Lehorteen eraginez hazi dira hainbeste Andeak
2004/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bi geologok hipotesi interesgarri bat azaldu berri dute Andeen garaieraren inguruan. Lehortearen ondorioz hazi omen zen hainbeste Hego Amerikako mendikate ikusgarria. Nonbait, Andeak gehien hazi ziren garaietan klima oso hotza eta lehorra izan zen.
(Argazkia: K. Fujimoto).Andeak Ozeano Pazifikoko plaka Hego Amerikako plaka kontinentalaren azpian hondoratzean sortu ziren. Hipotesi berri honen arabera, plaka tektonikoak hondoratzean sedimentuek lubrifikatzaile moduan jokatzen dute, eta, sedimentuak falta direnean, lehorteetan, talka lakarragoa da eta sortutako mendikateak garaiagoak.
Adibide gisa Erdialdeko Andeak hartu dituzte; han daude tontorrik garaienak, eta ez du ia euririk egiten. Ondorioz, errekak urriak dira eta oso sedimentu gutxi iristen da itsasora; horregatik hazi omen dira hainbeste inguruko mendiak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia