}

Laringektomia: ahotsa berreskuratzen

1990/05/01 Algaba, Jesus Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aurreko alean laringektomiaren historia eta laringektomizatuen inguruko arazoak aztertu genituen. Bertan, fistuloplastia fonatorio primarioak eta sekundarioak aipatu bagenituen ere, ale honetan eta hurrengoan gure azalpenaren ardatz izango dira.

Fistuloplastia fonatorio primarioak

Laringektomia egin aurretik.

Ebaketa-mota honetan laringektomia eta ahotsaren berreskurapena aldi beran egiten dira.

PARDIWALAk, fistuloplastia fonatorio primarioa egiteko beste batzuen artean ondoko baldintzak aipatzen ditu:

  1. Tumorea erabat kentzea ezinbesteko baldintza da.
  2. Heriotza-tasa eta erikortasuna gehiegi ez haztea.
  3. Irensketa ez oztopatzea.
  4. Ahots ona lortzea.

Guretzat ere, fistuloplastia fonatorio primarioa egiteko garaian lau ideia hauek nagusi dira.

BLOMek eta SINGERek, gailurik gabeko barne-fistula bat lortu behar zela zioten. Garai hartako tekniken ondorioz, arazo asko sortzen zen, hala nola, likido eta solidoen irteera eta fistulen butxadura. Beraz, berrikustapen asko egin behar izaten zen. Kirurgilariek, fistuloplastia fonatorio primario eta sekundarioaren artean hautatu egin behar dute. Gu fistuloplastia fonatorio primarioen aldekoak gara, zeren eta gaixo hitz egiten berehala hasten bait da. Hala ere, fistuloplastia fonatorio primarioak dituen aldeko zein aurkako arrazoiak zenbait faktoreren araberakoak dira.

a) Faktore lokalak

Tumorearen kokapena

Fistuloplastia fonatorio primarioa planteatzen denean, tratamendu onkologikoa ezinbestekoa da, hau da, tumorea oso-osorik kendu beharko da.

Adenopatia laterozerbikalak


Oro har, adenopatiak azaltzeak ez digu gure erizpide kirurgikoa aldaraziko. Edozein fistuloplasti teknikak, onkologikoki ontzat hartzeko gongoil laterozerbikalen hustuketa egitea posibilitatu behar du.

Aurretiko irradiazioa


Laringektomia baino lehenagoko irradiazioak ez du esan nahi kirurgi mota hau erabili ezin denik

.

b) Faktore orokorrak

Metastasiak


Gorputzean metastasiak daudenean, edozein laringe-kirurgiatan erabilitako erizpideei jarraituko gatzaizkie. Kasu hauetan, guk ez dugu inolako fistuloplastia primariorik egiten.

Egoera orokorra txarra denean


Egoera orokor txarra ez da laringektomia totala egiteko oztopo izaten, baina egoera honetan ez da aldi berean fistuloplastiarik egiten.

Adina


Honelako ebaketa egiteko ez dugu uste adin-mugarik dagoenik. Denok dakigu fisikoki nahiz psikikoki ongi dauden 70 urteko pertsonak badirela, eta aldiz, 50 urteko beste batzuk egoera txarrean daudela.

Sexua


Emakumeari laringektomia totala egin behar zaionean, honen animo-egoera, egoera soziala, adina eta ondoren aztertuko diren beste faktoreak kontutan hartuko dira.

Laringektomia egin ondoren.

Biriken egoera


Laringektomia totala egin behar zaion edonori arnas egoeraren azterketa egin beharko zaio, baina aldi berean fistuloplastiarik egin behar bazaio, azterketak sakonagoa izan behar du

;

fistuloplastia egiteko arnasketak egoera onean egon behar bait du.

Bihotz-egoera


Bihotz-egoerak ez du berez fistuloplastia egiteko oztopo zer izanik, beti ere laringektomia totala eragozten ez duen bitartean.

Maila intelektuala


Maila intelektuala ezin da baldintzatzaile absolututzat hartu, baina adimen-maila minimoa beharrezkoa da egoera anatomiko berria ulertzeko. Batzuetan, maila intelektual txikiarekin batera beste zenbait faktore negatibo azaltzen dira, hala nola, sozialak, lanekoak, motibaziozkoak etab. Egoera honen aurrean zenbait gaixo baztertu egin behar izaten da.

Maila soziala


Faktore hau ere ez da determinatzailea. Lortutako emaitzak maila profesional handia dutenen artean (injineru edo arkitektoen artean adibidez) bestelakoetan baino hobeak dira.

Motibazioa


Gaixoak hitz egiten jarraitzeko duen motibazioa oso garrantzitsua da teknika kirurgikoak arrakasta izan dezan.

Famili giroa


Aurrekoekin oso lotuta dago faktore hau. Familiak orokorrean, eta bikotekideak batez ere, eragin handia izango du azkeneko emaitzetan.

Motrizitate-egoera


Gaixoak eskuan trebetasuna izatea behar-beharrezkoa da trakeostoma behatzaz tapatzeko edo protesi fonatorioa eta balbula jartzeko edo kentzeko. Hortaz, mugimendu-koordinaziorik eza, dardarak, parkinsona, eskutako artrosia, etab. dituztenei ezin zaie ebaketa-mota hau egin.

Egoera psikikoa


Edozein kausagatik, alkoholagatik adibidez, arazo psikiko edo psikiatrikoak dituzten gaixoengan ezin dira teknika hauek aplikatu.

Fistuloplastia fonatorio sekundarioak

Izen honen bidez, aurretik laringektomia jasandako gaixoek ahots berreskuratzeko jasan behar duten ebaketa adierazten da.

SPOFFORDek, JAFEKek eta BARCZek, fistuloplastietan ziztada trakealaren teknika erabiltzeko lau baldintza aipatzen dituzte:

  • Segurua izatea eta ez-desiragarriak diren zulaketa esofagikorik ez egotea.
  • Azkarra eta erraza izatea.
  • Kanpo-kontsultetan eta anestesia lokalez egiteko modukoa izatea.
  • Ebaketa egiteko tresneria sinplea eta merkea izatea.

Guretzat fistuloplastia fonatorio sekundarioak bi teknikatan sailka daitezke: ziztada trakealaren teknika eta igoera trakealaren teknika.

Fistuloplastia fonatorio sekundarioak egiteko garaian zenbait faktore lokal eta orokor kontutan hartzea komeni izaten da.

a) Faktore orokorrak

Fistuloplastia fonatorio primarioetan aipatutako faktoreak hemen kontutan hartu behar izanagatik, badaude aztertu beharreko beste hiru ere.

Laringearen azterketa fibrolaringoskopio zurrunez eta anestesia lokalez.

Gaixoaren egoera fonatorioa

Gaixoaren bergizarteratze soziala, lortutako ahotsaren maila eta kalitatearen araberakoa izango da. Beraz, fistuloplastia fonatorio sekundarioen teknikak ondoko gaixoengan erabiliko dira:

  • Nahiz eta erabat saiatu ahots erigmofonikoa lortu ez duten gaixoengan.
  • Arazo psikologikoengatik ahots erigmofonikoa lortu ez duten gaixoengan.
  • Nahiz eta ahots erigmofonikoa izan, hau txar xamarra izateagatik ahotsa hobetu nahi duten gaixoengan.
  • Ahots erigmofoniko ona izanik ere, laneko beharrizanengatik ahotsa hobetu nahi duten gaixoengan.
  • Elektrolaringea erabili arren lortutako ahotsarekin bat ez datoztenengan.
  • Ahotsagatik gizartean, familian edo lanean moldatzerik lortu ez duten gaixoengan.

Foniatraren kontrola

Foniatraren kontrolak ahotsaren kalitatea hobetu badezake ere, ez zaigu iruditzen bere eginbeharra ezinbestekoa denik. Gaixoa normalean, hitz eginez ateratzen da Ospitaletik eta berak bakarrik ikasten du ahots berria nola hobetu.

Mihiaren higikortasuna

Fistuloplastia fonatorio sekundarioa egin behar izaten den kasu guztietan, mihiaren mugikortasunaren egoera aztertu behar da zeren eta fistula ongi aprobetxatzeko mihiaren higikortasunak normala izan behar bait du. Askotan gertatzen ez bada ere, laringektomia egitean nerbio hipoglosoetan kalteak gerta daitezke eta ondorioz mihiaren mugikortasuna oztopa daiteke.

b) Faktore lokalak

Egoera onkologiko lokala

Gero tumorea berritzeko arrisku-izpirik ere ez da egongo.

Lepoaren egoera irradiazioaren eraginez

Edozein fistuloplasti teknika aplikatzeko irradiaziorik jasan ez duen gaixo bat, jasan duen beste bat baino askoz ere baldintza hobeagotan dago; orbainketa askoz ere hobea izango bait da eta fistulek ez bait dute ixteko edo irekitzeko joerarik izango.

Lepoaren egoera anatomikoa

Oro har, lepoaren egoera anatomikoak ez du fistuloplastia egiteko oztopo izan behar.

Trakeostomaren egoera

Edozein teknika sekundario aplikatzeko, trakeostoma bularrezurraren atzean sartuta ez egotea komeni da. Kasu hauetan, beste baldintza batzuk betetzen badira, igoera trakeala egitea nahiago dugu.

Trakeostomaren tamaina

Trakeostomak txikiak badira eta beste baldintza batzuk betetzen badira, igoera trakeala egitea nahiago dugu.

Trakeostoma handiegiak ere, fistuloplastia sekundarioa ziztadaz egiteko ez dira batere egokiak izaten, zeren eta teknika hau aplikatzeko arazorik ez badago ere, ezingo bait da trakeostoma behatzaz erabat estali, eta beraz, aireak ihes egingo du, fonazioa okerragotuz.

Laringearen azterketa fibrolaringoskopio malguaz eta anestesia lokalez.

Laringektomia egiterakoan krikoidea galdu ez duten gaixoak

Krikoidea duten gaixoei ezin zaie ziztada trakeala egin. Krikoidea kendu egin behar zaie eta, aldi berean, guk igoera trakeala egiten dugu.

Horma trakeoesofagikoa

Gure ustez, horma trakeoesofagikoaren lodiera ezagutzea garrantzitsua da teknika bat ala beste aplikatzeko.

Lodiera bi edo zentimetro gehiagokoa baldin bada, ziztada trakeala ez zaigu iruditzen egokia denik. Ziztada trakeala egin ondoren horma gehiago loditzen da eta erabili behar diren protesiak luzeak direnez, fonaziorako ia ezaugarri guztiak galdu egiten dituzte.

Zati faringoesofagikoaren egoera

Fistula egin behar den lekuan estenosirik ez du egon behar eta hipolaringeak zabala eta forma egokikoa izan behar du.

Insuflazio faringo-esofagikoaren testa (AIR BLOWING TEST)

Test honen bidez, airea hestegorrira sartu eta gaixoak hitz egiten duen ikusten da. Gaixoak hitz egiten badu, teknika kirurgikoaren emaitza ona izan daitekeela aurrikusten da.

SINGERek eta BLOMek, ebaketa aurreko testari garrantzi handia ematen diote, arrakastak edo porrotak aurrikusteko. Hala ere, guretzat test honen emaitzak aldakorrak direnez, ez du erabateko fidagarritasunik.

Presio faringo-esofagikoak

Zati faringo-esofagikoaren fisiologismo normala da, ahots erigmofoniko ona garatzeko eta fistuloplastia egin ondoren ahots berria eskuratzeko baldintzarik garrantzitsuenetakoa.

Teknika sekundarioan zein mota hautatu

Fistuloplastia fonatorio sekundarioa egiten denean, orain arte aztertutako faktoreekin batera, gaixo bati protesia jarri behar zaion ala ez baloratu behar da. Protesia jartzen zaion gaixoak oso txukuna izan behar du protesiarekin; bizitza osorako morrontza sortuko bait dio. Protesia izateak etengabeko kostu ekonomikoa sortzen du eta zenbait protesik egokitzapen-arazoak dakartza.

Ziztada trakeala egiten bada, gaixoak protesia etengabe eraman behar du eguneko 24 orduetan, zeren eta fistula protesirik gabe ordu gutxitan itxi bait daiteke.

Beraz, ziztada ala igoera hautatu behar izaten da gaixo bakoitzarentzat.

Anestesia

Ziztadaz egindako fistuloplastia fonatorioaren teknika.

Erabili behar den anestesi motak, teknika kirurgikoaren hautaketa baldintzatuko du batzuetan. Egoera orokor ona duten gaixoek edozein anestesi mota jasan dezaketenez, orain arte aztertutako faktoreak aplikatuko zaizkie.

Egoera orokorra txarra izateagatik anestesia orokorra jasan ezin dutenen artean fistuloplastia fonatorio sekundarioa jasan dezaketenei, ziztada trakeala egiten saiatzen gara; hau anestesia lokalaz egin bait daiteke.

Beraz, irakurle, gaixo bakoitza zehatz-mehatz aztertu behar da erabakia egokia izan dadin, baina ebaketaren ondoren errehabilitazio foniatrikoa oso inportantea izango da. CONLEYk dioenez, gaixoen %40ak baztertu egiten du errehabilitazio foniatrikoa, terapeutaren aholkuei uko eginez.

Itzulpena: J. Aizpurua Sarasola

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia