Lehen aldeko, orain kontrako
2007/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Science zientzia-aldizkarian argitaratu duten artikulu baten arabera, iraganean gizakia birus batetik babestu zuen proteina berak utzi du orain babesgabe hiesaren aurrean.
Dirudienez, duela lau milioi urte, erretrobirus batek txinpantzea eta hurbileko beste primate batzuk infektatu zituen; ez, ordea, gizakiaren arbasoak. Gaur egun, birus hori desagertuta dago, baina txinpantzearen DNAn birusaren arrastoa geratu da; zehazki, txinpantzeak birusaren 130 kopia ditu bere DNAn; gizakiak, berriz, bat bera ere ez.
Hala, ikertzaileek ondorioztatu zuten gizakiaren arbasoak berezko babesa zuela birus harekiko. Hori frogatzeko, erretrobirusak herentzian utzitako geneak hartu zituzten txinpantzearen DNAtik, eta saguaren erretrobirus batekin elkartu zituzten. Horrela, duela 4 milioi urteko erretrobirusa birsortu zuten. Ondoren, giza zelulen kultura batean jarri zuten erretrobirusa, eta frogatu zuten ezin zituela zelulak infektatu. Izan ere, giza zelulek duten proteina batek birusa blokeatzen du, eta ez dio uzten zelulan sartzen.
Proteina horrek, ordea, ez du hiesaren birusetik babesten. Txinpantzeek, berriz, badituzte hiesaren birusari aurre egiteko mekanismoak. Beharbada, infekzio hura pasatzeak egin ditu txinpantzeak gizakiak baino gogorragoak hiesaren aurrean. Behintzat, lehen gizakiarentzat mesederako izan zen proteinak orain ez du balio, eta, ikertzaileen esanean, litekeena da haren 'erruz' egotea orain babesgabe.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia