Lau ardatzetan kiribildutako maskorra
2008/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Malaysiako moluskuen katalogoa egiten ari zirela, ordura arte inoiz aurkitu gabeko barraskilo-maskor bat aurkitu zuten. Opisthostoma vermiculum izena jarri diote. Maskorrean du gainerako barraskilo-espezieekiko desberdintasuna: lau ardatz independentetan kiribilduta du maskorra.
Horrek txundituta utzi ditu ikertzaileak. Maskorra biribilkatuta duten 100.000 espezie inguru ezagutzen dituzte, eta batek ere ez dauka maskor aurkitu berriaren antzik. Orain arte ezagutzen zituzten barraskiloen maskorrak gehienez ere hiru ardatzetan zeuden kiribilduta.
Lehenengoz aurkitu zutenean, pentsatu zuten mutazioren baten eraginez sortutako izaki berezi bat izango zela, baina, pixkanaka, gero eta gehiago aurkitzen joan ziren, eta ikusi zuten denak berdinak direla.
Oraindik ez diote azalpenik eman aurkitutakoari. Ez dakite nola den posible horrelako egitura duten maskorrak eratzea, ezta itxura horrek animaliei abantailarik ematen ote dien ere. Izan ere, horretarako bizirik dauden banakoak aurkitu behar dituzte, eta oraindik ez dute lortu hori.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia