}

Lagundutako ernalketan, Y kromosoma ez da beharrezkoa; nahikoak dira bi gene

2013/11/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

lagundutako-ernalketan-y-kromosoma-ez-da-beharrezk

Saguetan egindako ikerketa batean, frogatu dute lagundutako ernalketa-teknikak erabilita, nahikoak direla Y kromosomaren bi gene, ondorengo osasuntsuak eta ugalkorrak lortzeko. Hawaiiko Unibertsitatean egin dute ikerketa, eta Science aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Monica Ward ikerketa-buruak Science-ren podcastean azaldu duenez, Y kromosoma “maskulinitatearen ikurtzat” jo izan da. Izan ere, Y kromosomarik gabeko enbrioiak eme bilakatzen dira. Baina biologoek aspalditik susmatu izan dute kromosoma osoa ez dela ezinbestekoa; hain zuzen, Y kromosomaren gene bakar bat, Syr genea, nahikoa da sagu-enbrioiak ar bilakatzeko. Hori bai, ar horiek antzuak izaten dira.

Oraingo ikerketan, Syr geneaz gain, beste gene bat txertatu diete Y kromosomarik gabeko sagu-enbrioiei, Eif2s3y genea. Eta enbrioi horietatik garatutako saguek espermatozoideen aurrekariak diren zelulak ―espermatidak―sortzen dituztela frogatu dute. Are gehiago, lagundutako ernalkuntza-teknika berezi bat erabilita, espermatida horiek obuluak ernaltzeko eta ondorengoak sortzeko gai direla erakutsi dute.

Ikertzaileen esanean, ikerketaren zati hori garrantzitsua da, teknika hori bera, ROSI izenekoa, espermatozoide-fasera iritsi gabe espermatidak soilik sortzen dituzten gizonezkoei laguntzeko erabil baitaiteke.  Aditu askok, ordea, “esperimentaltzat” jotzen zuten ROSI teknika, beldur baitziren horrela sortutako umeek ondorio kaltegarriak izango ote zituzten. Alabaina, saguetan behintzat, teknika segurua dela erakutsi dute Hawaiin egindako ikerketan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia