Legatza, naturarekin zorretan
2012/10/01 Goikoetxea, Nerea - AZTI-Tecnaliako biologoa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Itsas hondoari lotutako beste arrain batzuekin batera --zapoa edo oilarra, esaterako--, espezie oso preziatua da legatza. Batik bat Euskal Herrian, bertoko eszenatoki gastronomikoaren aktore nagusietako bat izanik. Hala, historikoki legatz europarraren populazioak arrantza-presio handia jasan du Atlantikoko ur europarretan. 1980ko hamarkadaren bigarren erdialdean, arrantzak eragindako heriotza izugarri handitu zen, eta, ondorioz, stockaren biomasa asko jaitsi zen. Gainera, 1990eko hamarkadan, stocka etengabe ustiatu zen, nahiz eta biomasa oso maila txikian egon. Hala ere, legatz europarraren populazioak aurre egin dio arrantzaren presioari, eta, ondorioz gaur egun egoera osasuntsuagoa bizi du.
Hau honela izanik, buruan bueltaka darabilgun galdera zera da: zer faktorek bultzatu du legatzaren populazioa egoera latz horretatik atera eta maldan goranzko igoera horretan? Hala, AZTI-Tecnalian eta EHUn egindako doktore-tesian, legatz europarraren populazio-dinamika ikertu dugu, eta inguruneko parametroen eragina aztertu dugu 1978-2006 artean. Gainera, bizitzako lehen faseetan legatzaren kalteberatasunaren atzean dauden kausak identifikatu egin dira.
Arrantzak okertu, naturak zuzendu
Legatz europarraren populazioa arrantza suntsitzailea jasaten ari da Atlantikoko ur europarretan. Gehiegizko arrantza hori faktore kritikoa da stockaren gutxitzean, maiz populazioaren kolapsora ere iristeraino. Zehazki, arrantzak presio handia eragin du iparraldeko legatz europarraren populazioan. 1980ko hamarkadaren bigarren erdialdean, legatzaren arrantzak gora egin zuen eta, ondorioz, stockaren biomasa asko jaitsi zen. 1990eko hamarkadan, stocka etengabe ustiatu zen, nahiz eta biomasa oso maila txikian egon. Izan ere, garai horretan stock ugaltzailearen biomasa (guraso-biomasa) egoera ezegonkorrean zen, eta 100.000 tonako mugatik behera ere iritsi zen. Erreferentzia-balio horren azpitik, erreklutamenduaren porroterako arriskua handia da; alegia, hurrengo belaunaldikoak helduak izatera ez iristeko arriskua. Hain balio baxuetan, stockaren ingurumen-kondizioekiko sentikortasuna handitu egiten da, eta, beraz, ingurumen-faktore desegokiek legatzaren stocka egoera are txarrago batera eraman zezaketen. Baina, nahiz eta ugaltzaileen biomasak behera egin, guraso urri horiek izandako ondorengoen proportzio handi batek bizirautea lortu zuen, eta, beraz, erreklutamendu-arrakasta biziki igo zen 1990eko hamarkadan. Horrek stockaren murrizketa konpentsatuko zuen ziurrenik, eta kolapsorik ez gertatzea ahalbidetu. Hala, erreklutamendua eta ugaltzaileen biomasa suspertu egin dira oraintsu, denbora luze batean maila apaletan egon ostean. Esan dezakegu, ondorioz, iparraldeko legatzaren stocka egoera lasaigarriago batean dagoela. Tesi honek iradokitzen du naturak garrantzizko eginkizuna izan zuela bultzada horretan, eta, arrantzaren urritzearekin batera, legatza suspertzearen arrazoi gisa aurkezten dugu.
Belaunaldiz belaunaldi, klima lekuko
Ustiaketaren ondorioz, itsas espezieak sentikorrago bihurtzen dira klimaren aurrean. Izan ere, muturreko egoeretan, arrantzaren eraginez populazioaren dinamika erreklutamenduaren gorabeheren menpe gelditzen da, hein batean; eta larba eta gazteen biziraupena, aldi berean, ingurumen-kondizioek baldintzatzen dute, nagusiki. Beraz, garrantzi handikoa da klimaren aldaketa naturalek itsas ekosistemetan zenbateraino eragiten duten aztertzea. Helburu horrekin, zenbait parametro ozeanografiko zein meteorologiko aukeratu ziren eta aztertu zen nolako eragina duten eskala geografiko desberdinetan: maila globalean (Ozeano Atlantikoko iparraldean), eskualde mailan (iparraldeko legatz europarraren banaketa-eremuan), eta baita maila lokalean ere (errute- eta hazkuntza-eremuetan).
Legatzaren kasuan, ikusi da 1990ko hamarkadatik aurrera ingurumen-kondizio onuragarriak gertatu direla, aurreko hamarkadarekin konparatuz gero. Hala ere, ingurumen-kondizioen aldaketa hori ez da modu progresibo batean gertatu. Konkretuki, erregimen-aldaketa ekologiko bat gertatu zen Ozeano Atlantikoko ipar-ekialdeko plataforma kontinentalean 1988-89 urteetan, lan honek iradokitzen duen bezala. Aldaketa harez geroztik, NAO ( North Atlantic Oscillation ) indizea modu positibora pasatu zen: Islandia inguruko behe-presioen eta Azoreetako goi-presioen arteko diferentzia areagotu egin zen. Gainera, Golkoko itsaslasterra indartu egin zen. Horrek guztiak ur beroaren ipar-ekialderanzko garraioa handiarazi zuen. Horrenbestez, legatz europarraren bizileku diren urak epeldu egin ziren, eta, dirudienez, espeziearen mesedegarri izan zen hori; legatzaren erreklutamendu-arrakastan aldibereko igoera nabarmena gertatu zen.
Epeltasunaren onura
Arrainen bizitzako lehen faseetan, hilkortasun-tasa oso handia eta aldakorra izaten da, eta, beraz, belaunaldi berri baten etorkizuna populazio horren lehen faseetan erabakitzen da nagusiki. Hala, garrantzizkoa da ezagutzea zer faktorek duten eragina garapeneko lehen fase horietako biziraupenean. Legatz europarraren kasuan, ikusi da itsas gainazaleko uraren tenperatura dela faktore horietako bat.
Alde batetik, errute-aldiaren hasiera eta iraupena uraren tenperatura egokiak baldintzatzen du. Legatz europarraren arrautzak 10 ºC eta 12,5 ºC bitarteko uretan aurkitzen dira, eta larbak, berriz, 10,5 ºC eta 13 ºC bitarteko uretan. Hala, kondizio egokiak iristen direnean hasten da errutea: ipar-ekialdeko plataforman, otsailean hasi eta uztailera bitartean luzatzen da. Errutea ez da aldi berean izaten plataforma guztian: Bizkaiko Golkoan, bereziki, urtarriletik maiatzera bitartean gertatzen da, eta, urte-sasoiak aurrera egin ahala --beraz, uraren tenperatura epeltzen joan ahala--, errute-eremua iparralderago kokatzen da; hain zuzen ere, apiriletik uztailera bitartean, Itsaso Zeltikoan. Azken urteotan, oso zabaldua dugu uraren tenperatura epeldu egin delako mezua, eta halaxe ikusi dugu lan honetan ere. Tenperatura-igoera horrek errute-garaia luzatzea eta erruterako eremu egokia zabaltzea eragin dezake, eta, horren ondorioz, larben biziraupenerako aukerak gehiago izango dira.
Bestalde, tenperatura epelek azkartu egiten dute arrainen metabolismoa, eta hazkuntza eta garapen-tasak handitu egiten dira horrela. Hasierako faseetako kalteberatasun handia dela eta, heriotza-tasa altuenak lehen etapa horretan izaten dira. Horrenbestez, larba-sasoia zenbat eta laburragoa izan, denbora-tarte txikiagoan izango dira zaurgarri banakakoak, eta orduan eta aukera gehiago izango dute bizirauteko. Hitz gutxitan, itsasoa epelduta erruterako habitata zabaltzen da (bai espazioan, eta baita denboran ere), eta larbak azkarrago hazten dira; horrela, kaltebera diren sasoi horretan denbora gutxiago pasatzen dute, eta badute aukera erreklutamendu arrakastatsuago baterako.
Toki egokian, une egokian
Erreklutamendu-arrakastaren igoeran, tenperaturaz gain, beste faktore batzuek ere parte hartu zuten. Izan ere, 1988-1989ko berehalako aldaketaren ostean, haizeak eragindako uraren ekialderanzko garraioa indartu egin zen. Horrek erraztu egin zuen arrautza eta larben bidaia, plataforma kontinentalaren ertzeko errute-eremuetatik plataforman bertan dauden hazkuntza-eremuetarakoa. Gainera, plataforman, legatz-larba eta gazteen elikagai diren kopepodoak (zooplanktoneko beste partaide batzuen artean) aurkitzen dira. Horren ondorioz, legatz gazteak hazkuntza-gune egokietan hazi dira. Bestalde, modu horretan, legatz helduek eta gazteek ez dute eremu bera partekatzen, eta, ondorioz, saihestu egiten da espezie barneko lehiaketa (kanibalismoa).
Horrenbestez, populazio-dentsitateari loturiko faktoreak (arrantza eta horrek biomasa ugalkorrean duen eragina) ezinbestekoak dira populazioaren gorabeherak ulertzeko. Hala ere, naturak zerikusi handia du espeziearen belaunaldi-errelebuan, batez ere populazioaren kalteberatasun-maila handia denean; biomasa txikiko urteetan, esaterako. Hala, ingurumen-faktoreek lagunduta, legatzaren populazioak aurre egin dio arrantzaren presioari, eta, ondorioz, urte oparoak ezagutu ditugu azkenaldian. Arrakasta horren eragile izan dira kostaranzko garraioa, ur-azaleko tenperaturaren igoera eta baita errute- eta hazkunde-sasoian eskuragai dagoen elikagai-kantitatea ere. Hitz gutxitan, legatza zorretan dago naturarekin.
Bibliografia
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia