}

#KZJaia2: 1. bilduma

2014/05/19 Elhuyar Zientzia

kzjaia2-1-bilduma

Apirilaren 28an jarri genuen martxan #KZJaia2 suziria eta abiatu ginen izarretara. Hiru aste hauetan 16 izar ezagutu ditugu, ekarpen interesgarri eta anitzez betetako bidaia honetan. Hemen duzue jaialdiaren lehen aste hauetan ikasi dugun guztiaren bilduma:

- Eguzkia: “Omika garaia”. Koldo Garcia Etxebarriak eman zion hasiera jaialdiari omikaren garaian bizi garela ohartaraziz. Genomika, transkriptomika, proteomika, exomika, metilomika… Omika guztien errepasoa egin zigun Edonola blogean argitaratutako artikuluan.

- Sirius:  “Belauneko artrosia”. Iker Villanueva fisioterapeutak belauneko artrosiaren tratamenduaren eguneraketa ekarri zigun Fisteus blogean. Ispilu-teknikaren gisako teknika bitxiak ezagutarazteaz gain, sekretua arikieta fisikoan dagoela argi utzi zigun.

- Canopus: “Mikroglia”. Mikroglia zer den argitu zigun Achucarro Outreach Managerrek Neurozientzian blogean argitaratutako artikuluan. Garuneko zelula txiki baina oso garrantzitsuen multzoa da mikroglia. Izan ere, nerbio-sistema zentralaren garbitzaileak dira, hau da, fagozitosiaren bitartez, hildako edo baliogabeko substantziak deusezten laguntzen dute.

- Arcturus: “Auto-gorrotoa”. Txerra Rodriguez euskara teknikariak auto-gorroto kontzeptuaren atzean zer dagoen azaldu zigun Garaigoikoa blogean. Auto-gorrotoa deitzen zaio talde menderatzailearekin identifikatzeari, eta, ondorioz, mendekoen artean norbanako batzuek talde hegemonikoen irizpideak, lehentasunak eta abar bere egin eta haien interesen edo haien taldeko interesen kontra egiteari.

- Alfa Centauri / Rigil Kentaurus: “Ebola: ezohiko infekzioa, ohiko neurriak”. Ebola birusak eragiten duen infekzio-gaitz larriak mendebaldeko Afrika serio kolpatu du. Amaia Portugalek gaitz horren berri ekarri digu Zientzia Kaieran idatzitako artikuluan.

- Vega: “Asier Estevan Mugertza: ‘Gizarteak zientzia estimatu egin behar du, ondorengo belaunaldiak zientifikoki jantziagoak izan daitezen’”. UEUko Unibertsitatea.net atarian egindako elkarrizketan,  Asier Estevan Mugertza matematikan doktoreak dio zientzia gure gizartearen ongizatearen oinarrietako bat dela, eta, hori horrela, jakintza-arloen gaineko ulermen maila hedatu beharra dagoela.

- Rigel: “Baloi platonikoak”. Matematikaren ikuspuntutik, futbol-baloiak zein erakargarriak diren ikasi genuen Elhuyar Aldizkarian Oihane Lakar Iraizozek argitaratutako artikuluarekin. Izan ere, baloiak airez puztutako poliedroak dira, eta poliedroak oso egitura politak dira.

- Procyon: “Zabor espaziala”. Itzalpeanek Lurraren orbitara begira jarri gintuen. Zientzia.net-en argitaratu zuen artikuluan kontatu zigun, zenbat zabor-puska dauden orbitan, eta zer arazo eragiten duten.

- Betelgeuse: “Jexux Larrañaga: Bertsolaritzak gure mundu propioa osatzeko balioi du”. UEUko Buruxkak liburutegi digitalak Jexux Larrañagari bere tesiari buruz egindako elkarrizketa partekatu zuen jaialdian. Bertso-txapelketen irakurketa antropologikoa eta bertsolarien arrazoitzeko modua izan ditu langai Larrañagak tesian.

- Achernar: “Kea saltzea eta emaitzak puztea biozientzietan”. Zientzian ere “ke-saltzaile”-ak badirela argi utzi zuen  Koldo Garcia Etxebarria biologoak Edonola blogean. Eta ondorioztatu zuen garrantzitsuena dela kultura zientifikoa hedatzen jarraitzea, kerik ez erosteko.

- Beta Centauri / Hadar / Agena: “Euskal Unibertsitatea: Jokin Zaitegi eta Koldo Mitxelena (1)”. Pruden Gartziak Jokin Zaitegiri buruz idatzi zuen Ingumak Laborategian blogean. Euskal Unibertsitatea sortzea helburu, Jokin Zaitegik egindako lanaren berri eman zigun.

- Capella:  “Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz (III). Gorputzaren osaera eta pisuaren kontrola”. Jon Irazustak eta Susana Gilek  ariketa fisikoen onurei burzuko artikulu-sortako hirugarrena eskaini ziguten Zientzia Kaieran. Pisuaren kontrolean eta gantzen murrizketan kirolak duen eragina, eta horretarako kirola egiteko modurik aproposenak kontatu zizkiguten, besteak beste.

- Altair: “Buru osasuna eta zerebroko gaixotasun batzuk sehaskatik ekidin daitezke”. Txikitatik ongi elikatzeak buruko osasunerako duen garrantzia azaldu zigun Achucarro Outreach Managerrek Neurozientzian blogean.

- Aldebaran: “Genetika zientzia-fikziozko telesailetan (I)”. Telesail-zalea dela erakutsi zigun Koldo Garcia Etxebarriak jaialdi honetan egin duen hirugarren ekarpenean. Telesailetako genetika aztertu zigun Edonola blogeko kafepintxoan. Oharra: Kontuz, spoilerrak!

- Spica: “Nondik dabil Ilargia?”. Ilargia non dabilen eta haren faseak erraz ulertzen laguntzen duen web-aplikazio didaktikoa ekarri zigun Miren Karmele Gomezek, Iruñeko Planetarioko webgunean egindako ekarpenean.

- Antares: “A, B, hala AB? Ai ama, ze nahaste!!” Batere nahasi gabe azaldu ziguten uhin-partikula dualtasuna Leire Lerga, Sara Lopez, Amaia Rada eta Aiala Urbegain Kimika Fakultateko ikasleek  Nola Ikasi Kimika Kuantikoa Izutu Gabe blogean.

Hurrengo helburua: Polux. Ea nor den haraino garamatzan pilotua!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia