Life Lutreola Spain egitasmoa, bisoi europarraren populazioak sendotzeko
2015/06/11 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
XIX. mendera arte Europa ia osoan hedatuta zegoen arren, gaur egun, bisoiaren eremua % 10era murriztu da, eta gune bakar batzuetan baino ez dago, hala nola, Euskal Herrian, Errioxan, Burgosen eta Aragoin, Danubioren deltan (Errumania eta Ukrainian), eta, beharbada, Frantziako eta Errusiako zenbait ingurutan. Eremu edo toki horietako gehienak Natura 2000 Babestutako Tokien sarearen barruan daude.
Azken ikerketen arabera, Espainiako estatuan, asko jota, 500 banako daude. Populazio gehiena Mediterraneo isurialdean dago, hain zuzen, Ebroko arroan; gainerakoak talde txikietan sakabanaturik daude Euskal Herriko Kantauri isurialdeko arroetan. Europako Habitat direktibak lehentasunezko espezietzat jotzen du bisoi europarra, eta, ezartzen du zorrotz babestu behar dela eta zaindutako eremuak behar dituela.
Ikuspegi horrekin abiatu da Life Lutreola Spain proiektua, Europar Batasuneko LIFE+ programaren eskutik, eta hiru helburu nagusi ditu. Batetik, bisoi amerikarraren taldeak desagerraraztea bisoi europarraren banaketa-eremuetan; izan ere, habitataren suntsipenaz eta gizakion eraginaz gain, espezie inbaditzaile hori da bisoi europarrak egun duen mehatxurik handiena.
Bestetik, bisoi europarraren populazioen bideragarritasuna handitu nahi dute proiektuaren arduradunek. Horretarako, “populazioa sendotzeko ekimenak” gauzatuko direla “besteak beste, birsartze-proiektuak”, adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiko ingurumen-teknikari Nestor Zabalak. Azkenik, bi espezieen egoera ebaluatzeko jarraipen-sare eraginkorra sortzea dute helburu.
2014-2018 epealdian garatuko da proiektua, eta honako erakundeak dira partaide: Tragsatec; Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundiak; Gazteizko Udala; Errioxa, Valentzia eta Aragoiko Gobernuak; Nafarroako Senda Viva parkea, eta Bisoi Europarraren Elkartea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia