Lehen ordenagailu kuantikoa
2010/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
160 eragiketa egin ditzakeen ordenagailu kuantiko programagarri bat osatu dute NIST institutuko ikertzaile batzuek. Duela hilabete batzuk, ordenagailuaren prozesagailua prestatu zuen talde berak, berilio-atomozko bi qubitetan oinarrituta, eta, orain, prozesagailu hori programatzeko behar duten teknologia garatu, eta biak elkartu dituzte, lehen ordenagailu kuantikoa osatzeko.
Ikuspuntu informatikotik, oso oinarrizko tresna egin dute: prozesagailuak oinarrizko 15 eragiketa egin ditzake, eta, haiek konbinatuta, 160 eragiketa konplexu besterik ez du egiten. Baina lehen aldiz egin da hori ordenagailu kuantiko batean. Qubitek bit normalek baino ahalmen handiagoa dute, ez baitute 0 eta 1 balioak hartzeko ahalmena bakarrik; horiez gain, aldi berean hartu ditzakete 0 eta 1 balioak, eta horrek asko zabaltzen ditu kalkulu-aukerak.
Qubitak egiteko zailtasun handiena horien kontrola izan da. Alde batetik, beriliozko ioi ultrahotzak laser-pultsuen bitartez kontrolatu dituzte fisikariek, eta, bestetik, eremu elektrikoak gehitu behar izan dituzte ioien arteko elkarrekintza eragiteko, hau da, informazioa trukatzeko modu bat izan dezaten.
Teknologia horren bitartez, lehen ordenagailu kuantiko sinplea egin dute, baina oraindik muga handiak ditu funtzionamenduan. Adibidez, NIST institutuko adituek esan dute ordenagailuak ondo funtzionatzen duela denboraren % 79an. Portzentaje hori hobetzea dute hurrengo helburuetako bat.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia