}

Lanerako bueltaren gurutzebidea

2000/09/03 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Beharbada izenburua gogorregia izan daiteke, batzuen ustez zailena "goizean jaikitea izaten baita, behin jaikiz gero…?; baina, beste askorentzat lanera itzultzea gogorregia izaten da. Batzuk -gutxi, zorionez- gaixotu ere egiten dira. Alperkeriaz har daitekeen hori hain hedatuta dagoenez, medikuntzak izena ere jarri dio: opor osteko sindromea.

Lanera itzuli eta berriro eguneroko lan-erritmora egokitzeko izaten diren zailtasunei, medikuntzan opor osteko sindromea izenez deitzen zaio. Geldotasuna, nekea eta higuina izaten dira oraindik orain gaixotasuntzat onartzen ez den egoera horren sintomak. Dena den, egoera 10-12 egunez luzatzen bada depresio izatera ere irits daiteke.

Neuropsikiatren arabera, hala ere, egoera horri buruz hitz egitean ezin da sintomez hitz egin, baizik eta denboraldi batez alde batera utzi diren lanetara itzultzean sortzen diren eragozpenei buruz. Pertsona batzuek neke eta geldotasun egoera horretan erortzeko gainerakoek baino arrisku handiagoa dute. Garai honetan izaera ahuleko pertsonak izaten dira okerren izaten direnak. Horrelakoak, oporretan edo ohiko lanean eskakizun-maila oso handia ez denean ondo egoten dira, ez zaie ezer nabaritzen. Aldiz, eskakizun-mailan gora egiten denean edo erritmo lasaia bat-batean aldatzen denean, depresioaren eta antsietatearen atarira iristen dira.

Berez, depresiorako edo antsietaterako joera duten pertsonak alde batera utzita, gainerakoentzat ere, oro har, oporraldiaren ondoren lanera itzultzea ez da gozoa izaten. Egoera horren arrazoiak asko izan daitezke, baina gehienetan oinarrian bakarra egoten da: itxaropen eza. Izan ere, aurrez lan-esperientzia ez bada oso ona izan, egokitzeko egin behar den ahalegina askoz ere handiagoa izaten da. Hortaz, onena egin behar den edozein gauzari zentzua aurkitzea izango duzu, horrelako ezintasunari aurre hartu ahal izango diozu eta. Victor Frankl psikiatra alemaniarrak, lau kontzentrazio-eremutan egona denak, zera idatzi zuen: "Bizitzeko zergatia aurkitzen duenak bizitzeko era guztiei aurre egingo die".

Beraz, ikusten denez lanerako itzulera fede kontua izatera ere irits daiteke, ez dela hain gogorra izango eta nola edo hala aurre egiteko gai izango garela. Arazoak kontrakoa gertatzean sortzen dira, lanarekiko federik ez dagoenean. Norberak bere buruan konfidantzarik ez badu, segurtasunik ez badago, beldurrez jokatzen bada, denbora guztian lana eta lanaren inguruko guztia zalantzan jartzen bada, depresioan erortzea ere ez da arraroa. Krisiari aurre egiteko formula magikorik ez dago. Batzuek bat-batean lanean gogor murgiltzea nahiago izaten dute; beste batzuek aldiz, berregokitzeko denbora behar izaten dute, gauzak lasaiago hartzeko eta lan-erritmoa apurka-apurka bizitzeko. Bide bat zein bestea aukeratzen duenak, egokitze-fasea osatu behar izaten du, berriro ere lan-ohituretara itzultzeko egokitze-fasea, alegia.

Psikiatrek diotenez, egokitze-fasea 10-12 egunetik gora badoa, arazoak sor daitezke. Horrelakoetan nekea eta geldotasuna kroniko izatera irits daitezke lehenengo, eta patologia geroago. Garrantzizko zerbait izan daitekeela pentsatzea zaila izaten da. Gehienetan denborarekin igaroko dela uste izaten da, nahiz eta tristura nagusi izan. Depresioa, gaur egun, gizarte garatuetako gaitzik hedatuena da, bizitzako uneren batean izan dutenak eta dutenak batuz gero, gutxi gorabehera populazioaren % 30ak jasan baitu.

Eskola ere sindromearen iturri Pertsona helduei bezala, haur askori kosta egiten zaio lanera -ikastera- itzultzea. Asperraldia, nekea, antsietatea… eta depresioa izan daitezke gaitzaren sintomak. Askotan depresioa pertsona helduekin lotzen bada ere, haurrek ere izaten dute. Herrialde garatuetan, depresioa duten haurren batezbestekoa % 8 inguru da. Hala ere, ez zaie helduei bezainbeste jaramon egiten, ez baitute depresioa helduek bezala azaleratzen; haiek triste egoten dira; haurrak, aldiz, oldarkor eta suminkor. Txikienentzat ikastetxera berriro ohitzea bereziki zaila izan ohi da eta itzulera bat-batekoa denean, arriskutsua ere izan daiteke.

Apur bat hasita dauden haurren kasuan, berriz, lehen egunetarako gaiak prestatuta eramatea oso garrantzitsua da, aurrez ezagut ditzatela, berriro ikasten hastea ez dadin traumatikoa gertatu. Hortaz, oporretako azken egunak aprobetxa daitezke horretarako, leun-leun bada ere. Gehienetan pare bat aste igaro eta gero, haurrek ikasketen erritmoa hartzen dute eta normaltasunera itzultzen dira. Dena den, ez da ahaztu behar Eguberrietan zein Aste Santuan ere, haurrek antzeko egoera jasan behar izaten dutela. Dena den, oporraldia laburragoa izaten denez, ikastetxera itzultzeko prozesua ere laburragoa eta arinagoa izan ohi da.

Beraz, ilusioaren pilulari heldu behar zaio oporraldi osteko egun hauetan, argi dago, biharko edo etziko egunak ekar ditzaketen ustekabeei. Jose Saramago idazleak zera zioen itsutasunari buruz idaztean: ?Gizakiak animalietatik desberdintzen dituena itxaropena da". Hortaz, irakurle, badakizu, eutsi goiari, datorren urteko oporretarako gutxiago geratzen baita.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia