}

Lautadako ibaien inguruetan sortutako hezeguneak Euskal Herrian

2001/02/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Euskal Herrian, lautadako ibaien inguruetan sortzen diren hezeguneen egoera nahiko larria dela esan daiteke. Berez, hezegune-mota hori ez da inoiz oso ugaria izan, baina sortzen zirenak, oro har, hedadura handikoak ziren.

Mezkiako putzuak eta hariztiak
M. Estonba

Hedaduraren aldetik, garrantzitsuena Aturri ibaiaren bi ertzetan duela gutxi arte iraun duen "Barthes" izeneko larre heze, zohikaztegi eta sakontasun txikiko urmaelen multzoa zen. Txikiagoak ziren Errobi ibaiak Ustaritzetik aurrera eratzen zituenak.

Hezegune berezi eta zabal horiek egundoko eraldaketa jasan dute azken hamarkadetan; izan ere, artasoroen emendio ikaragarria egin baita ibaiek sortutako ekosistema heze horien kaltetan. Hala ere, gaur egun oraindik ere badaude iragan oparo horren lekuko isil diren adibide batzuk, eta aipatzekoa da ingurune horiek migrazio-garaietan hainbat eta hainbat hegazti-espezierentzat duten garrantzia, eguraldi kaskarreko egunetan dozenaka limikolo, ardeido... elkartzen baitira bertan.

Aturritik Zadorra eta Arga ibaietaraino jaitsi behar dugu horrelako beste hezegune batzuk ikusteko, Kantauriko isurialdeko gainerako ibaien izaera malkartsuak eta horien haranen mehartasunak ez baitute ahalbidetzen bertan horrelako hezeguneak eratzea.

Zadorra eta Arga ibaien kasuan ere, sistemak oso eraldatuta agertzen zaizkigu. Argari dagokionez, aitzina ugaria izandako hezegune-mota izan arren, gaur egun hutsaren hurrengoa da bere presentzia. Zadorran, berriz, Salburua, Arkaute eta Mezkiako larre istiltsu eta putzuetara mugatuta gelditu da duela gutxi arte hedadura handia zuen sistema hidrologiko berezi hori. Azken horietan ere, gizakiaren jarduerak aldaketa ugari eragin du. Izan ere, sistema mantentzen duten ibai eta erreken dragatze-, bideratze- eta betelanek, Gasteiztik hurbil egoteak dakarren hirigintza-presioarekin batera, hidrologia-baldintzak nabarmen aldatu dituzte eta horrek eragin zuzena izan du bai hezeguneen hedaduran bai horien kalitatean ere.

Behin baino gehiagotan lehortua eta ereina izan bada ere, ura duenean fauna oparoa ostatatzen du.
M. Estonba

Zorionez, gaur arte iraun duten Salburuako larre istiltsuen zati handi bat Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak babestu egin dute, eta bertan berreskuratze-proiektu bat gauzatzen ari dira. Horri esker, neurri handi batean, galdutzat ematen zen hezegune interesgarri horrek bizirautea lortu da.

Hezegune-mota honen beste adibide esanguratsu bat ere badago: Miranda de Ebrotik hurbil, Zadorra ibaiaren bokalearen inguruan dagoen Lacorzana urmaela. Behin baino gehiagotan lehortua eta ereina izan den urmael txiki horrek, ura duen denboraldietan, uretako fauna oparoa ostatatzen duela azpimarratu nahi genuke, eta ahalmen hori indartuko luketen babes- eta berreskuratze-neurri txiki batzuen bidez, urmaela Euskal Herriko hezegune garrantzitsua bilaka zitekeela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia