}

Lehen giza klona

2008/01/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Kaliforniako Stemagen konpainiako ikertzaileek giza enbrioi kloniko bat egitea lortu dute. Lehen aldia da, baina ez du hala ematen, behin baino gehiagotan azaldu baitira antzeko adierazpenak komunikabideetan. Aurreko kasu horietan, ordea, akatsak edo iruzurrak egon direla frogatu dute. Oraingoan alderantziz da: enbrioia gizonezko heldu baten klona dela frogatu dute, hau da, gizonezko horren informazio genetiko berbera du.
Horiz, lehenengo faseetandagoen enbrioi baten zelulak.
Stemagen

Esperimentuaren helburua ez da izan pertsona baten kopia bat sortzea. Egia esan, horrelakoak zientzia-fikzioan bakarrik egin dira orain arte, eta, gainera, ez da hori ikertzaileen asmoa, inondik inora. Aitzitik, pazientearekin bateragarriak diren zelula amak lortzea da. Zelula amak gainerako zelula-mota guztien jatorri direnez, ikertzaileek itxaropena dute terapian erabiltzeko oso baliagarriak izango direla, eta, gainera, pazientearen informazio genetiko berbera badute ez dutela errefusa-arazorik sortuko.

Edonola ere, horretara iristeko asko falta da oraindik, eta Kaliforniako ikertzaileek ere aitortu dute haien lana pauso txiki bat baino ez dela. Hori bai, txikia baina garrantzitsua. Berez ez dute teknika berritzailerik erabili; Dolly ardi ospetsua sortzeko erabili zuten teknika berean oinarritu dira, nukleo-transferentzian. Baina, orain arte ez bezala, arrakasta izan dute.

Gizonezko heldu baten azaleko zeluletatik abiatu dira ikertzaileak. Horiez gain, obuluak ere erabili dituzte: hiru emakume gaztek emandako 29 obulu. Hain zuzen, azaleko zelularen nukleoa obulu batean txertatzen da. Horretarako, lehenik nukleoa kendu behar zaie obuluei, gero azaleko zelularen nukleoa txertatzen zaie, eta, ondoren, obuluak kitzikatzen dira. Hala, enbrioia garatzen hasten da.

Dolly sortzeko erabili zuten teknika berbera erabili duten lehen giza enbrioi klonikoa egiteko.
Roslin Institutua

Hori eginda, ikertzaileek bost enbrioi garatzea lortu dute, blastozisto-faseraino. 29 obulutatik enbrioi-kopuru hori lortzea oso emaitza ona da; izan ere, teknika animalia-espezie batzuetan nahiko aurreratuta dagoen arren, normalean enbrioi asko galtzen dira bidean. Ikertzaileen esanean, hainbat faktorek egin dute bat halako arrakasta lortzeko.

Batetik, oso kalitate oneko obuluak erabili dituzte. Obuluak eman dituzten hiru emakumeak gazteak dira, 20-24 urtekoak, eta, in vitro ernalketarako tratamenduan bazeuden ere, ez dute ugalkortasun-arazorik. Ikertzaileek tratamendu horretan zeudela eskatu zizkieten obuluak emakumezkoei, eta haiek in vitro ernalketan soberan gelditutako obuluak erabiltzeko baimena eman zuten.

Bestetik, laborategian zelulak hazteko behar duten ingurunearen osagaietako bat hialuronidasa proteina da, eta, normalean, behiarena izaten da. Oraingoan, berriz, giza hialuronidasa erabili dute. Horiek eta beste xehetasun batzuek arrakasta izaten lagundu dute.

Hain zuzen ere, in vitro ernalketan izaten den emaitzaren parekoa lortu dute klonazio-esperimentuan. In vitro ernalketan, hasierako obuluen % 70-80 ernaltzen da (espermatozoide batekin), eta horietatik % 40-60 blastozisto-fasera iristen da. Kaliforniako klonazio-esperimentuan, antzeko emaitza izan dute, 29 obulutatik bost enbrioi lortu baitituzte.

Enbrioi horietatik, bik obulu-emaile baten informazio genetikoa dute, eta, beraz, ez dira gizonezkoaren klonak; horiekin porrot egin du esperimentuak. Beste hiru, berriz, litekeena da azaleko zelularen emailearen klonak izatea, eta enbrioietako batean behintzat frogatu dute baietz, gizonezkoaren klona dela.

Klonazioz blastozistoa lortu ondoren, hurrengo pausoa hortik zelula amak lortzen saiatzea izango litzateke normalean. Ikertzaileek, ordea, ez dute halakorik egin; enbrioiak klonak diren edo ez frogatzeko erabili dituzte, eta hor geratu dira. Arlo berean lan egiten duten beste ikertzaile batzuk harritu egin dira horrekin, baina Kaliforniako ikertzaileek erantzun dute, aurrera egin baino lehen, ziur egon nahi zutela orain arte eman dituzten pausoak zuzenak izan direla. Gainera, blastozistoen % 10-20tik bakarrik lortzen dute zelula amak garatzea, eta, beraz, aurrera jarraituz gero, ez zuten arrakasta izateko aukera handirik.

Arazo etiko eta legalak

Klonazioan ezinbestekoak dira obuluak, eta obuluak lortzeak arazo etikoak eta legalak sortzen ditu.
Stemagen

Arrakasta zenbaterainokoa izan den alde batera utzita, zelula amak lortzeko teknika honek muga bat du: emakumeen obuluak behar dira, eta horiek lortzeko arazo etikoak eta legalak daude. Kasu honetan, emakumeek borondatez eman dituzte beren obuluak. Baina, askotan, ikertzaileek obuluak behar dituztenean, hormona-tratamendu bat ematen diete emaileei. Tratamendu horrek albo-ondorioak izaten ditu, eta emakumeek kalte-ordaina jaso ohi dute horren ordainetan. Horrek zalantza etikoak sortzen ditu, ezin baita jakin nork ematen dituen obuluak zientziak aurrera egitea nahi duelako eta nork dirua behar duelako.

Obuluen beharrik ez izateko eta horrelako arazoak saihesteko, zelula amak lortzeko beste bide bat ere ari dira probatzen hainbat ikertzaile-talde. Pazientearen zelula helduen birprogramazioan oinarritzen da, eta dagoeneko ari dira lortzen emaitza on batzuk. Edozein modutara, zelula amen ikertzaileek bide luzea dute aurretik oraindik. Ea batetik edo bestetik joanda, pausoz pauso, helburura iristea lortzen duten.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia