}

Legamiak giza minbiziaz gehiago jakiteko

2001/06/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zelulen bizitzaren iraupena kromosomen mugak zehazten dituzten telomeroen baitan dago. Minbizi-zelula batzuek telomeroa sortzen duen entzima aktibatzeko gaitasuna dute; horrela, zelula arruntak hiltzen badira ere, minbizi-zelulak bizirik irauten dute. Orain, legamiak aztertu dituen lan bati esker, telomeroak sortzeko beste bide bat dagoela jakin da.

Giza zelula bakoitzak 6 mila milioi inguru ADN-base pare ditu. Hainbeste izanik, zelularen bizitzan zehar ADNak akatsak pilatzea erraza da. Akats horiek inguruak eragindakoak edo ADNaren erreplikazioan gertatutakoak izan daitezke eta, horiek antzemateko, bizidun guztiek proteina zaintzaileak dituzte. Hortaz, proteina zaintzaileek ADN kaltetua konpontzen dute eta birkonbinazioan gerta daitezkeen parekatze-akatsak prebenitzen dituzte. Noski, parekatze-akatsez arduratzen diren geneek mutazioren bat badute, genoma desorekatu egiten da.

Giza kromosomen telomeropak fluoreszentzia bidez ikusten dira

Rizki eta Lundblad ikertzaileek Nature aldizkarian argitaratu duten lanaren arabera, parekatze-akatsez arduratzen diren geneen mutazioari esker, legamiaren zelulek telomerasa entzimarik gabe bizirik irauten dute.

Ikerketa hori giza minbizia ulertzeko baliagarria izan daiteke. Izan ere, parekatze-akatsak konpontzeko geneen mutazioa da minbizi-mota batzuen jatorria. Nonbait, akatsak pilatu egiten dira; ondorioz, tumoreak ekiditen dituzten geneak desaktibatzen dira edo, bestela, minbizia eragiten dituztenak (onkogeneak) aktibatzen dira.

Genoma zaintzen duen beste mekanismo bat telomeroak berritzea da. Eukarioto gehienetan lan hori telomerasa izeneko entzimaren esku dago, baina gizakien ugalketarako ez diren zelula gehienek ez dute telomerasa adierazten. Halaber, gizakiaren tumore-zelula gehienek telomerasa berrabiarazten dute eta, horri esker, zelulek bizirik eta ugaltzen jarraitzen dute.

Legamiaren inguruan egindako ikerketak, telomerasa berrabiarazi gabe ere, epe luzeko ugalketa zelularra lor daitekeela azaldu du, telomeroak berritzeko beste mekanismo bat dutelako. Dirudienez, parekatze-akatsak konpontzen dituen sistema eta telomerasaren mekanismoa erlazionatuta daude. Zenbait kasutan, parekatze-akatsez arduratzen diren geneen mutazioari edo galerari esker, telomerasarik ez duten zelulak denbora gehiagoan ugaltzen direla frogatu dute ikertzaileek.

Ikerketa horrek minbizi batzuen jatorria ulertzeko beste bide bat irekitzen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia