}

Larruazala eguzkitik babesteko pilulak

2003/07/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Azken urteotan, osasun-arduradunek egindako kanpainei esker, eguzkiaren gurtzaileek badakite beren jainkoak mesede adina kalte egiten duela. Batez ere larruazalerako da kaltegarria eguzkia; horregatik, urtero sasoi honetan hamaika aholku eta gomendio ematen dituzte larruazala behar bezala babesteko. Eguzkitik babesteko kremak dira eguzki-erradiazio kaltegarrien aurkako ezkutu ezagunenak eta erabilienak, baina badira bestelako armak ere. Azkenekoek pilu la-itxura dute.

Kapela, krema, itzala... guztiaren laguntza behar da eguzkiaren kalteei ihes egiteko.

Eguzkitik babesteko pilulak ezezagunak ziren duela gutxi arte. Orain, ordea, dermatologo askok gomendatzen dituzte. Merkatuan gero eta gehiago daude eta, aurten, umeentzako bereziak eta erabateko babesa ematen duten pilulak ere agertu dira, larruazala eta begiak babesten dituztenak, alegia. Zalantzarik gabe, aukera zabaltzean, marketinekoek beste behin ere asmatu dute, baina... zerbaiterako balio dute? Zein da zientzialarien iritzia? Europako eta AEBetako hainbat zientzialari-talde pilula horiek aztertzen ari dira eta, dirudienez, eguzkitik babesteko pilulak onuragarriak dira, baina neurri batean bakarrik.

Bitaminak, larruazalaren lagunak

Pilula horien osagai nagusia bitaminak dira; izan ere, eguzkiak larruazalean eragiten dituen kalteak saihesten laguntzen dute hainbat bitaminak. Adibidez, bakterioek, algek eta landareek pigmentu-familia bat erabiltzen dute klorofilak eta eguzki-energia xurgatzen duten beste substantziek sortzen duten kaltetik babesteko. Pigmentu horiek karotenoideak dira.

Hau bai larruazala babesteko pilula!

1968an, argia jasan ezin zuten gaixoei pigmentu horietako bat, beta-karotenoa edo A bitamina, ematea bururatu zitzaion ikertzaile bati. Eta arrakasta erabatekoa izan zen: gaixoen
% 80en eguzkiarekiko tolerantzia hiru aldiz handitu zen; hau da, lehen baino hiru aldiz gehiago jasan zezaketen eguzkia eta argitasuna kalterik gabe. Beraz, beta-karotenoaren eragin babeslea agerian gelditu zen.

Gerora jakin dute zein mekanismoren bidez babesten duen pigmentu horrek larruazala. Larruazalak eguzkiaren izpi ultramore gehiegi jasotzen dituenean, erreakzio nabarmenenak gorritasuna eta hantura dira; horri eguzki-kolpea deitzen zaio. Baina badira hain agerikoak ez diren eraginak ere: ultramoreen eraginez, oxigeno-molekulak,
oxigeno-atomoak eta erradikal askeak sortzen dira, eta horiek larri kaltetzen dituzte zelulak. Bada, hain juxtu, beta-karotenoa
oxigeno-atomoei eta erradikal askeei lotzen zaie; horrela, kalteak sortzea eragozten du.

Begietan ere antzeko eragina dute karotenoideek: erretinaren erdian, makulan, argia iragazten duten bi karotenoide daude. Laborategien esanean, karotenoide-pilulak hartuta larruazala eta begiak babesten dira, eta lortzen den babesa kremen bidezkoa baino hobea da, krema ez bezala gorputz osoan banatzen baita. Gainera, karotenoideen artean beta-karotenoak baino gehiago babesten duten substantziak aurkitu dituzte; esaterako, likopenoa.

Urtero-urtero eguzkitik babesteko gomendioak eman arren, baietz erre bat baino gehiago!

Piluletan,erradikal askeen aurkako eragina duten beste bitamina batzuk ere sartzen dituzte: C eta E bitaminak, hain zuzen. Zeluletan egiten duten lana osagarria da; C bitaminak ur asko duten ehunetan egiten du lan, eta E bitaminak gantzetan aberatsak direnetan. Horretaz gain, biek eguzki-kolpeak sortzen duen hantura prebenitzen laguntzen dute.

Hala eta guztiz ere, ikertzaile batzuek ohartarazi dutenez, pilulen eragina ez da oso handia; gutxi gorabehera, 3 babes-faktoreko krema baten adinako babesa ematen dute. Eta hori lortzeko, eguzkia hartzen hasi aurretik lau asteko edo hilabeteko tratamendua egin behar da, eta eguzkia hartzen den bitartean ere pilulak hartzen jarraitu behar da. Bestetik, karotenoide gehiegi hartzea arriskutsua dela ere jakinarazi dute.

Pilula onena, baratzean?

Argi dago, beraz, pilula horiek hartzea ez dela nahikoa eguzkitik babesteko. Hortaz, betiko neurriak ere kontuan hartu behar dira: eman beldurrik gabe eguzkitik babesteko krema, eguzkitako betaurrekoak erabili, biserak eta kapelu hegal-zabalak jantzi, itzalaz gozatu, arropa zuria jantzi...

Umeen larruazalarekin eta begiekin arreta berezia edukitzea komeni da.

Horretaz guztiaz gain, larruazala babesten duten bitaminen laguntza ere jaso nahi izanez gero, agian ez da ideia txarra baratzari bisita bat egitea. Izan ere, pilula horiek daramatzaten bitaminak oso ugariak dira barazkietan eta frutetan. Esate baterako, hosto berdeko berdurek, azenarioak eta ilarrak beta-karoteno asko dute, eta tomateak meloiak eta pomeloak, berriz, likopeno ugari. Beste barazki batzuek begiak babesten dituzten pigmentuak dituzte: espinakak, brokoliak... Olio pittin batekin hartzen badira, hobe: olioak karotenoideak xurgatzen laguntzen du.

Bestetik, kiwia, marrubiak, gereziak, zitrikoak, piperrak eta beste barazki eta fruta asko aberatsak dira C bitaminan, eta E bitamina landare-olioetan, fruitu lehorretan eta galorratzean dago, besteak beste.

Australian egin berri duten ikerketa baten arabera, fruta eta barazki ugari jaten duen jendeak hobeto egiten die aurre izpi ultramoreen eraginei. Eta beste ikerketa batean frogatu dutenez, 10 astean egunero oliba-olioaz egindako 40 gramo tomate-saltsa hartuta, eguzki-kolpearen ondorioak % 40 arinagoak izaten dira. Ez dago gaizki: ondo jan eta, bide batez, eguzkitik babestu!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia