}

Kutxa beltz zelataria

2009/08/02 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Duela hilabete batzuk, Brasil eta Frantzia arteko hegaldia egiten ari zen Air France konpainiaren Airbus bat Atlantikora erori zen 228 bidaiarirekin. Oraindik ez dago zehatz-mehatz jakiterik zerk eragin zuen istripu hura. Ezbeharra argitzeko behar den informazioa kutxa beltzean dago. Baina, zoritxarrez, kutxa beltza ez dute berreskuratu.
Kutxa beltz deritzon arren, kolore biziko kutxa da.

Hegazkin batek istripua izaten duenean, zuzenean kutxa beltzera jotzen da. Izan ere, kutxa horretan dago jasota istripuaren inguruko datuen erregistroa: kabinako tresneriak neurtutako datuak, soinu-grabaketak eta abar. Datu horiei guztiei esker, istripuaren nondik norakoak jakin daitezke. Beraz, inork ez du zalantzan jartzen kutxa beltzak informazio oso baliotsua eskaintzen duenik. Istripua argitzeko balio du, behintzat.

1950. urtearen amaieran hasi ziren erabiltzen hegaldietako lehenengo erregistratzaileak, eta kutxa beltz izena jarri zitzaien. Egia esan, gehienok kutxa beltz izenarekin ezagutzen dugun hori ez da beltza, berez; kolore biziz dago margotuta, laranja edo hori bizikoa izan ohi da normalean. Izan ere, istripu bat gertatzen bada, erraz aurkitzeko modukoa izan behar du kutxa beltzak; deigarria behar du izan, alegia. Gainera, itsaspeko irrati-baliza bat du erantsia, automatikoki aktibatzen dena talka bat gertatzen den unean, erreskate-taldeak istripua gertatu den lekura gidatzeko. Gailuak bidaltzen duen seinalea arazorik gabe iristen da gainazalera, betiere kutxa 4.000 metroko sakonera baino handiagoan ez badago. Dena den, denbora mugatua du, eta hortaz, litekeena da Air France konpainiaren Airbusaren kasuan seinalea dagoeneko galdu edo agortu izana.

Hegazkinen kutxa beltzari buruz hitz egiten da batik bat, baina itsasontziek ere izaten dute, eta baita trenek ere. (Argazkia: Arpingstone ).

Datuen gordailu

Kutxa beltzeko datuak irakurri ostean erabakitzen dute istripua giza akatsa izan zen, edo eguraldi txarrak eragindakoa, edo hegazkinaren beraren matxura baten ondorioa izan ote zen. Informazioa ez galtzeko, hegazkinaren atzealdean jartzen da, han baitu talka baten ondorioak saihesteko aukera gehien.

Istripu baten kausak argitzeko balio duten bi gailuz osatua dago: hegaldiaren datu-biltzailea eta kabinako ahotsen grabagailua. Batetik, hegaldiaren datu-biltzaileak 80 parametro gorde ditzake, hala nola hegazkinaren abiadura, altitudea, norabidea edo motorren errendimendua. Bestetik, kabinako ahotsen grabagailuak pilotuaren eta kopilotuaren mikrofonoetatik eta aurikularretatik datorren soinua gordetzen du, baita kabinako sabaian kokatutako mikrofono batek jasotzen dituen soinu-alarmen hotsak eta abar ere.

Altzairuz edo titanioz egindako blindaje batek eta material isolatzaile batek babesten dituzte bi gailuak, hautsi, zapaldu, erre edo busti ez daitezen. Hala, 1.100 graduko tenperatura gutxienez ordu erdian, 3.400 bider grabitatearen indarra eta 6.000 metrora hondoratutako objektu batek adina presio jasan dezake kutxa beltzak.

Istripuak argitzeko balio dute kutxa beltzek (Argazkia: MorgueFile ).

Kutxa beltzak gordetzen duen informazioa istripu baten ondoren soilik ezagutarazten da; datu horiengatik ez balitz, hainbat istripuren zergatia ez litzateke behin ere argituko.

Egia esan, ezagunena hegazkinarena bada ere, ibilgailu motordun askok dute kutxa beltza, adibidez, itsasontziek, trenek... Eta, oraindik Europan oso zabaldua ez dagoen arren, zenbait auto-konpainiaren autoek ere badituzte kutxa beltzak, eta hegazkinen kutxaren funtzioen antzekoak dituzte. Alegia, istripua izan aurreko eta ondorengo datuak jasotzen ditu. AEBn zabaldu samar daude kutxa belzdun autoak. Askotan jabeak ez du jakiten kutxa beltza daukan autoa darabilela.

7K- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia