Likido zerebroespinal gazteak sagu zaharren memoria hobetzen du
2022/05/11 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sagu gazteen likido zerebroespinala sagu zaharren garunean txertatuta memoria hobetzen dela erakutsi dute. Neuronak isolatzen dituen mielinazko estalkiaren ekoizpena handituz gertatzen da hobekuntza hori. Nature aldizkarian argitaratu dute lana.
Ikertzaileek 10 asteko sagu gazteen likido zebroespinala 18 hilabeteko sagu zaharren garunetan txertatu zuten, zazpi egunez. Eta sagu zaharren memoria nabarmen hobetu zela ikusi zuten. Ondoren, RNA-sekuentziazio bidez, aztertu zuten gene-adierazpena nola aldatu zen sagu zahar horien hipokanpoan (adinarekin gertatzen den kognizio-galerarekin lotuta dago garuneko eremu hori); eta topatu zuten oligodendrozitoetan adierazi ohi diren geneak gehiago adierazi zirela gazteen likidoa jaso zuten saguetan.
Oligodendrozitoek mielina ekoizten dute, neuronen axoiak isolatzen dituen materiala. Eta mielinazko estalki hori oso garrantzitsua da neurona batetik bestera seinaleak ongi pasatzeko.
Bestalde, ikertzailek ikusi zuten oligodendrozitoen zelula aitzindariak bikoiztu baino gehiago egin zirela likido zerebroespinal gaztea sartu zitzaien saguen garunean; eta aldaketa zelular hori gertatu eta hiru astera etorri zela mielinaren ekoizpena handitzea.
Likido zebroespinalean seinale-molekula eta hazkuntza-faktore ugari daude, baina aldaketa hauen eragile nagusia izan litekeena ere identifikatu dute: FGF17 fibroblastoen hazkuntza-faktorea. Hain zuzen ere, frogatu ahal izan dute hazkuntza-faktore horrek oligodendrozitoen zelula aitzindariak ugaltzea eragiten duela, eta sagu zaharretan gutxitu egiten dela. Gainera, ikusi dute FGF17 sagu zaharren garunean txertatzean ere oligodendrozitoen zelula aitzindariak ugaldu eta memoria hobetu egiten direla.