Lakuak arriskutan
1988/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Euri gutxi egitea ez zen arriskua; lakuetako ura Mississippi ibaia hornitzeko erabiltzea baizik. EEBBtako zenbait erakundek egin nahi zituen ur-aldaketak, Kanadako gobernuaren protesten eta sor zitezkeen neurrigabeko arazo ekologikoen ondorioz bertan behera gelditu dira.
Chicagoko hegoaldean ubide batek Mississippiren adar den Illinois ibaia Michigan lakuarekin lotzen du. Asmoa zera zen: ubide hori erabiliz segundoko 280 m 3 Michigan lakutik ateratzea. Proiektua aurrera atera balitz, Illinois ibaiaren tamaina bikoiztu egingo zatekeen eta Mississippi ibaiaren maila 10 cm igoko zatekeen Tennessee-ko Memphis-en. Orduan, Memphis-en ur-maila normala baino 8 metro beherago zegoen. 1872. urteaz gero ur-mailarik baxuena zen.
Mississippi ibaiak eta bere adarrek funtzio garrantzitsua betetzen dute EEBBtako ekonomian, ibai-garraioari esker. Uztailaren erdialdean Mississippi eta Illinois ibaien erdia bakarrik erabil zitekeen untzien trafikorako eta gainera ibai-adar askotan trafikoa ezinezkoa zen.
Laku Handitan honek izango zukeen eragina ez dago oso garbi, baina Huron eta Michigan-en ur-maila hiru hilabetetan bi cm jaitsi zitekeela uste da. Hala ere, ur-maila jaistearen eragina lakuen ingurutan somatuko litzateke batez ere. Lakuaren inguruko lur hezeetako ekosistemek kolpe handia jaso zezaketen. Arazoak ez lirateke maila ekologikoan bakarrik jasango. Lakuaren inguruan bizi diren eta beren ura lakutik lortzen duten 26 milioi lagunentzako ur-hornidura ere arriskuan jarriko zatekeen. Hala ere, arazorik larriena horrelako lan baten benetako arriskuak eta ondorioak aldez aurretik jakitea oso zaila izatea da.
Oraingo honetan Laku Handien hustutzeari ekidin zaio, baina kanadarrek badakite etorkizunean horrelako eztabaida gehiago egongo dela, zeren eta berotegi-efektuaren modelaketek EEBBko erdialdea lehorrago bilakatuko dela adierazten bait dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia