}

Lehia genetikoaren bukaera

2000/06/27 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Genoma deskodetzeko Celera enpresa pribatuak eta HGP proiektu publikoak indarrak bateratuko dituzte

Sekuentzia osoa ezagutzear badago ere, genomak askoz lan handiagoa eskatzen du erabilgarri bihurtzeko

Giza genomaren se- kuentzia ezagutzeko diru asko sartu da eta inbertsio hori errentagarri bihurtu behar da. Agian hori da atera daitekeen ondorio garbiena. Genoma luzea da. Informazio asko du, hain zuzen, gizaki osoaren diseinuaren informazioa. ADN molekulak informazio hori gordetzen duela jakin zenetik informazioa eskuratzeko metodoak asmatu ziren.

Hainbat bakterioren genoma aspaldian sekuentziatu zen. Baina oso izaki txikiak dira eta genoma sinplea dute. Gizakiak, ordea, informazio guztia metatzeko genoma oso handia behar du. Izan ere, informazioa 23 kromosomatan du banatua. Batzuk handiak dira eta beste batzuk txikiak, baina guztira 3.000 milioi datu irakurri behar dira. Genoma urte askotan ikertu da, baina ia beti puska txikiak deskodetuz, lana erabat sistematizatu gabe eta zeharkako esperimentuak ere eginda. Horrela, zenbait kromosomen informazioa funtzio biologikoekin lotu zen. Garrantzi handiko esperimentuak, dudarik gabe. Azkenean, nazioarteko talde batek, baliabideak eta metodoak batu zituen sistematikoki giza genoma deskodetzeko eta Giza Genoma (Human Genome Proyect, HGP) izeneko proiektu publikoa martxan jarri zen 1990. urtean.

Genetikan erabiltzeko teknologian azkar aurreratzen zen arren, HGP erabiltzen hasi zen metodologia geldoa zen. Lehenengo ideia 15 urtean bukatzea izan zen. Aurrerakuntzek epea murrizteko aukera eman zuten. 2003. urtean bukatuko zela iragarri zuten.

1998an enpresa pribatu batek proiektu bera martxan jarri zuela jakin izan zuten, Celera Genomics Corporation enpresak, alegia. Enpresa horrek metodologia berria eta azkarragoa erabili nahi zuen. Orduan HGP-koen estrategia aldatu zen prozesua nolabait azkartu nahian. Lana zehaztasun handiz egin ordez, genomaren maparen zirriborroa egingo zuten epe laburrago batean. Zirriborro horretatik abiatuta lan zehatzari ekingo zioten.

Abiada bizian

Celera Genomics enpresak bestelako estrategia jarraitu du. Genoma osoa puskatu eta puska guztien kodea irakurri. Herenegun lan hori bukatzear daudela iragarri zuten. Horrek esan nahi du HGP estrategia baino azkarragoa dela. Izan ere, proiektuan erabat murgildu baino lehen, Celera Genomics enpresakoek metodologiaren azkartasuna organismo txikien genomekin frogatu zuten. Hilabeteetako lana izan zitekeena asteetan egiten zuten. Agian garrantzitsuena Drosophila melanogaster euliaren genoma izan zen. Emaitzak aurtengo martxoaren 24ko Science aldizkari espezializatuan argitaratu zituzten.

Celera Genomics ez da enpresa pribatu bakarra lan horretan aritu dena. Monsanto enpresak, adibidez, arrozaren genoma deskodetu zuen. Landareen genomen ikerketen aitzindaria izan zen. Martxoan genomaren pribatizazioari buruzko eztabaida gori-gori zegoen. Bill Clinton eta Tony Blair presidenteek genomak publikoa izan behar zuela esan zuten. Ondorioz, Celera Genomis enpresaren kotizazioak porrota izan zuen burtsan. Enpresakoek, haserre, bi lehendakariei leporatzen zieten porrotaren errua. Enpresak ekintza estrategikoa jarri zuen martxan eta apirilaren hasieran genoma osoa zeukatela iragarri zuen. Ez zen guztiz egia, zatiak falta zitzaizkielako deskodetzeko, baina prentsan oihartzun handiko albistea izan zen. Deskodetze prozesuan lanik zailena azken zatien gainekoa izaten da. Celera Genomics-ek datuak publiko egingo zituela esan zuen. Ez dago garbi, ordea, nola berreskuratuko duten sartutako diru hori.

Orain lehia bukatutzat emango da. Erabaki estrategiko berria iragarri da. HGP-k eta Celera Genomics enpresak elkarrekin egin- go dute lan. Izan ere, horrekin batera genomaren zirriborro osoa dutela iragarriko dute. Lanaren azken urrats horietan bi metodologiak osagarri izan daitezke. Dena den, iritzi publikoaren aurrean ez dago estrategia hoberik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia