagoeneko horrela gertatu da. Hainbat herrialde garatuetan egindako neurketek haragi, esne, arrautza eta giza kontsumorako beste hainbat produktutan lindanoa edo HCHaren beste hondakinen bat dagoela frogatu dute. Produktu horien kontzentrazioak jakina, ez dira oso altuak izaten eta ez dituzte osasun-erakundeek jarritako mugak gainditzen. Nolanahi ere, ingurunera heldu den HCHa giza populaziora hel daitekeenaren adibide dira. Esate baterako, 1972 eta 1977a bitartean, Okinawako emakumeek beren haurrei ematen zioten esnearen HCH-kontzentrazioa handiagotu egin zen. 1972an giza esneko HCH-kontzentrazioa 0,029 p.p.m.-koa zen eta 1977an kontzentrazio hori 0,075 p.p.m.-raino igo zen.
Hazkunde hori lparramerikatik eta Australiatik inportatutako haragi-kontsumoa haztearen eskutik etorri zen eta haragi horrek HCHa izatearen ondorio izan zela pentsa daiteke. Bestalde, Estatu Batuetan intsektizida gisa lindanoa (gamma HCHa) soilik erabiltzen ari zen bitartean, Argentinako hainbat lekutan beta isomeroaren kontzentrazio handia zuen HCHa erabili zen. Argentinako populazioak odolean zuen beta HCHaren kontzentrazioa EEBBetan neurtutakoa baino 16 aldiz handiagoa zela ikusi zen.
Aipatu ditugun bi kasu horietan eta literatura teknikoan aurki daitezkeen beste hainbat kasutan ere, osasun erakundeek ezarritako maila maximoak ez ziren gainditu.
Aitzitik, horrek ez du esan nahi kasu konkretuetan, abereak HCH-kontzentrazio handiko lekuetan hazi direnean adibidez, muga horiek gainditzeko benetako arriskurik ez dagoenik.
Zenbaitetan, lindanoa edo HCHa zuzenean irenstearen eskutik etor daitezke arazoak. Kasu horien berri aurkitu dugu literature espezializatuan, poluitutako lekuetan ibili izanagatik eta batik bat HCHa edo lindanoa gaizki erabili izanagatik sortutako osasun arazoen eta toxikapen larrien berri, alegia.
Adibide horiek HCHa kontu handiz maneiatu beharreko produktua dela eta nolanahi metatu edo erabiliz gero, nahikoa arazo larriak sor ditzakeela erakusten dute. Hala ere, hainbat urtetan ez dira aintzakotzat hartu HCHak ekar zitzakeen arriskuak eta munduko hainbat lekutan (Frantzian, Holandan, Alemanian... eta baita Euskal Herrian ere) inolako kontrolik gabe isuri izan da ingurunera.
Gaur egun, isurketa horiek sortutako arazoak konpontzeko beharraz ohartu gara eta baita arazoa konpontzearen zailtasunaz. Izan ere, lurrekin nahasitako HCH zihurtasun osoz suntsitzeko prozesu bideragarririk ez da aurkitu oraindaino. Hori dela eta, hainbat herrialdetan lur poluituak segurtasun-biltegietan metatzea eta HCH hori suntsitzeko prozesuren bat garatzera itxarotea erabaki da. Horixe da gaur egun, Bizkaiko zenbait eskualdetan indarra hartzen ari den joera.
Orain arte azaldu dugun guztia ez zaigu guri batere arrotza gertatu. Izan ere, lindano ekoizpenak sortutako arazoak gure artean aurki daitezke, inora joan gabe. Bizkaian nagusiki eta zehatzago esanda, lindano ekoiztu zuten bi enpresen inguruan. Gaur egun enpresa horiek itxita daude, baina lindanoak poluzio- eta osasun-arazo larria izaten segitzen du.
Gaur egungo egoeraren aurrekariak
Lindanoa ekoiztu zuten enpresetako bat Barakaldoko Bilbao Chemicals izenekoa dugu. 1947an hasi zen enpresaren produkzioa eta 1987a arte ihardun zuen horretan. 1947 eta 1953 bitartean, Bilbao Chemicals-ek ekoiztutako HCH guztia intsektizida gisa saldu zen. 1953. urtean berriz, gamma isomeroa bereizten eta lindanoa soilik merkaturatzen hasi ziren. Lehenago azaldu den bezala, produktu komertzialaren eta hondakinen arteko ratioa 1:9koa da eta ondorioz, gamma isomeroa bereizten hasi zenetik hondakin asko metatzen hasi zen Barakaldoko pabilioietan.
HCH hondakinak batere kontrolik gabe isurtzen hasi zen garai horretan eta horren lekuko da Barakaldon nonahi HCH hondakinak egotea. 1986an administrazioak HCH hondakinak ekoizpen-gunetik ateratzea galarazi zion enpresari eta ondorioz, hondakin horiek pabilioietan metatzen hasi ziren. Gehiagorako lekurik ez zutela eta, enpresa ixtea erabaki zuen Bilbao Chemicals-ek. Barakaldoko pabilioietan 4.500 tona HCH puru utzi zuten. Iharduerak iraun zuen bitartean, 66.000 tona hondakin isuri zirela uste da.
Asuako Nexana Industrias Quimicas izeneko enpresak ere antzeko garapena izan zuen. 1952an hasi zen enpresaren iharduera eta 1974 arte intsektizida gisa saldu izan zen HCH teknikoa ekoiztu zen bertan. Urte horretan berriz, gamma isomeroa bereizten hasi ziren Nexanan ere. Jarrera horren ondorioa Barakaldon gertaturiko bera izan zen: 1982an itxi zen enpresa eta ordurako 18.400 tona lindano ekoiztu ziren eta 7.000 tona kontrolik gabe isuri ziren enpresaren inguruetan.
Eta gaur zer?
Gaur egun ez da jadanik lindanorik ekoizten Euskal Herrian. Bilbao Chemicals eta Nexana itxita ordea, arazoa ez da konpontzen. Produkzio-guneen inguruan sakabanatutako hondakinekin eta Barakaldoko HCH puruarekin zer egin? horixe da egin beharreko galdera.
Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak iazko azaroan aurkeztu zuen Legebiltzarreko Ingurugiro Batzordearen aurrean lindano ekoizpenak sortutako arazoaren behin-betiko konponbidea sustatu asmoz duen ekimena.
IHOBE Ingurugiro lharduketarako Sozietate Publikoak landutako txostenean irakur daitekeenez, gaur egungo arazoak bi aurpegi desberdin ditu. Alde batetik, Bilbao Chemicals-eko pabilioi zaharretan aurkitu ziren 4.500 tona HCH puruarena eta bestetik, ekoizpen-guneen inguruetan lurrarekin eta beste zenbait hondakinekin nahasita dauden milaka tona hondakinena. Arazoaren alderdi bakoitzak irtenbide-mota bat eskatzen du eta horrela ageri da Ingurugiro Sailburuak aurkeztu zuen konponbiderako proposamenean.
Bi aurpegi, bi bide
Barakaldon metaturiko HCH puruari dagokionez, BCD izeneko teknika erabiltzea onetsi dute IHOBEko teknikoek. EEBBetako Ingurugiro Agentzian (EPA delakoan) diseinatu zen Based Catalyzed Decomposition izeneko prozesua eta 1992az geroztik, berau erabiltzeko patentea dauka Eusko jaurlaritzak. Prozesu horretaz ardura dadin, BCD Process izeneko enpresa sortu berri da. HCH puruaren tratamendua errazteko, hondakinak ahalik eta gutxien garraiatzea gomendatzen da eta beraz, metatu ziren lekuan bertan tratatzeko modua ahalbidetu da. Horretarako Bilbao Chemicals enpresarenak ziren pabilioiak egokitu dira, hondakin toxikoak metatzeko segurtasun baldintzak bete ditzaten.
Hitz lauz esatearren, BCD prozesuak konposatu organokloratuak 200 °C azpitiko tenperaturan eta dioxinarik edo beste edozein substantzia kaltegarririk sortu gabe dekloratzea ahalbidetuko du. Prozesuaren oinarria den erreakzioa HCHa base batekin (hidroxido sodikoa edo besteren bat) ingurune likidoan, kasu honetan triklorobentzenoa jartzean datza.
Erreakzioa katalizatzaile bat gehituz osatzen da. Prozesuaren errendimendua oso handia da eta bestalde, erreakzioa amaitzeko behar den denborak prozesuaren kostua onargarria izatea ahalbidetu du. Horrez gain, erreakzioaren tenperatura 150 °C-koa denez eta inguruneko baldintzak oso erreduktoreak direnez, dioxinak eta bestelako substantzia kaltegarriak sortzea saihesten da. Lortutako triklorobentzenoa saldu egin liteke, merkatuan eskaria duen produktua baita.
HCH puruaren arazoari gaur egun eskaintzen zaion irtenbide horrek beraz, segurtasun baldintza guztiak betetzen ditu eta kostu onargarria du. Guztiz bestelakoa da ordea, HCH hondakinez poluitutako lurren arazoa. IHOBE enpresak egindako inbentarioaren arabera, EAEko 36 zabortegitan detektatu da HCHa lurrekin eta beste zenbait hondakinekin nahasirik. Gehienak Bizkaian daude, hots, lindanoa ekoiztu zuten enpresen inguruan.
Gaur-gaurkoz, lurrekin nahasitako HCH hondakinak desagertarazteko teknikarik ez dagoela esan ohi da. Hori guztiz egia ez bada ere, ezin esan gezurra denik. Izan ere, teknologiak desberdinak egon badaude, baina horien bideragarritasuna ezinezkoa da gaur egun ditugun bitarteko teknikoen eta ekonomikoen aldetik. Craking-a, inertizazioa eta errausketa dira poluitutako lurrentzat balia daitezkeen irtenbideak; horietarik errausketak soilik betetzen ditu nazioarteko erakundeek ezarritako segurtasun-baldintzak, baina lur-kopuru handiak tratatu beharko liratekeenez, ezin ordain daitekeen kostua duela ikusi da.
Aipatuez gain, beste bi irtenbide ere baleudeke, Zamudioko Gaiker ikerketa-zentruan eta IHOBEn bertan aztertzen ari direnak, baina horiek erabiltzen hasteko urte batzuk igaro beharko direla uste da. Nolanahi ere, Euskal Herrian burutzen ari den ingurugiro-ikerketak puntako maila duela adierazten digu etorkizunerako itxaropen horrek.
Esandako guztiagatik, poluitutako lurrak aldi baterako segurtasun-biltegietan metatzea arazoaren irtenbiderik zentzuzkoena dela esan daiteke. Teknologia egokiaren bila dabiltzan bitartean, lur horiek inguruan egoteak sortzen dituen ingurune- eta osasun arazoak ekiditeko balio izango luke neurri horrek.
Lurraldearen Antolamendua, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak aurkeztutako egitasmoak dioenez, HCH hondakinez poluitutako lurrak segurtasun-biltegietan metatuko dira arazoari behin-betiko irtenbidea eskaintzeko moduko teknologia garatzen den bitartean. Zenbait lekutan jadanik, segurtasun-biltegiak eraiki dira eta Ezkerraldean horixe egitea proposatu du Ingurugiro Sailordetzak.
Segurtasun-Biltegiaren kokaleku egokia zein izan zitekeen jakiteko, Ingurugiro Inpaktuaren Aurre Ebaluazioa egin zen. Azterketa ahalik eta baldintza objektiboenez egiteko, era horretako egitura batek sortuko lukeen inpaktu ekologikoa ez du administrazioak ikertzen. Horretarako erakunde independente batek egiten ditu lanok eta erabiliko dituen irizpideak nazioarte-mailan onartutakoak dira. Horrelaxe egin da kasu honetan ere eta behin-behineko datuen arabera, gaur egun Argalario zabortegiak betetzen duen eskualdea jo dute segurtasun-biltegiaren kokaleku egokitzat.
Informazio hau lantzen ari garen unean, Barakaldoko Udaletxeak erreferendum bat egiteko nahia azaldu du biztanleen iritzia jakiteko asmoz. Izan ere, Argalario zabortegiaren inguruko biztanleak segurtasun-biltegia bertan eraikitzearen kontra azaldu dira. Ingurunea jadanik nahikoa degradaturik dagoela eta Udaletxearekin ez direla fido diote. Ingurugiro Sailordetzatik arazoa jadanik bertan dutela eta segurtasun-biltegia horren irtenbidea dela esan zaie, baina gaur-gaurkoz ez da adostasunik lortu. Une honetan dugun informazioaren arabera, Estatuko Hauteskunde Orokorrekin batera egingo da Barakaldon Segurtasun-Biltegiari buruzko galdera.
Zer da segurtasun-biltegia?
Jakina denez, ez da hori izango Barakaldoko herritarrek erantzun beharko duten galdera. Kontu hori guri bururatu zaigu, aldeko eta aurkako iritziak nonahi irakurri ditugu eta. Hasteko, proiektuaren bideragarritasunaz sortu den polemikan ez garela sartuko argi utzi nahiko genuke. Segurtasun-biltegi baten oinarrizko egituraz eta gerorako erabilpenaz bi hitz egitea da gure asmoa. Hortik aurrera, irakurlearen esku uzten dugu ondoriorik ateratzea.
Segurtasun-biltegia urratsez urrats
Segurtasun-biltegiak substantzia edo material arriskutsuak beren ezaugarriek eta arrisku potentzialak eskatzen duten moduan gordetzea ahalbidetzen duten egiturak dira. Hau da, substantzia horiek isolatzen dituzten eta ingurunera hel daitezen saihesten duten egiturak dira.
Segurtasun-biltegia eraikitzeko, lehenik, kokaleku egokia aukeratu eta lekua prestatu behar da eta gero beheko geruza isolatzaile edo zoruko geruza isolatzaile deritzona jarri behar da. Geruza isolatzaile hori osagai natural, sintetiko eta mineralez osatutako egitura da eta bere eginkizuna biltegian gordetako hondakinak lurzoruan behera iragazi eta ingurunera hel daitezen saihestea da.
Hori dela eta, guztiz iragazkaitza izan behar du. Ahal den segurtasunik handiena eskaintzearren,geruza isolatzaile hori milimetro eta erdiko lodiera duen dentsitate handiko polietilenozko geruza batez, geruza mineral batez eta geruza natural batez osatuta egoten da. Gainera, geruzarik zulatu ez dadin geotestilak jartzen dira horien artean. Behe-geruza isolatzailea osatu ondoren, drenaje-sistema edo lisibiatuak kontrolatzeko sistema jartzen da.
Sistema horren helburu nagusia biltegia eraikitzen ari den bitartean iragazitako ura eta biltegiratutako hondakinen ura kanporatzea da. Horretarako, harearen edo hartxintxarraren moduko material iragazkorrez osatutako hainbat geruzaren artean ura kanporatzea errazten duen tutu-sare bat jartzen da. Tutu-sare hori drenatutako likido guztiak bildu eta kontrolatzea ahalbidetzen duen hustubide-sistema bati lotuta dago.
Behealdeko drenaje-geruza amaitutakoan, beste geotestil bat jartzen da eta horren gainean HCHz poluitutako lurrak metatzen dira. Poluitutako lurrak isurketa-gunetik atera eta zeldaren kokalekura garraiatu eta gero, lur hori biltegiaren zoru guztian zehar berdindu eta 40 zentimetro inguruko geruzak osatu arte zapaltzen da.
Lur poluituak ateratzen, hauek garraiatzen eta lurrak bertan daudela segur-tasun biltegiko lanak egiten dituzten langile guztiek hainbat segurtasun-neurri hartu behar izaten dituzte. Ezinbestean hartu beharreko neurri horietako bat aurpegi-babesa eta ikatz aktibozko iragazkiz hornitutako turbohaizagailua dituen kaskoa erabiltzea da.
Hondakinak beren lekuan jarri eta gero, estalkia edo goiko geruza isolatzailea jartzeari ekiten zaio. Estalki horren eginkizuna biltegira euri-ura sar dadin saihestea da. Horretarako, beheko geruza isolatzailea bezala, osagai natural, mineral eta sintetikoz osatuta dago. Estalkiko lehen geruza zoruan jarritakoaren moduko polietilenozko geruza izaten da. Geruza hori osatzeko beheko geruza osatzeko hartu diren kontrol-neurri berberak hartzen dira.
Polietilenozko geruzaren gainean, geotestil bat jartzen da lehenik eta gero, goiko drenaje edo estalkiaren drenaje deritzon drenaje-sistema jartzen da. Azkenik, biltegi guztia estali egiten da lurrez eta landareak ereiten dira ingurunea leheneratzeko. Horrek segurtasun biltegia eraiki aurretik degradaturik zegoen ingurunea bere onera itzultzeko bidea eskaintzen du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia