}

Laserra margolanak zaharberritzeko

2002/09/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Orain arte laserra zaharberritze-lan batzuetarako erabili izan bada ere, adibidez eskulturak garbitzeko, ez zen egokia ikusten margolanetarako. Laserrak pinturaren osagaiak berotu eta kaltetzeko arriskua zegoela uste zen.

Alabaina, margolanak zaharberritzeko laserra erabiltzeko modua aurkeztu dute Marta Castillejok eta bere lan-taldeak. Ikertzaileek Analitical Chemistry aldizkari espezializatuan argitaratu dute lana, eta badirudi harrera ona izan dezakeela. Izan ere, ikerketa horren emaitzen arabera, laserrak ez ditu margolanak kaltetzen; are gehiago, orain erabiltzen diren metodo kimikoak baino hobea dela frogatu da.

Denboraren eragina

Zaharberritze-lanetan, azaleko zikinkeria kendu eta jatorrizko koloreak agerian gelditzen dira.

Denborarekin, margolanak zikinkeriaz estaltzen dira eta berniza ilundu egiten da. Horretaz gain, beste garai batzuetan, margolanak aldatzeko edo zaharberritzeko, materialak gehitzeko joera zegoen. Bestalde, hondamendi naturalek ere kalte handia egin dezakete; Europaren erdialdean izandako azkeneko uholdeen eragina ikusi besterik ez dago. Material horiek denak kendu eta pigmentuak azalera ateratzeko, hainbat disolbatzaile eta gai kimiko erabili ohi dira, baina oso kontuz ibili behar da margolana ez kaltetzeko, eta ingurumenarentzat ere ez dira batere mesedegarriak izaten.

Irtenbidea aurkitzeko, Europako Batasunaren eta Espainiako Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiaren (CSIC) laguntza izan dute ikertzaileek. Ikerketan, kripton fluoruroaz baliatzen den gasezko laser bat erabili dute; horrekin, ultramoreen espektroan uhin-luzera jakin bat duen argia lortu dute.

Laserra pigmentu naturalak eta sintetikoak dituzten margolanetan probatu dute, bai bernizez estalitakoetan bai estali gabekoetan ere. Kontuan izan behar da antzinako margolanak berniz-geruza bat zeramatela pintura babesteko. Kasu horietan, laserrak ez du inolako kalterik eragiten pinturetan. Baina berniza ez daramatenetan ere, oso aldaketa gutxi sortzen dira, eta erraz kontrolatzen dira laserraren hainbat parametro aldatuta.

Laserraren onurak

Margolana estaltzen duen zikinkeria garbitzeko, eta, era berean, azpian dauden pigmentuak lehen bezala uzteko, laserra ordenagailuz kontrolatzen da. Margolanetik materialak kendu ahala, sistema osagaiak analizatzeko gai da, daraman espektroskopio bati esker.

Laserraren bidezko metodo horrek baditu beste alde on batzuk ere; esate baterako, errazago kontrolatzen da lan-eremua, baita zenbat eta zein material kendu behar den ere. Gainera, ez du ohiko metodoak bezainbesteko kalterik sortzen ingurumenean, eta suak kaltetutako margolanak berritzeko balio duela frogatu dute. Hori bai, oraingoz egin duten prototipoa ez da eramangarria, baina hori lortzeko lanean ari dira dagoeneko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia