Lankidetzaren indarraren metafora bat, nazioarteko zientzia eta ingeniaritza irudikatzeko desafioan irabazle

Fideo-itxurako hainbat zuntz, bere kabuz mihiztatutako polimero batzuek eratutakoak, bola berde bati helduta. Hori besterik ez da ikusten Zientzia eta Ingeniaritza Irudikatzeko Nazioarteko Desafioan argazkien kategorian lehenengo saria irabazi duen argazkian. Science aldizkariak eta Estatu Batuetako Zientzia Fundazio Nazionalak (NSF) antolatutako sariketa horretan, baina, saria ez diote eman mikroskopio elektroniko bidez egindako argazkiak berez erakusten duenarengatik, adierazten duenarengatik baizik.

Zuntz bakoitzak bere aldetik ez du inolako indarrik, baina multzoak bai, denak batera gai baitira esferari eusteko. Argazkiaren egileak, Joanna Aizenberg-ek, adierazi duenez, "zuntz bakoitzak pertsona bat edo erakunde bat adierazten du, eta irudi osoak islatzen du elkarlanean indar egiten badugu gai izango garela planetari eusteko".

Argazkia: Sung Hoon Kang, Boaz Pokroy, eta Joanna Aizenberg, Harvard Unibertsitatea

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali