}

Landare transgenikoetatik elikagai ez-transgenikoak

2002/04/14 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Harrigarria bada ere, hori da bioteknologian diharduten ikertzaileen hurrengo helburuetako bat: kontsumorako diren elikagaiei substantzia arrotza kendu eta sor daitezkeen arazoak saihestea.

Landare transgenikoen teknologia sortu zenetik, mila aurrerakuntza ikusi ditugu gaur egun arte. Teknologiak hasierako saiakuntzetan ia sinestezinak ziren aukerak eman ditu eta hamaika produktu berri agertu dira merkaturatzeko prest. Europan, urte batzuetako muga jarri da produktu horiek merkaturatu aurretik. Estatu Batuetan, aldiz, osagai transgenikodun hainbat produktu jadanik merkatuan daude eta gehiago sartzeko asmotan dabiltza.

Transgenesiaren teknika

Zer da landare transgenikoak hain berezi egiten dituena? Landare horiek ezaugarri bereziak emango dizkien gene arrotza daukate, beste izaki bizidun batena den genea. Badago, adibidez, arrain baten genea duen tomate-mota bat edo intsektizida propioa ekoizten duen artoa. Azken horren adibidea Bt artoa da. Bacillus thuringensis deritzon bakterioaren gene bat dauka. Gene horrek intsektizida den proteina bat sortzen du eta uztak hondatzen dituen intsektuekiko erresistente bilakatzen du artoa.

Transgenesiaren teknikaren bidez aurrerapauso handiak emango direla behin eta berriz esaten badute ere, kritika ugari jasotzen ari dira, gene berri horrek ingurumenean eta gizakiarengan izan ditzakeen eraginengatik.

Bt artoak uztak hondatzen dituzten intsektuekiko erresistente bilakatzen duen genea dauka.

Kontuan hartu behar da, orain arte erabili den teknikaren bidez genea landareko zelula guztietan azaltzen dela, baita ugal zeluletan ere. Landare transgenikoaren polenak transgenikoa ez den landarea ernalduz gero, basatia den landare hibridoa sorraraziko luke. Eta teknologiak landutako lur-sailetatik ihes eginez gero, ia ezinezkoa izango litzateke bere kontrola. Horrelako indibiduo berriak azaltzeak oraindik ezagutzen ez diren ondorioak izan ditzake ingurumenean. Esaterako, bere baitarik intsektizida sortzeko gai den landare basati bideragarririk balego, bere ekosistema desorekatzeko arriskua legoke: landare horretaz elikatzen diren intsektuak hiltzeaz gain, transgenikoa ez den espezie bereko landareen aurrean abantaila handiagoa izango luke.

Beste arazo handi bat giza kontsumorako diren osagai transgenikodun elikagaietan dago. Aurretik aipatu bezala, gene eta proteina berriak landare osoan zehar barreiatuta daudenez, fruituetan ere agertzen dira, nahiz eta landarearen zati horietan funtziorik ez bete.

Molekula horiek dituzten produktuak janez gero bi arazo handi gerta daitezkeela uste dute hainbat zientzialarik. Alde batetik, gene arrotzek antibiotikoekiko erresistentzia ematen dioten osagaia daukate, eta ikertzaileek oraindik ez dakite erresistentzia hori bakterioetara pasatuko den. Hala gertatuz gero, gaur egun gaitz askori aurre egiteko erabiltzen diren tratamenduek ez lukete ezertarako balioko. Bestetik, askotan aipatu da proteina berriek gizakiarentzat alergeno izateko duten arriskua. Orain arte gizakiaren dietan inoiz agertu ez diren proteinak dira gehienak, eta erreakzio alergikoak eragitea posible dela aipatu da behin baino gehiagotan.

Elikagai ‘ez-transgenikoak’

Arazo horiei irtenbidea bilatu nahian, Kaliforniako ikertzaile-talde bat landare transgenikoen fruituei gene eta proteina arrotza kentzeko teknika berria garatzen hasi da. Teknika horren arabera, gene eta proteina berria behar den lekuan bakarrik agertuko litzateke eta landarearen beste zatiak ‘garbi’ geratuko lirateke. Hori lortzeko, landareari sartzen zaion gene berriarekin batera beste gene bat sartu dute.

Gene berri horrek, seinale espezifikoa jaso ostean (substantzia kimikoa izango dena), gene arrotza eta bere burua zelulatik kanporatzen ditu. Horrela landare-ehun hori substantzia arrotzetatik ‘garbi’ geratuko da. Adibidez, uzta-landare bati sustraiei erasotzen dien intsektuaren aurka erresistentzia-genea sartuz gero, nahikoa da gene hori sustraietan agertzea landarea babesteko. Teknika berriari esker, landarea intsektuaren aurkako erresistente litzateke, baina landaretik sortutako polena eta hazia gene-arrotzik gabeak izango lirateke.

Teknika oso berria da, eta oraindik ez da guztiz eraginkorra. Ez da lortu gene arrotzaren erauzketa osoa, eta orain arte egindako frogetan beti geratu da arrastoren bat. Gainera, landare bakarrarekin egin dute saiakuntza, eta ikertzaileek esan dutenez, landare bakoitzarekiko espezifikoa den sistema garatu beharko litzateke.

Horretaz guztiaz gain, nahiz eta genea landare-ehunetik kendu, aurretik produzitutako proteina ere bertan geratzeko arriskua dago. Eta orain arte erabilitako proteinak behintzat nahiko poliki degradatzen direnez, hazi zein polenean mantenduko lirateke, behin uzta jaso eta gero. Hori dela eta, azkarrago degradatzen diren proteinak ekoizten dituzten geneen bila dabiltza etengabe.

Esan bezala teknika oso berria den arren, multinazionalek bioteknologian inbertitzen duten dirutza ikusita, aurrerantzean zer esana emango duen teknika izango dela dirudi. Eta kontuan izan beharrekoa.

Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia