}

Lanbidea eta eritasun hematologikoen arriskua

1994/11/01 Furundarena Salsamendi, Jose Ramon Iturria: Elhuyar aldizkaria

Britainia Haundiko 1985eko Gizarte Segurantzako Arauek ondorengo eritasun hematologiko hauek bakarrik onartzen dituzte laneko gaixotasuntzat: berunak, artsenikoak eta bentzenoak eragindako pozoiketak eta erradiazio elektromagnetikoek eta partikula ionizatzaileek eragindako odoleko arazoak.
Badira lanbidea eta eritasun hematologikoen eraginari buruzko estatistikak, baina ez dakigu oso fidagarriak diren.

Badira eritasun hauen eraginari buruzko estatistikak, baina ez dakigu oso fidagarriak diren. Argitaratu diren lanetan leuzemiak, mielodisplasiak, linfomak eta antzeko odoleko eritasun gaiztoak zituzten gaixoek lanean kontaktu kimiko handiagoa dutelako susmoa aipatu izan da beti, baina oro har ezin izan dira ondo banatu lanarekin lotutako kasuak. Horregatik laneko kontaktu kimikoen edo fisikoen eraginagatik agertu izanaren susmoa zuten eritasun hematologikoen berri emateko orrialde berezi batzuk argitaratu zituzten Osasun-agintariek. Hematologo guztiei banatu zitzaien galdeketa bat eta erantzunak bidaltzeko prestatutako gutuna ere bai, aipatutako eritasun susmagarrien berri koordinatzaile bati helarazteko.

Ikerketak orain arte iraun duen 36 hilabeteko epean, 229 kasuen berri jaso da; 201 gizonezkoena eta 29 emakumezkoena. Adinari dagokionez, 26 kasutan 72 urtetik gorakoa izan da eta 4 gaixo 22 urtetik beherakoak izan dira. Kasu gehienak 1989tik aurrera diagnostikatu baziren ere, batzuk lehenagoko 10 urteetan diagnostikatu ziren. 30 gaixoengan urtebete baino epe laburragoko kontaktua izan baldin bazen ere, gehienek hamarkadetan izan zuten.

Aurreko taulan agertzen dira diagnostikatutako eritasun hematologikoak eta bakoitzean izandako kopurua. Zaila da industria eta lanbide ezberdinen sailkapena ematea, baina sarrien agertu zirenak hauek izan ziren: industria kimikoa (30 kasu), industria nuklearra (18 kasu), indar armatuak (15 kasu), Osasun Zerbitzu Nazionala (14 kasu), kautxu edo gomen eratorrien industria (11 kasu) eta industria petrokimikoa (10 kasu). Kopuru txikiagoak dituzten industrietan autoekin eta garraioarekin lotutakoak eta manufaktura kimikoko zenbait adar espezializatu aipa ditzakegu. Aipagarria da 9 erradiologo, 5 erizain eta medikuntza-laborategi bateko langile bat ere atzeman izana. Indar armatuetatik jasotako kasuetan hiruk arma nuklearrak probatzen egiten zuten lan.

Gai kimikoen artean bentzenoa izan da eritasun hauekin gehien lotu zena (34 kasu) eta faktore fisikoen artean berriz, erradiazio ionizatzaileak aipatu behar dira (33 kasu). Sarri atzemandako beste gai aipagarriak hauek izan ziren: pinturak eta lakak (16 kasu), trikloroetilenoa eta beste zenbait disolbatzaile.

Ez du ematen hematologoak lanbide ezberdinetan izaten diren kontaktu fisiko-kimikoek eritasun hematologikoak sortarazten izan dezaketen eraginaz ezjakinak direnik. Ikerketa honetan jasotako datuak ezin dira behin-betikotzat hartu. Kontutan hartu behar da Britainia Haundiko eskualde batzuetatik erantzun asko jaso ziren bitartean beste batzuetatik oso gutxi igorri zirela. Bestalde, diagnostikoen zuzentasuna frogatzeko neurririk ez zen hartu, gaixoak edukitako laneko kontaktua egiazkoa zen baieztatzeko kontrolik ez zen egin eta kasu bakoitza laneko kontaktuarekin lotuta zegoen edo ez erabakitzea hematologo bakoitzaren iritziaren araberakoa izan zen, koordinatzaileari horren berri eman edo ez erabakitzean.

Zaila da industria eta lanbide ezberdinen sailkapena ematea, baina sarrien agertu zirenak hauek izan ziren: industria kimikoa (30 kasu), industria nuklearra (18 kasu), indar armatuak (15 kasu), Osasun Zerbitzu Nazionala (14 kasu), kautxu edo gomen eratorrien industria (11 kasu) eta industria petrokimikoa (10 kasu).

A. Jacobs eta laguntzaileek British Journal of Haematology aldizkarian argitaratutako lan honek balio izan du eritasun hematologikoak agertzen eragina izan dezaketen lanbide faktoreen azterketak behar-beharrezkoak direla agerian uzteko. Azterketa honetan maiz gutunak eta telefono-deiak erabili behar izateak argi utzi du lantegiek eta industriek informazio-iturri eskuragarriak eduki beharraren garrantzia, medikuek gaixoen historia klinikoak ondo osatu ahal izan ditzaten. Azkenik paziente bakoitzaren lanbideko edo lanetik kanpoko kontaktu-orduak jasota edukitzeak lagundu dezake eritasun hematologikoen sortzaile izan daitezkeen substantzia arriskutsuak atzematen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia