}

Lindanoa Barakaldon: amesgaiztoaren amaiera?

2002/11/25 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Itxi da lindanoz poluitutako lurrentzat Barakaldoko Argalario mendian eraikitako segurtasun-biltegia. 412.000 m 3 lur gorde dira bertan, eta bai IHOBE bai Jaurlaritza oso kontent agertu dira arazoari emandako irtenbidearekin.

Itxiera-ekitaldian IHOBEko zuzendari Jose Luis Aurrekoetxeak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Sabin Intxaurrak lindanoaren arazoari aurre egiteko hartutako neurriak laburbildu zituzten. Neurri horien egokitasuna goraipatu zuten eta Argalarioko biltegia ixtearekin batera amesgaiztoaren amaiera iritsi dela esan. Une honetan 7 kokaleku txiki baino ez omen dira gelditzen tratatzeke.

Lindanoa Euskal Herrian

Lindanoa ingurumenarentzat eta gizakiarentzat oso pestizida kaltegarria da, baina, ohi bezala, berandu jakin zen hori. Espektro zabaleko intsektizida izaki, 1950eko hamarkadan barra-barra erabiltzen hasi ziren eta 80ko hamarkada arte ez ziren haren kontrako neurriak hartzen hasi. Euskal Herrian, Bizkaian ekoitzi zen asko. Urteetan hondakinak kontrolik gabe isuri zituzten eta, konturatzerako, lur-eremu asko poluitu egin ziren.

Jaurlaritzak 1995ean aurkeztu zuen lindanoari aurre egiteko plana eta arazoari irtenbidea emateko konpromisoa IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak hartu zuen. Landutako txostenean arazoak bi aurpegi zituela esaten zen: alde batetik lindano purua eta, bestetik, lindanoz poluitutako lurrak. Lindano purua ahalik eta gutxien garraiatzea gomendatzen zen eta, beraz, metatu ziren lekuan bertan tratatzeko modua ahalbidetu zen. Instalazioa 1999ko ekainean jarri zen martxan eta joan den urtearen amaieran amaitu ziren garbiketa lanak.

Lurrarekin eta beste industri hondakinekin nahasita dagoen HCHari dagokionez, oraindik ez dago deuseztatzeko prozesu tekniko eta aldi berean ekonomikoki bideragarririk. Hori dela eta, lur poluituak aldi baterako segurtasun-biltegietan gordetzea hautatu zen, arazoa behin betiko konpontzeko irtenbide teknikoa aurkitu arte. Biltegi horiek Loiun eta Barakaldon eraiki dira. Loiukoan 113.000 m 3 lur gorde dira eta Barakaldon amaitu berri denean, berriz, 412.000 m 3 .

Urte batzuetan behintzat lurrek biltegietan segitu beharko dute, ikertzaileek horiek garbitzeko metodoak garatzen dituzten bitartean. Lurrak garbitzeko ikerketa-lerro bat Espainiako Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiko ikertzaile Juan Luis Ramos-ek aipatu zuen zientzia eta teknologiaren astean. GAIKERekin batera, lindanoa degradatzeko gai den bakterioekin ari dira lanean .

Bizilagunen eta ekologisten kritikak

Argalario inguruko biztanleek kexa bat baino gehiago plazaratu izan dute biltegia erreka eta dendaguneetatik hurbilegi dagoelako. Ildo beretik, segurtasun-biltegiaren itxiera-ekitaldian, ekologistak martxan taldeko kideek gutun bat eman zioten Sabin Intxaurraga sailburuari. Gutunean, lindanoaren egoera hobetu delako pozik agertzen ziren arren, biltegia behin-behineko konponbidea baino ez dela gogorarazten zuten eta, batez ere, poluitutako lurren gaineko espekulazio urbanistikoa salatzen zuten. Ekologisten ustean, merkataritzagune handiak eraikitzeko interesei lotuta egin dira lanak, eta Zuloko-Ibarreta hezegunea behin betiko suntsituko zela kontuan hartu gabe.

Lindanoaren inguruko dosierra hemen .

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia