Lagrange, Joseph Louis
1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(1736-1813)
Matematikari hau 1736an sortu zen Turinen jatorriz frantsesa zen familia batean. Hamaika seme-alabetatik gazteena zen Joseph eta heldutasunera heldu zen bakarra. Gaztetxoa zelarik, Halley-k idatzitako azterketa matematikoak irakurri zituen eta erabat txunditurik geratu zen. Berak ere bide horretatik joko zuela erabaki eta 18 urte zituela, Turingo Artileriako Eskolan geometria irakasten hasi zen. 1758an Lagrangek eztabaida zientifikoa bideratzeko talde bat sortu zuen Turinen. Adiskide talde hori 1783an sortu zen Turingo Zientzi Akademiako kimua izan zen, geroago Miscellanea Tourinensia izenaz ere ezagutzera eman zena.
Lagrangek matematikarako zuen etorria gaztetatik nabarmendu zen. Aldakuntza-kalkuluen aplikazio ugari egin zituen eta formulazio orokorra egiteaz arduratu zen. Lan horiek oihartzun handia lortu zuten Europa osoan. Alemaniatik Eulerren gonbitea jaso zuen bertara joan zedin. Lagrangek uko egin zion aukera horri, baina Eulerrek 1776an utzi zuen Berlingo Zientzi Akademiako zuzendaritza eta 1787. urtera arte Lagrange aritu zen zeregin horretan.
Urte horiek aldakuntza-kalkuluen formulazio analitikoa lantzen eman zituen. 1788an Parisen finkatu zen eta urte berean ikusi zuen argia Mècanique analytique izeneko liburuak. Bere azterketak, lan-metodologia eta Newtonen garaiaz gero mekanika arloan egindako saiakuntzarik garrantzitsuenak maisuki bildu zituen lan horretan. Parisko Zientzi Akademiaren sariak jaso zituen 1764an, 1772an eta 1774an bilduma horretan egindako ekarpenagatik.
Astronomiaz ere arduratu zen eta Newtonen grabitazio-legea osatzen ahalegindu zen. Lagrangeren ustez, Newtonek definitu zuen grabitazio-ereduak unibertsoan isolaturik dauden bi gorputzen arteko indarrak baino ez zituen aztertu. Horrek gainerako gorputzek elkarrengana sortzen dituzten indarrak aintzakotzat ez hartzea eragin zuela zioen. Berak egin zuen gabezi hori konpontzea eta Lurraren, Ilargiaren eta Eguzkiaren artean sortzen den ekarpen-eremua aztertu egin zuen Laplacen laguntzaz.
1973an unitate-sistema berria ikertuko zuen batzordeko buru izendatu zuten Lagrange. Lan-bilera asko egin zituzten eta horien emaitza gaur egun nagusi den sistema metriko hamartarra izan zen.
Artean hiltzear zegoela, bere karreran zehar egindako lana omendu nahi izan zuen Napoleonek. Iraultzarekiko maitasun handirik ez bazuen ere, Iraultzak Lagrangekiko zor handia zuela esan zuen Napoleonek konde-titulua eman zionean.
Herio Parisera joan zen Lagrangeren bila 1813ko apirilaren l0ean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia