}

"Las tablas de Daimiel", urik gabeko eskualde hezea

1994/01/01 Larrañaga, Jon Iturria: Elhuyar aldizkaria

Antzina arruntak ziren Iberiar penintsulako eskualde lauetan bertakoek “tablas” izenez ezagutzen zituzten parajeak. Paraje hauek ibaiak beren ibilguetatik ateratakoan eratzen zituzten aintzira-sistema zabalak ziren, eta beren landaredi eta faunaren aberastasuna zela eta, garrantzi ekologiko eta ekonomiko handia zuten.

Baina 1950.eko hamarkadaz geroztik, mota honetako ekosistemak lehortzen eta desagertzen hasi ziren nekazaritzak izan zuen gorakadaren ondorioz eta beren lekua soroek bete zuten. “Las Tablas de Daimiel”goa, gaurdaino iraun duen mota honetako sistema bakarra dugu.

Las Tablas de Daimiel, La Manchako bihotzean dago kokatuta; Cigüela ibaiak eta beste hainbat errekastok beren urak Guadiana ibaira isurtzen dituzten lekuan hain zuzen, eta Parke Nazional da 1973az geroztik.

Zertzeta arrea ( Marmaronetta angustirostris ) ugari izan zen antzina Daimielen, baina gaur egun ez da ageri.

Leku honen bitxitasun ugarietako bat, jatorri eta ezaugarri desberdinak dituzten urak elkartzen direneko lekua izatea da. Cigüela ibaiak ur gazi-gezak eramaten ditu Daimielera eta erregimen urtarotarra du, udan guztiz lehortzen delarik. Guadiana ibaiak aldiz, ur geza du eta ez da udan lehortzen. Ur geza eta gazi-geza nahasten direneko lekua izateak eta uraren maila aldakorra izateak, oso ezaugarri ekologiko bereziak eskaintzen dizkio Daimieli eta bere aberastasun eta dibertsitate natural handia esplikatzen duen faktore nagusia da zalantzarik gabe.

Dena dela, sistema guzti honen benetako euskarria bere azpian kokatutako akuifero handi bat, 23. akuifero deritzona, izan zen orain dela gutxi arte. 5.500 kilometro karratu dituen akuifero honek gainezka egiten zuen Daimiel baino kilometro gutxi batzuk gorago eta Guadiana ibaia sortzen zuen “Guadianaren begiak” izeneko lekuan. Gainera, zuzenean ere ura isurtzen zuen tabletara, kasu honetan gazitasun-maila ertaina duten urak isurtzen zituelarik.

Beste akuifero guztiak bezala, 23. akuiferoa prezipitazioekin, bere gainetik igarotzen ziren ibaietatik iragazten zen urarekin eta beste zenbait akuiferoren emariekin betetzen zen eta hainbat iturburutik husten zen, oreka dinamikozko egoeran zegoelarik. Zoritxarrez, azken urteotan oreka hori eten egin da eta horrek aldaketak eta arazo ekologikoak sortu ditu Daimielen.

Aldaketa hidrologikoak eta Erregenerazio Hidrikorako Plana

Landarerik gabeko gune putzutuak oso garrantzitsuak dira hegaztientzat eta urpeko zenbait landarerentzat. Horregatik parkeko kontserbatzaileak ahalegin handiak egiten ari dira lezkek gune hauek koloniza ez ditzaten.

Azken berrogei urteotan aldaketa ekonomiko eta sozial sakonak gertatu dira La Manchan. Lau hamarkada hauetan desagertu egin da teknika tradizionalak erabiltzen zituen biziraupeneko nekazaritza eta bere ordez azalera handiak, azpiegitura eta tresneria ugari eta ur asko behar duen nekazaritza modernoa garatu da. Aldaketa hauen ondorioz asko igo da laborarien bizi-maila, baina aldaketa bakarra ez da hori izan; nekazaritzarekin batera paisaje naturala ere aldatu egin baita. Las Tablas de Daimiel ez da joera horretatik kanpo gelditu eta aldaketa ugari jasan ditu.

Las Tablas de Daimielen eragin zuzena izan zuten lehen ekintzak 1960 eta 1970eko hamarkadetan burutu ziren, Cigüela, Guadiana, Zancara eta Riansares ibaien ertz zingiratsuei zegozkien 30.000 hektarea lehortu eta kultibatzea helburu zuen lege baten babesean, Guadiana ibaia kanalizatu eta tablen inguruan drenaje-kanalak ireki zituztenean. Lehen ekintza hauek gizarteko hainbat sektore kontra altxarazi zituen segituan eta talde hauek egindako presioaren eraginez proiektua alde batera uztea erabaki behar izan zuten bere arduradunek. Gainera, La Manchako eskualde paregabe honen babesa bermatzeko, Espainiako Gobernuak Las Tablas de Daimielgo 1.928 hektarea parke natural izendatzea erabaki zuen 1973. urtean. Hala ere, ekintza hauek eragin handia izan zuten Daimielgo ekosisteman; ondorioz Guadiana ibaiak Daimielera zeraman ur-emaria urritu eta bertako ur-maila asko jaitsi baitzen.

Dena den, Daimielgo ur-maila jaistearen kausa bakarrak ez dira hauek izan. 1979-80 eta 1986-87ko urte hidrologikoetan izandako sikateak, Cigüela ibaiko ura beste hainbat aintziratara desbideratzeak eta Guadiana ibaitik ura hartzeak ere eragina izan dute, baina 23. akuiferoa gehiegi ustiatzea izan da seguraski gehien eragin duen faktorea.

Bisitariek parke erraz bisita dezaten, leku nagusietatik pasatzen diren hiru ibilbide daude, tablen gainetik pasatzeko egurrezko zubiez baliatzen direlarik.

Azken ikerketek aditzera eman dutenez, plubiometriari dagokionez normalak diren sasoietan, hau da, batezbestekoaren pareko euri-kopuruak biltzen diren sasoietan, 335 hm kubiko ur atera daiteke urtero akuiferotik berau agortzen hasi gabe. Hala ere, 1970eko hamarkadaren bigarren erdialdean akuiferoa ustiatzen hasi zenez geroztik, ohizkoena askoz ur gehiago ateratzea izan da. Beraz, 1974ean 30.000 hektarea ureztatzetik, 1987an 125.000 hektarea ureztatzera igaro zen, baina horretarako akuiferoaren erreserbak erabiltzen hasi behar izan da eta gaur egun honen maila ohizkoa baino 2.000 edo 3.000 hm kubiko gutxiagokoa da.

Guzti honen ondorioz, 23. akuiferoak Guadianaren begietan eta Daimielen bertan gainezka egiteari utzi egin zion 1984ean eta Guadiana ibaia lehortu egin zen Las Tablas de Daimieletik gora, egoera hau gaurdaino mantendu delarik. Gainera, 1986an Cigüela ibaiak ere ez zuen ia urik eman, eta ondorioz, tablak lehortu egin ziren guztiz.

Lehortearen eraginez urte horretako irailean tablen gainazala erretzen hasi zen eta egun batzuk geroago Guadiana ibaian eta iraunkorki urperatuta egon ziren lekuetan milaka urtetan zehar pilatuz joan zen zoikatza ere erretzen hasi zen.

Gertakizun guzti hauek arrisku larrian jarri zuten Daimielgo etorkizuna eta bere biziraupena segurtatzeko neurriak hartzera behartu zuten administrazioa. Lehen neurriak 1980. urtean hartu ziren; gobernuak parkea hegoaldetik zabaldu eta Las Cañas izeneko parajea parkean sartzea erabaki zuenean lehenik, eta Puente Navarro izeneko lekuan presa bat eraiki zuenean gero. Parkera sartzen zen ur-kopurua gutxitzen joan zen heinean presaren eraginkortasunak behera egin zuen.

Parkea inguratuz soroak eta artadi-angioak daude. Artadi hauetan kurriloak ( Grus grus ) elkartzen dira neguan.

1986ean parkeak ura galtzeko zituen drenaje-kanalak kendu egin ziren eta Guadiana ibaiak eman zezakeen ur apurra tabletara hel zedin segurtatzeko asmoz, ibaitik ura hartzen zuten legez kanpoko kaptazio guztiak kendu egin ziren eta gainera ibaiaren ibilguan hazten ari zen landaredia kendu egin zen. Azkenik, 1987an Guadianako Konfederazio Hidrografikoak 23. akuiferoa gehiegi ustiatuta zegoela deklaratu zuen eta hilabete batzuk geroago Las Tablas de Daimielek jatorrizko egoera berreskuratzea helburu izango zuen Erregenerazio Hidrikorako Plana martxan jartzea erabaki zuen.

Plan honen baitan, Daimielgo prozesu natural guztiak arazorik gabe burutzeko behar den ur-maila minimoa bermatzea helburu zuten hainbat ekintza martxan jartzea erabaki zen. Gaur egun ekintza hauetako asko martxan ari dira, baina oraindik ez da lortu parkea bere antzinako egoerara itzultzea.

Landaredia

Aipatu berri ditugun aldaketa guzti hauek Daimielgo landaredian isladatu dira noski. Tabletara sartzen den uraren jatorria aldatu egin denez, aldatu egin da beronen kalitatea ere eta ondorioz aldatu egin da landare-komunitateen konposizio floristikoa ere, landare-dibertsitatea nabariki txikitu delarik. Gainera, parkea inguratzen duten kultiboak hedatu egin direnez, desagertu egin da berau inguratzen zuen jatorrizko landare-gerrikoa. Hala eta guztiz ere, eskualde honek nahikoa landare-komunitate aberats eta dibertsoa dauka oraindik; ingurune gazi edo putzutuetan bizitzera moldatutako landare interesgarri ugari dituena eta oraindik ere animali komunitate aberats baten euskarri dena.

Daimielek gaur egun duen ur eskasiari aurre egiteko Tajo-Segura trasbasetik eta 23. akuiferotik ponpatutako ura eraman beharra dago parkera.

Daimielgo landaredia aztertzean hiru unitate edo multzo nagusi bereiz ditzakegu: tabletako landaredia, hau da, beti edo ia beti urpean dauden lekuetako landareak, landare helofitoen komunitateak eta, azkenik, lehorreko landareen komunitateak.

Tabletako landaredia

Ur iraunkor eta sakonak dituzten lekuei “tabla” edo “tablazo” (handiak direnean) deitzen zaie. Leku hauetako landaredia alga mikroskopiko zein makroskopikoz eta fanerogamo urtarrez osatuta dago eta oso sentikorra da uraren kalitatearen aldaketekiko. Horregatik, komunitate hauek aldaketa sakonak jasan dituzte azken urteotan, baina hala ere, oraindik aurki ditzakegu Daimielen antzinako landarediaren arrastoak.

Tablen hondoan alga makroskopikoak hazten dira, hauetan nagusi Chara jenerokoak ditugularik. Alga hauek osorik estaltzen zituzten antzina beti edo ia beti urpean zeuden hondoak eta hegazti urtar askoren elikagai ziren, baina ur-maila jaistearen ondorioz alde batetik eta uraren gazitasuna eta eutrofizazio-maila handitzearen ondorioz bestetik, asko murriztu da alga hauek eratzen zituzten urpeko larreen azalera. Nolanahi ere, ur iraunkor eta sakonak mantentzen diren lekuetan, Guadiana ibaiari lotutako ekosistemaren zatian alegia, C. major -ez osatutako populazio txikiak daude oraindik eta gazitasun-maila altuagoa eta erregimen urtarotarra duten uretan (Cigüela ibaiari lotutakoetan, alegia) C. hispida hazten da. Zenbait lekutan C. vulgaris eta C. canesces espezieak ere ageri dira.

Materia organiko ugari duten hondoetan aldiz, Ceratophyllum jeneroko bi espezie ( C. submersum eta C. demersum ) eta Urticularia jeneroko hainbat landare fanerogamo hazten dira eta zenbait lekutan Potamogeton pectinatus ere hazten da. Azken hau oso hazkunde azkarreko landarea da; hegaztien elikagai diren fruitu ugari ematen dituena.

Aldaketa hidrikoen eraginez, lezkadia masiegadia ordezkatzen ari da eta tabla ugari kolmatzeko arriskuan jarri du.

Eutrofizazioaren ondorioz asko ugaldu dira azken urteotan Lemna minor eta L. gibba espezieetako ur-dilistak eta gero eta urriagoa den L. trisulca espezieko ur-dilista ordezkatu dute. Landare hauen emendioak eragin kaltegarria du tabletako hondoetan bizi diren landareengan; uretan flotatzen bizi direnez, beren dentsitatea asko handiagotuta argia hondora igarotzea ekiditen baitute. Gauza bera gertatzen da Cladofora jeneroko alga mikroskopikoekin; hauen populazioek, ur eutrofikoek eskaintzen dizkieten baldintza egokiak lagun, gorakada handiak izaten baitituzte udaberri eta udazken partean.

Aldaketa hidrikoek, hainbat landare berri agertzeaz eta antzina ugari ziren zenbait espezie urritzeaz gain, beste hainbat espezie guztiz desagertzea eragin dute. Adibidez, antzina nahikoa ugari ziren nenufarra, Potamogeton lucens eta Myriophyllum verticillatum desagertu egin dira eta beren ordez Ranunculus jeneroko zenbait espezie agertu berri dira, ugariena R. peltatus dugularik.

Landare helofitoen komunitateak

Tabla eta tablazoak landare helofitoz, hau da, sustraiak urpean izan arren zurtoin, hosto eta loreak uretik kanpo izaten dituzten landarez inguratuta daude. Landare hauen artean bertakoek “masiega” izenez ezagutzen dutena ( Cladium mariscus ) da, zalantzarik gabe, Daimielgo bereizgarriena. Landare honek oso komunitate dentso eta ia monoespezifikoak osatzen ditu, Daimielgoak gaur egun Europan dauden masiegadi zabalenak direlarik.

Parkeko ibilbide ezagunena "Isla del Pan" izeneko uhartetik igarotzen den dugu. Ibilbideari jarraituz gero, aipatu uharteko tamariz-basoa ikusi ahal izan dugu.

Komunitate hau hazteko udan lehortzen ez den substratua behar denez, aldaketa hidrologikoek eragindako sikatearen ondorioz landare hau desagertzen hasi da leku askotan eta bere ordez lezka hazten hasi da; landare honek oso erraz kolonizatzen baititu bere estoloien bidez masiegak desagertu direneko lekuak. Fenomeno honek hainbat arazo sortaraz ditzake, batez ere hegazti urtarrengan duen eragina dela medio, lezkaren balio nutritiboa masiegarena baino txikiagoa delako alde batetik eta, lezka oso kolonizatzaile azkarra denez, hegazti hauek ezinbesteko dituzten landaredirik gabeko urak kolonizatu eta kolmatatzen dituelako bestetik.

Masiegadia inguratuz, Phragmites comunis eta Typha latifoliaz osatutako lezkadia hazten da. Esan dugunez, aldaketa hidrikoen eta suteen eraginez komunitate hau azalera handiak kolonizatzen hasi da, masiegaz osatutako formazioen eta Chara jeneroko algez osatutako urpeko larreen kaltetan. Hau dela eta, parkeko kontserbatzaileak ahalegin handiak egiten ari dira masiegadien eta lezkadien arteko oreka mantentzearren.

Nolanahi ere, bai masiegadi eta bai lezkadiek, sekulako garrantzia dute hegazti urtarrentzat; hauen elikagai izateaz gain hegazti gehienek habia egiteko eklipse-garaian ezkutatzeko aukeratzen duten lekua baitira.

Lehorreko landaredia eta tamariz-basoak

Ahate buztanluzea ( Anas acuta ) negutar arrunta dugu Daimielen.

Beti uretatik kanpo dauden lurrek azalera txikia hartzen dute Las Tablas de Daimielgo parke nazionalean, gehientsuenak tabla eta tablazoen artean kokatutako uharteei dagozkielarik. Oro har, lurzoru hauek oso gazitasun-maila altua izaten dute, eta klima guztiz mediterraniarra denez gero, bertako landare gehienak eskualde mediterraniarrean ugari ditugun halofitoak dira.

Parkea inguratzen duten arte-angioak alde batera utzita, Daimielgo landare zuhaizkara bakarra tamariza dugu. Zuhaitz honek ondo jasaten du lurzoruko gazitasuna eta baita hazten deneko lurzorua sarri putzutu edo urperatzea ere. Hau dela eta, nahikoa arrunta da parkean zehar sakabanatuta dauden hainbat uhartetan eta putzututa egon ohi diren lekuen inguruan.

Fauna

Daimielgo faunaz ari garenean, hegaztiez eta batez ere hegazti urtarrez hitz egin behar da derrigor; hauek baitira parke nazional honi ospea eman diotenak. Hala ere, beste taldeetako animaliak ez ditugu alde batera utzi behar; eskualde heze honetako fauna ornogabe zein ornodun ugariz osatuta baitago.

Arrainetan karpa arrunta, ganbusia, kanpotik sartu eta bertan naturalizatu den lutxoa, barboa, aingira, katxoa eta lanproia ditugu. Anfibiotan hainbat igel- eta uhandre-espezie ageri dira eta narrastien artean Montpellierko sugea, eskailera-sugea, suge gorbataduna, suge biperakara, apoarmatu istilzalea eta gardatxoa dauzkagu.

Zertzeta arrea ( Marmaronetta angustirostris ).

Ugaztunena ere ordezkari ugari dituen taldea dugu, besteak beste basurdea, hainbat satitsu- eta sagu-espezie, soro-muxarra, untxea, erbia, erbinudea, igaraba eta azeria aurki ditzakegularik.

Baina arestian aipatu dugunez, Daimieli ospea eman dion ezaugarria bere hegazti-fauna ugari eta dibertsoa dugu ezpairik gabe. La Manchako eskualde heze hau, hegazti urtar ugarik habia egiteko edo negua bertan igarotzeko aukeratzen duen lekua izaten da eta gainera, migrazio-garaian, espezie askoren atsedenleku bilakatzen da. Eta guzti honez gain, tablak inguratzen dituzten zonetan eta tabletako uharteetan beste motatako hainbat hegazti-espezie aurki dezakegu, basoetan bizitzera moldatutakoak, ingurune esteparioetakoak edo edonon bizitzera moldatzen diren hainbat espezie kosmopolita kasu.

Habia bertan egiten duten anatidoetan basahatea, ipar-ahatea, murgilari arrunta eta Daimielgo hegazti enblematikoena, ahate gorrizta, ditugu arruntenak, negua bertan igarotzen dutenen artean antzara arrunta, ahate mokozabala, zertzeta arrunta, ahate txistularia, ahate buztanluzea eta murgilari mottoduna ditugularik.

Murgilari arrunta ( Aythya ferina ) urte guztian ikus dezakegu, baina batez ere neguan da arrunta.

Lertxunaren familiari dagokionez, habigile arruntenak lertxun gorria eta amiltxoria ditugu, horren arruntak izan ez arren Daimielen habia egiten duten beste ardeidoen artean amiltxori txikia, lertxuntxo itzaina eta lertxuntxo txikia ditugularik. Lertxun hauskara ere sarri ikusten da, batez ere migrazio-garaian, baina ez da ziurra bertan habia egiten duenik.

Murgil eta txilinporten familiak hiru ordezkari ditu Daimielen habia egiten duten espezieen artean. Hiru hauetatik bi, murgil handia eta txilinporta txikia, habigile eta negutar arruntak ditugu, baina hirugarrena, txilinporta lepabeltza alegia, aurreko biak baino askoz ere urriagoa da.

Erralidoen familiak ere hiru ordezkari ditu: uroilo eta kopetazuri ezagunak eta bere ohitura iheskorren ondorioz horren ezaguna izan ez arren Tabletan nahikoa arrunta dugun uroilanda handia.

Ahate gorrizta ( Netta rufina ) Daimielgo hegazti enblematikoena dugu.

Hegazti harraparien artean zingira-mirotza dugu habigile arruntena eta parkean ikus dezakegun harraparirik arruntena, baina badaude mirotz urdinaren bikote batzuk ere. Hala ere, ez dira hauek parkean ikus ditzakegun hegazti harrapari bakarrak; hegazti hauek oso mugikorrak eta ikusterrazak direnez nahikoa erraza baita bertan hainbat sai-, arrano-, belatz- edo miru-espezie ikustea. Gainera migrazio-garaian arrano sugezalea ikusi ohi da.

Limikoloena, ekosistema urtarrekin erlazionatutako beste hegazti-talde garrantzitsua dugu. Talde honetako espezie gehienak migrazio-garaian edo neguan baino ez daitezke ikus, baina badaude espezie habigileak ere, sarritan nahikoa populazio handiak osatzen dituztenak. Hauetan zankaluzea, pratinkola, txirritxo hankabeltza, hegabera, bernagorri arrunta eta kuliska txikia ditugu.

Laridoen familiak aldiz, 4 ordezkari ditu. Arruntenak antxeta mokogorria eta itsas enara musuzuriaditugu, baina badaude itsas enara beltzak eta txenada txikiak ere.

Ahate mokozabala ( Anas clypeata ) oso arrunta dugu neguan eta zenbait urtetan habia egin izan du.

Gainera, lehen esan bezala, tablen inguruak beste mota batzuetako hegazti ugariren bizileku dira. Adibidez, tablen inguruko larre eta soroetan basoilo txikia, basoilo handia, atalarra eta ingurune esteparioetako beste zenbait hegazti aurki dezakegu; tamariz basoetan zuhaitzak nagusi diren biotopoetako espezieak ditugu, hontza ertaina, pagausoa, okil berdea eta dilindaria kasu; gizakiak uharteetan egindako harri-pilaketetan argioilarrak, landa-txolarreak eta beste zenbait espezietako hegazti trogloditek egiten dute habia eta lezkadietan arruntak dira errekatxindorra, ihi-txoria, benarriz gorrizta, lezkariak, tximutxa eta biotopo hauetan bizitzera moldatutako beste hainbat hegazti.

Guztira, Daimielen 250 hegazti-espezie baino gehiagoren zitak bildu dira, hauetako asko oso espezie bitxi edo bakanei dagozkienak, lertxuntxo karramarrozalearenak, beltzaranarenak, flamenkoarenak, paitenak, ahate buruzuriarenak eta Europan zein Afrikako iparraldean aurki ditzakegun beste zenbait espezierenak kasu.

Hegaztiak hobeto ikusteko parkeko hiru ibilbideetako hainbat lekutan egurrezko behatokiak daude.

Ikusi dugun aberastasun natural guztiaren babesa bermatzeko Espainiako gobernuak Parke Nazional izendatu zuen “Las Tablas de Daimiel” eta UNESCO-k Biosferaren Erreserba. Gainera hegaztientzat oso leku garrantzitsua denez, Ramsar-ko Itunean ere sartuta dago. Teorian guzti honek beharrezko babes guztia eskaini beharko luke, baina praktikan gauzak oso bestelakoak direla dirudi; La Manchako eskualde heze honek Parke Nazional izendatu ondorengo urteetan jasan baitu kalterik handiena.

Gainera, 23. akuiferoaren defizita konpondu ezean parkea bere jatorrizko egoerara itzultzeko egin diren ahalegin guztiak alferrikakoak izan daitezkeela dirudien arren, oraindik ez dira arazo hau konpontzeko hartu beharreko neurri guztiak hartu. Horregatik, oraindik urruti dago Daimielek antzinako aberastasuna berreskuratuko duen eguna eta agian, nork daki, inoiz ez dugu La Manchako biztanleek duela 40 urte izan zuten aberastasun guztiaz gozatu ahal izateko aukerarik izango.

(Oharra: Argazki hau ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia