Kulturak dibertsitate genetikoa baldintzatzen du
2001/08/21 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Thailandiako mendialdeko tribuak aztertu ditu (Thailandia, Laos eta Myanmar banatzen dituzten mendietakoak). Tribu horietako hirutan, ezkondu ondoren, gizonezkoa da emakumezkoaren herrira joaten dena bizitzera eta beste hirutan emakumezkoa da gizonezkoaren herrira joan ohi dena. Gainerakoan, antzeko nekazari-bizimodua dute, antzeko klima dute eta talde bereko hizkuntza dute.
Jendeak aldaketa genetikoak eboluzio luzearen ondorio direla pentsatzeko joera du, baina, Mark-en esanetan, euren lanak erakusten du aldaketa kulturalek dibertsitate genetikoan eragina dutela. Sexu bakoitzak berezko ezaugarri genetikoak ditu. Emeen historia ametatik alabetara soilik transmititzen diren mitokondrioen ADNan biltzen da. Arren lerroa, ordea, Y kromosoman dago idatzita.
Gizonezkoak lekualdatzen ez diren taldeen barruko gizonezkoetan, Y kromosoma oso antzekoa da, eta emakumezkoen ADNa euren jatorri anitzaren isla da. Era berean, emakumeak ezkontzera beste taldeetara joateak taldeen arteko ADN mitokondriala homogeneizatu egiten duela dirudi; Y kromosomari dagokionez, aldaketak daude talde batetik bestera, taldeen arteko fluxurik ezaren ondorioz. Erabat alderantzizkoa gertatzen da ezkontzeko gizonezkoak lekualdatzen diren tribuetan.
Orain arte zalantzan jarri izan dira talde etnikoen artean Y kromosomak ADN mitokondrialak baino aldakortasun handiagoa zutela zioten ikerketak; konparazioak gene-lerro desberdinetan egiten zirela esaten zen.Gainera, desberdintasun ugari dago Y kromosomen eta mitokondrioen kromosomen artean (mutazioen abiadura, besteak beste). Orain, ordea, ikerketa hau egin dutenek baldintza eta ADN-lerro berak ikertu dituzte eta aldatzen dena kultura da. Edonola ere, oraindik ez dakigu zehatz-mehatz ingurugiroak zer eragin duen giza kulturetan. Hau da, kasu honetan, zergatik tribu batzuetan emakumezkoak lekualdatzen diren eta beste batzuetan gizonezkoak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia