Landareak ukitzearekiko sentikorrak dira
2000/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Estatu Batuetako ikertzaileek ukitzean dir-dir egiten duen landare transgenikoa haztea lortu dute. Landareak ukitu eta 20 minutura egiten du dir-dir. Dir-dir egiten ukitutako puntutik hasi eta azalera guztira zabaltzen da segituan eta fenomenoak ordubete inguru irauten omen du.
Duela hamar bat urte Texasko Rice Unibertsitateko Janet Braan ikertzaileak landareen gene batzuk ukitzearekiko sentikorrak zirela ohartu zen eta hormonen bidez gene horiengan eragiten saiatu zen. Berehala, hormonaren izaerak ez eta geneengan hormona ukitzeak eragiten zuela aurkitu zuen. Hormonarekin genea ukitzean geneak erreakzionatu egiten zuen. Hasieran, mekanismoa ikusi nahi bazen, landarea hil egin behar zen eta, horregatik, dir-dir egiten zuen landarea egitea proposatu zuen. Horrela, fenomenoa gertatu ahala aztertzeko aukera izango zuen.
Dirudienez, landareek ukitzearekiko sentikor den nerbio-sistema primitiboa dute, ingurunera egokitzen laguntzen diena, alegia. Askotan manipulatzen diren landareak, esaterako, txikiagoak eta sendoagoak direla ikusi da eta gune oso haizetsuetan bizi direnek ere antzeko ezaugarriak omen dituzte. Landareek higitzeko gaitasunik ez dutenez, ukitzearekiko sentikorrak diren geneak ingurunera egokitzeko mekanismo gisa erabiltzen dituztela uste du Janet Braan-ek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia