}

LHC: iritsi da ordua

2008/09/07 Arakistain Aizpiri, Lorea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

LHC azeleragailuaren, partikulen fisikaren historiako ikerketarik handienaren, unea iritsi da. Asteazkenean, hilaren 10ean, CERN erakundearen 27 kilometroko hadroi-azeleragailua lanean hasiko da. Orduan, 5.000 milioi euroko kostua izan duen eta Genevan, Frantzia eta Suitza artean, lurperatutadagoen proiektuak bere lehen protoi-injekzioa jasoko du.
LCH azeleragailua 27 kilometro inguruko hodi borobila da. (Argazkia: CERN)

Ez pentsa, ordea, piztu edo itzali agindua emateaz dihardugunik. Ez da horren sinplea. Uztailaren amaierarako, azeleragailua osatzen duten 1.600 imanak ia zero absolutura hoztu eta sistema elektriko osoak ongi funtzionatzen duela egiaztatu zuten. Ondoren, azeleragailua eta protoi-sortak azeleragailuan 'injektatuko' dituen SPS sinkrotroia nanosegundo baten hamarreneko zehaztasunez sinkronizatu zituzten. Eta, hemendik aurrera, lanean hasiko dira.

LHC azeleragailuaz dihardugunean, bero eta hotz handiaz ere badihardugu. Protoi-sorten arteko talkak eguzkiaren bihotzean baino 100.000 aldiz beroagoak diren tenperaturak sortuko ditu. Era berean, ordea, LHC azeleragailua oso tenperatura hotzean mantentzen dute, -271,3 gradu zentigradoan. Horrez gain, azeleragailuari konektaturik dagoen munduko ordenagailurik ahaltsuenaz ere badihardugu. Izan ere, urtean 15 petabyte, 2.250.000 DVD betetzeko adina informazio, jasoko dutela kalkulatu dute.

Partikulak azeleratzen

Eta horrenbesteko teknologia, aurrekontua eta ikusmina, zertarako? Bada, funtsean, partikulak azeleratzeko. Batez ere, protoiak, atomoak baino txikiagoak diren partikulak, azeleratuko dituzte, kontrako noranzkoan talka eginarazteko. Partikulak azeleratzea ez da gauza berria: LCHaren lekuan lehen LEP azeleragailua zegoen; lan bera zuen, baina gaitasun mugatuagoa. LHCak askoz energia handiagoa sortzeko ahalmena du. LEP zaharrak gehienez 209 GeV (209. milioi eV) sor zitzakeen, eta LHCak 7TeV (7 bilioi eV) sortzea espero dute.

LHCa dagoen lurraldea airetik ikusita. Geneva hiritik gertu dago, Suitzaren eta Frantziaren arteko mugan. (Argazkia: CERN)

LEP azeleragailuan elektroiak azeleratzen zituzten, baina LHC berrian protoiak azeleratuko dituzte. Izan ere, protoiak elektroiak baino 1.836 aldiz pisutsuagoak dira, eta energia gehiago behar dute.

Behin azeleragailua martxan dagoela, talka egingo duten partikulak eta talkaren ondorioz sortuko direnak aztertuko dituzte zientzialariek, unibertsoaren printzipio fisikoak.

Higgs bosoiaren bila

Esperimentu guztietan espero da zerbait. Kasu honetan, Higgs bosoia deritzona aurkitzea espero dute. Ez dute inoiz ikusi, dagoenik ezin da ziurtatu, baina, zientzialarien ustez, partikulei masa ematen die.

Kontua da unibertsoan dauden indarrak azaltzen dituen teoria, eredu estandarra, osatzeko falta den azalpena emango lukeela Higgs bosoiak. Eredu estandarrak existitzen diren partikulak aurkeztu eta haien arteko elkarrekintzak iragartzeko balio du; ez, ordea, partikula horien masa. Eta jakin badakigu partikula askok masa dutela, gu geu ere partikula horiez eginak baikaude.

Bada, masa azaltzera etorri zen Higgs teoria 1964an. Orduan nagusitu eta orain mantentzen den teoriaren arabera, partikula guztiak eremu batean sartuta daude, Higgs eremuan. Eta eremu hori partikula batek transmititzen du; bosoi batek zehazki, Higgs bosoiak.

Higgs bosoia detektatzeko esperimentu baten simulazioa.
CERN

Eta ez badute aurkitzen? Ez aurkitzeak ez du esan nahi ez dagoenik, eta litekeena da bila jarraitzea. Etsi eta ez dela existitzen ondorioztatuko balute, berriz, unibertsoa ulertzeko ahaleginean oso nahastuta ibili diren seinale, oso oinarrizko mailan, gainera. Bestalde, ate berri ugari irekiko lirateke. Teoria berriak beharko lituzkete.

Sorpresen esperoan

Higgs bosoia alde batera utzita, materia eta antimateria ere aztertuko dituzte. Unibertsoaren sorreran materia eta antimateria zeuden arren, elkarren aurka talka egitean biak desagertzen ziren. Kopurua, ordea, ez zen orekatua, antimateria desagertu arren materia geratu eta unibertsoa sortu zelako. Desoreka horren ondorioz gaude gu hemen, eta ez “antiguâ€. Bestalde, beste esperimentu batean dentsitate altuak berregingo dituzte.

Hala ere, zientzialari asko beste zerbaiten zain daude. Ezagutzen ez duten eta espero ez duten zerbaiten zain daude, eta sorpresak espero dituzte, arazo berrien erantzunen bila lanean jarraitzeko.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia