}

Laztanek geneetan eragiten dute

2005/10/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Laztanek eragin onuragarria dute, ez dago zalantzarik. Are gehiago, ezinbestekoak dira garapen psikologiko egokia izateko. Den-denok behar ditugu laztanak, horiek gabe ez ginateke ondo haziko. Horretan bat datoz aitona-amonak, gurasoak, maisu-maistrak, eta baita zientzialariak ere. Izan ere, esperimentu eta zantzu ugarik frogatzen dute laztanen balioa, eta orain haien eragin biologikoa ikertzen ari dira.
Laztanak ezinebstekoak dira garapen egokia izateko.

Badira berrogeita hamar bat urte John Bowlby pediatra eta psikoanalista estatubatuarrak proposatu zuela kontaktu fisikoa janaria bezain beharrezkoa zela jaioberriarentzat. Urtetan, haurrak eta haien inguruak aztertu zituen, eta buruko gaitzak zituztenen haurtzaroa ikertu zuen. Hortik ondorioztatu zuen haurra laztantzea, besarkatzea, ezinbestekoa zela behar bezala gara zedin.

Bost hamarkada geroago, ikertzaileak oraindik aztertzen ari dira zer erlazio biologiko dagoen amak umeari emandako laztanen eta garapenaren artean. Eta, ikerketa askotan gertatzen den bezalaxe, ezustekoren bat edo beste jaso dute bidean. Adibidez, Kanadan ikusi dute laztanen eragina, psikologikoa ez ezik, genetikoa ere badela.

Kanadako taldeak jaioberriaren estresa eta antsietatea ikertzen ditu. Arazo horien jatorriari buruz dauden teoriak probatzeko, arratoiak aztertzen dituzte. Hala, animalia horietan ikusi dute mimo eta laztan gutxi jaso dituzten arratoien jokabidea besteena bainoa askoz ere bortitzagoa dela estres-egoeran.

Mekanismo biologikoa

Laztanek gene batzuk aktibatzen dituztela frogatu dute.

Adibide bat: ikertzaileek bi arratoi eme dituzte, astebeteko beren kumeekin, kaiola banatan. Ametako batek maiz laztantzen ditu bere kumeak. Txandaka, banan-banan ferekatzen ditu, eta kumeek lasai asko uzten diote amari berea egiten. Amak hamar minutu behar ditu denak mimatzeko. Beste kaxako amak, berriz, hiru minutuan bukatu du errituala, nahiz eta besteak adina kume dituen.

Bat-batean, ikertzaileetako batek txalo ozen bat jo du. Lehenengo kaxako kumeak beldurtu egin dira, baina berehala lasaitu eta lehengora itzuli dira. Bigarrengo kaxakoek, berriz, minutu dezente behar dituzte baretzeko.

Hala ere, hori esperimentuaren zati bat besterik ez da. Denboran zehar eta hainbat egoeratan, ikertzaileek estresarekin lotutako hormonen kontzentrazioak neurtu dituzte arratoien odolean (ACTH hormona eta gukokortikoideak). Eta ondorioa da alde handia dagoela hormona-kontzentrazioan kume direnean jasotako laztanen arabera.

Eragina geneetan

Esperimentuak saguekin egin dituzte, baina oso litekeena da gizakietan ere antzekoa gertatzea.

Diferentzia horren alderdi biologikoa aztertzen ari dira orain. Biopsien bidez frogatu dute garunean dauden gene batzuen funtzioan eragiten dutela amak emandako laztanek. Nonbait, hipokanpoaren barnealdeko neuronen geneak aktibatzen dituzte amaren laztanek; hain juxtu, estres-egoeran izaten den erreakzioarekin lotuta dago garunaren eremu hori.

Laztanen eraginez aktibatutako gene horiek, berriz, glukokortikoideen errezeptoreak ekoizteko ardura dute. Glukokortikoideak errezeptoreetara lotzen direnean, eragina galtzen dute. Horri esker, estres-egoerari neurriz kanpoko erantzuna ematea galarazten da. Izan ere, zenbat eta glukokortikoide-kontzentrazio handiagoa izan odolean, orduan eta erantzun handiagoa. Beraz, estresaren aurkako mekanismo egokia garatzeko ezinbestekoak dira laztanak.

Hori guztia arratoietan frogatu dute, baina oso litekeena da gizakietan ere horrelako erlazioa egotea laztanen eta estresaren aurkako mekanismoaren artean. Eta litekeena da, gainera, laztanek beste mekanismo biologiko batzuetan ere eragitea. Eragina onuragarria izango dela, hori seguru!

7K-n argitaratua.