Laser-pultsu batekin, argitasun gehiago

60 watteko goritasun-bonbilla batek 100 watteko bonbilla batek adina argi ematea lor daiteke tungstenozko harizpiari femtosegundo bateko laser-pultsuak igorrita. Horixe lortu dute New York estatuko Rochester Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Azaldu dutenez, laser-izpiak gai dira duten berotasunarekin metala urtzeko, baina, laser-pultsuen iraupena oso txikia bada, metalaren molekulak berrantolatu soilik egiten dira, urtzera iritsi gabe. Molekula-antolaketa berriarekin, tungstenoak askoz argi gehiago ematen du, elektrizitate gehiago kontsumitu gabe. Nolabait, tungstenoa belztu egiten da, eta erradiazioa jasotzeko eta igortzeko gaitasuna handitzen zaio.

Irudia: Chuck Coker

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali