Lehenengo bihotz-transplantea egin zuen zirujaua hil da.
2001/09/03 Elhuyar Zientzia
Christiaan Barnard, munduan lehendabiziko aldiz bihotz-transplantea egin zuen zirujau ospetsua, Paphos hirian hil zen larunbatean, 78 urte zituela. Hegoafrikan hazitako zirujau hori egun batetik bestera ospetsu egin zen, 1964an, Louis Washakansky-ri bere bihotz gaixoa motor-istripuz hil berria zen 25 urteko neska baten bihotzaz ordezkatu zionean. "Inoiz ez nion ospitaleko zuzendaritzari egin behar genuenaren berri eman" azaldu zuen Barnard-ek.
Operazioa egin eta 18 egunera hil zen gizon hau pneumoniak jota, bere sistema inmunologikoa ahul zegoelako. Hala ere, operazio honek izugarrizko ospea eman zion mundu-mailan eta bere lanean grina handiz jarraitu izana pozez hartu zuten herritarrek, baina beldurrez lankideek.
Gazte, eder eta emakumezale, Barnard ez zen inoiz ohiko zirujaua izan. Sophia Loren eta Gina Lollobrigida ere lagun izan zituen besteak beste. Bestalde, gaixo terminalei eutanasia pasiboa aplikatu izan ziela aitortu zuen eta Hegoafrikako gobernuarekin desadostasunak izan zituen apartheid-aren ekintzak zirela eta.
Hala ere, Barnard-ek ez zion inoiz lan egiteari utzi eta, bihotz-transplanteetan teknika berriak garatzeaz gain, hainbat liburu zientifiko eta nobela idatzi zituen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia