Labirintoak
1993/09/01 Angulo, Patxi Iturria: Elhuyar aldizkaria
Labirinto hitza irakurri bezain pronto, Kreta-ko labirintoaren istorioa datorkigu burura. Istorio horrek hauxe kontatzen digu: behin batean Pasifae erregina zezen zuri batez maitemindu zen. Beregana hurbildu ahal izateko Dedalo-ri behi huts bat eraikitzeko agindu zion. Amarru harekin zezenarengana gerturatu ahal izan zuen eta (ez dakigu nola, beti bezala istorioen alderdia ezkutatzen zaigulako) erlazio hartatik Minotauro sortu zen. Harriturik eta lotsaturik, Minos erregeak Dedalori Minotauro ezkuta zezala agindu zion. Dedalok labirinto zabala eraiki zuen eta bertara sartu zuten Minotauro. Istorioa ez da hor bukatzen, baina gure gaia ez da Minotauroren bizitza; labirintoa baizik.
Istorio horretatik brontzezko eta zilarrezko txanponak geratu dira, grekoek irla menpe zuten garaikoak izan arren. Alde batean Minotauro edo jainko baten aurpegia ikus daiteke. Beste aldean, aldiz, labirinto bat dago
Hala ere, Kretakoa ez da ezagutzen den lehenengo labirintoa. Izan ere, Herodoto historialari greziarra Egiptoko labirinto batez, bi estaia eta zabalpen izugarrikoaz, mintzo zaigu. Herodoto bera egon zen goikoan eta behekora iniziatuak besterik ezin ziren sartu.
Mendeetan zehar labirintoak ahaztuta geratu ziren, Erdi Aroan katedraletako harlauza bide bihurturik berragertu ziren arte. Batzuetan hormetan ere errepikatzen dira irudiak. Aldi berean izen berriak ematen zaizkie, hala nola, meandro, dedaliko, Jerusalemgo bide, ... Azken hori Gurutzadetarako benetako bideen ordezkotzat hartzen zen. Ingalaterran, hesi eta ingurapen berdez eraikitzen zituzten. Hampton Court-en oraindik ikus daitekeen labirintoa badago. Eskandinavian harriz eraikiak ere bai.
XX. mendean inguru desberdinetan agertu dira. Zientzilariek labirintoan animaliek duten portaera aztertzen dute. Psikologi eskola bat sortu da EEBB-etan, bere postulatuak Viet Nam-go gerran aplikatu direlarik. Beste zientzilari batzuek, automata baten ibilera ikertzen dute. Automata kantoi batera ailegatzen denean, buelta beti alde berberara egiten du. Berandu baino lehen, edozein lekutara bide motzenetik joateko gai izango da. Automatak biraketa zoriz aukeratuko balu, ez genuke jakingo asmatuko lukeen ala ez. Adimen artifizialaren lehenengo saioak burutzen ari da.
Orain badakigu makina bat labirintotik sartu eta ateratzeko programa daitekeela, baina zer egin zuen Teseo-k Minotauro aurkitzeko? Ariadna-k eman zion hariak itzulera segurtatzen zion. Ez, aldiz, Minotaurorenganako bidea. Plutarko-k, iturririk osoenak, Ariadnak bidea erakutsi ziola dio, baina ez du esaten nola. Arkeologiak ordea, beste interpretazio bat ematen digu. Sir Arthur Evans-ek Kretako antzinako hiriburua, Knosos, aurkitu zuen; antzinako erret jauregia, hain zuzen. Hormetan txanponeko irudia eta zezenketa-irudiak ikus zitezkeen. Zenbait lekutan labrys izeneko aizkora bikoitza ikusten zen. Labirinto, beraz, labrys-en lekua izango zen. Minos gobernatzailearen izen orokorra zen (Zesar edo Tsar bezala) eta minotauroak erregearen zezenak. Hortaz, Minotauro eta bere etxebizitza jauregiko bisitarien buruan zeuden, jauregiaren handitasunak sortzen zien harridura zela eta. Dedalo jauregiaren eraikitzailea izango zen (2. irudia).
Jakina, labirintorik ez bazegoen argibideak ere ez ziren behar. Izan ere, txanponeko irudian inor ezin da galdu bidea bakarra delako. Benetako labirintoak Erdi Aroaren azkenaldira arte ez ziren egon. Hampton Court eta Hatfield House-koek planoa edo argibideak behar dituzte erdiraino heltzeko. Kasu guztietan erabil daitezkeen argibideak edo algoritmoa litzateke egokiena; labirinto baten planoak ez baitu beste baterako balio.
Labirintoen artean bi mota bereiztu beharko genituzke: ibiltarte itxiak dituztenak, hau da, hesi-zati bat gainerakotik banandurik duten labirintoak (lotura anizkoitzekoak) eta besteak (lotura bakunekoak). Lotura bakuneko labirintoan ibiltzeko argibideak sinpleak dira. Jar ezazu eskua horma batean eta kendu gabe has zaitez ibiltzen. Metodo honek sartu eta ateratzea segurtatzen du, bide laburrena ez bada ere.
Lotura anitzeko labirintoetan ibiltzeko beste algoritmo bat behar da. Algoritmo hori joan den mendean eman zuen Tremaux jaunak. Lapitza hartu eta lehen bezala hormatik kendu gabe has zaitez marrazten. Lehen bezala bide itxietan buelta eman behar da marraturik ez dagoen hormatik. Bidegurutzeren batean bidea marraturik ikusiko duzu. Atzera buelta zaitez marraturik ez dagoen hormatik. Horrelako hormarik ez badago, marra bat duen beste bide bat har ezazu. Ez zaitez sar inoiz bi hormak marraturik dituen bideetan. Erdira heltzean marratzeari uzten badiozu, irteerara marra bakarra duten bideek eramango zaituzte.
Aipatutako labirintoak, Egiptokoa izan ezik, bidimentsionalak dira, hots, plano baten gainean daude kokaturik. Hirugarren dimentsioa lortzeko oin bereko labirinto batzuk bata bestearen gainean jarri eta elkarri dagozkien uneak lotu behar dira. Beste aukera bat, goitik behera eta behetik gora doazen bideek ere labirintoak osatzea da. Hala ere, kasu guztietan emandako algoritmo berak balio du sartu eta atera ahal izateko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia