La Niña etortzekoa zen, baina ez da etorri
2003/07/21 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
La Niña eta El Niño fenomeno klimatikoak ez dira maiztasun jakin batekin agertzen; batzuetan, El Niño elkarren segidako urteetan izan da, 1991-1994 tartean adibidez, baina normalean luzeago jotzen du batetik hurrengora. Bestalde, La Niña fenomenoa El Niño-ren segidan izaten da, hilabete gutxi batzuen buruan, baina ez beti, bata izateak ez du ziurtatzen bestea ere izango dela.
Nolanahi ere, fenomeno biek eragin handia izaten dute Ozeano Pazifikoaren inguruko herrialdeetan, eta uholdeak eta lehorteak sortzen dituzte. Gainera, aditu batzuen arabera, handik urrun dauden beste leku batzuetara ere hedatzen da eragin hori. Horregatik du hainbesteko garrantzia El Niño eta La Niña iragartzeak; Ozeano Pazifikoaren ur-azaleko tenperaturaren joera neurtuta iragar daitezke fenomenoak. Oraingoz, hori da metodorik onena, baina ez da guztiz fidagarria.
Aurtengo martxoan eta apirilean, ohikoa baino gehiago hoztu zen ura Pazifikoko ekialdean, eta hori La Niña azal zitekeen seinalea zen. Gainera, aurreko neguan El Niño izan zenez, adituak 'erantzun' horren zain zeuden. Alarma piztu zen. Baina hurrengo hilabeteetan ozeanoaren azala berotzen hasi zen eta aurreko maila berdinera iritsi zen. Meteorologoak harrituta daude, azken datuen arabera egoera normaldu baita.
Adituek behatutakoa azaldu dute: Indiako Ozeanoan sortutako konbekzio bortitz batek ekialderanzko haizeak eragin zituen, hau da, ohikoen kontrako norabidekoak. Haize horiek ia Pazifikoaren ekialderaino hedatu ziren, eta sakoneko ur-lasterren alderantzizko eragina izan zuten, Indonesia inguruko itsasoaren azala berotu zuten, alegia.
Hala eta guztiz ere, fenomeno horrek bakarrik ezin du El Niño-La Niña trantsizioa eragin, nahiz eta prozesuan eragina izan. Orain meteorologoek badute zer ikasi jaso dituzten datu guztietatik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia