}

Larre-buztanikara, intsektujale liraina

1993/04/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Seguru asko Afrikako belardi zabaletan sortua, eta egun ia mundu osoan zehar barreiaturik dagoen taldea dugu txirta eta buztanikarek osotzen duten motazilidoen familia. Bertako espezie guztiak eremu zabaletako intsektujaleak dira, eta habitat egokia aurki dezaketen eskualde guztietan zabalduta daude, muturreko baldintza klimatikoak mugatzaile gertatzen zaizkien lekuetan izan ezik (Arktiarrean eta Antarktikan esaterako).

Txirtak ez bezala, buztanikarak lumaje deigarriko txoriak dira, eta bereziki larre hezeak, eta aintzira eta ibaien ertzetako eremuak aukeratzen dituzte bizilekutzat. Hauetariko askok bestalde, Afrika eta Asiako eskualde tropikaletan igarotzen dute negua, herrialde epel eta ipartarretara ugal sasoian soilik hurbiltzen direlarik.

Larre-buztanikarrak lumaje deigarriko txoriak dira, eta bereziki larre hezeak, eta aintzira eta ibaien ertzetako eremuak aukeratzen dituzte bizilekutzat.

Eta horixe da, hain zuzen, larre-buztanikararen kasua (Motacilla flava); txoritxo eder eta lirain hau apirilaren bukaeran edo maiatzeko lehen asteetan iristen baita gurera, txitoak bertan munduratzera. Euskal Herriko beste bi espezieak aldiz, buztanikara zuria (Motacilla alba) eta buztanikara horia (Motacilla cinerea), bertan bizi dira urte osoan zehar.

Gainerako buztanikara askotan gertatzen den legez, larre-buztanikaren artean ere makina bat subespezie finkatu dituzte adituek, sailkapen horretarako irizpide nagusia lumajearen kolorazioak izan ditzakeen eredu desberdinak direlarik.

Sailkapen honi jarraituz, Euskal Herrian ugaltzen den subespeziea Motacilla flava iberiae dugu. Bere lumajearen koloreei dagokienez, araldian arrak gris ilunak ditu buru gaina eta garondoa, begi gainean “bekain” itxurako arrasto zuria, eta kolore bereko paparoa ageri dituelarik. Bizkarra eta hegalak berriz, arreak ditu, eta sabelaldea hori bizia. Emea ere antzerakoa da oso, baina txori gehienetan gertatzen den legez, bere koloreak apalagoak izan ohi dira. Izan ere, ugal sasoia iristen denean, emea arduratuko baita arrautzak txitatzeaz, eta lan horretan ari dela ez dio inolako mesederik egiten janzkera deigarria izateak.

Larre-buztanikarak lurrean egiten du habia, horretarako sustraitxo eta belar ihartuak erabiltzen dituelarik.

Arrak itxura bizi eta ikusgarria izatearen arrazoia ere ugal sasoian bete beharreko eginbeharrekin loturik dago halaber. Alegia, buztanikararen kantua nahikoa ahula da berez, eta ondorioz, habia egiteko aukeratutako lurraldearen jabetza aldarrikatzean, larre-buztanikara arrek mezu akustikoaz gain ikus-mezua ere erabiltzen baitute. Eta horretarako bai! Horretarako bapo datorkie kolore biziz hornituta egotea! Bide berean, txori hauen izenak adierazten duen buztana behin eta berriro astintzeko duten ohitura ere, lurraldearekiko jabegoa iragartzeko ikus-mekanismotzat jo izan du zenbait autorek.

Larre-buztanikarak lurrean egiten du habia, horretarako sustraitxo eta belar ihartuak erabiltzen dituelarik. Habiaren barnealdean bestalde, artilea eta ileak metatzen ditu ohantze goxoagoa antolatzearren. Bertan errundako 5 edo 6 arrautzen txitaketa hamahiru egunez luzatzen da, eta esan bezala, emeari dagokio lan hori betetzea. Sasoi horretan beraz, arrak jo eta ke aritu beharra izaten du ehizean, bere eta bere kidearen gosea ase ahal izateko. Eta hortxe aritzen da gora eta behera, ibilera azkarrez, eta burua eta buztana behin eta berriro mugituz.

Ehizean ari dela, sarritan sastrakak, zuhamuska eta zuhaitzak, harresiak eta hesoholak erabiltzen ditu kokalekutzat, eta harrapakina ikusiz gero, hegaldi bizian abiatzen da ehizera. Eta lan horretarako bapo moldatuta dago, noski. Intsektiboroa denez, moko fin eta zorrotza du. Eta isats luzea ere animaliaren ehizerako teknikarekin dago lotuta, beroni esker eta lema gisara erabiliz, larre-buztanikarak intsektu dohakabeak airean harrapatu eta mokoratzeko sekulako abilezia baitu. Sarritan ikusi ahal izango dugu larretan, azienden atzetik, hauen ibilerak lurretik altxarazten dituen eltxo, euli, sorginorratz, eta gainerako intsektu hegalariak harrapatzeko prest.

Ehizean ari dela, sarritan sastrakak, zuhamuska eta zuhaitzak, harresiak eta hesoholak erabiltzen ditu kokalekutzat, eta harrapakina ikusiz gero, hegaldi bizian abiatzen da ehizatzera.

Gurasoek dakarkien bazka proteinatan joria izanik, txitoak habia uzteko gai izango dira hamabi egunetan, eta berehala sekulako apostu latzari egin beharko diote aurre. Izan ere, abuztuaren erdialderako Afrikarako bidaia luzeari ekin beharko baitiote lehenengoz, eta horrek sekulako energi eskari latza ezarriko die. Larre-buztanikarek bi egun t’erdi egiten dituzte hegan etengabe, eta lan honi aurre egiteko beren pisua bikoiztu egin behar izaten dute abiatu aurretik. Gazte guztiak ez dira gai izango froga latza gainditzeko. Ezta gutxiagorik ere! Baina Sahara zeharkatzera iristen direnek negu epelaz gozatzeko aukera izanen dute Afrika tropikalean, eta udaberria iristean, indarberriturik, berriro itzuliko dira beren jaioterrietara belaunaldi berria sortzera. Hauetatik ordea, erdia baino gutxiago izanen dira bigarren aldiz kumatzera iritsiko direnak. Larre-buztanikaren kasuan, eta gainerako paseriforme gehienetan gertatzen den legez, ale helduen batezbesteko biziraupena oso motza baita, hau ugalkortasun handiaz konpentsatzen dutelarik.

Euskal Herrian, larre-buztanikara hegoaldeko eskualdeetan, eta kostaldean ugaltzen da batez ere; berez espezie honek ez baitu mendietarako inolako zaletasunik, eta bestalde, bere habitat egoki diren larre zabal eta ur-ertzak eskualde hauetan baititu ugarien. Mundu-mailan berriz, oso banaketa zabaleko txoria dugu, eta habiagile gisara ia ipar hemisferio osoan aurki daiteke. Alaskaraino ere iristen da ugaltzeko sasoia heltzen denean, nahiz eta udazkenarekin batera Bering itsasartea zeharkatu eta Asiako kideekin biltzen den, negua kontinente horretako hegoaldean igarotzeko.

Fitxa teknikoa LARRE-BUZTANIKARA

Espeziea: Motacilla flava

Familia: Motazilidoak

Ordena: Paseriformeak

Klasea: Hegaztiak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia