}

Kultura eta bizimodu bitxiak

2001/05/06 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Kultura eta bizimodu asko arrotzak izan ohi dira kanpotarrentzat. Baina, maiz, arrotzak izateaz gain, arrazoirik gabeak edo zentzugabeak ere iruditzen zaizkio inori besteren kultura eta bizimoduak. Hala ere, gehienetan badira gauzak diren bezala izateko arrazoi logikoak, azaltzeko zailak eta ulergaitzak izan arren, edo areago, onartezinak iruditu arren.
Indian behiak sakratuak dira eta nonahi ikusten dira.
Xanti Goñi

Egia da horrelako gaiak aztertzea ez dela erraza eta eztabaida ugari sortu izan duela, baita adituen artean ere. Baina, tira, guri bitxiak iruditzen zaizkigun kultura eta ohituretako baten zergatia azaltzen saiatuko gara eta horrek hausnarketarako balio dezala, besterik ez bada.

Nork ez du ikusi kalean hara eta ona dabilen Indiako behi baten argazkia? Bertan egondakoek ere ikusiko zituzten behiak lasai-lasai paseoan eta aldamenean jateko askorik ez duen gizaki txiroa. Eta hala ere, ezin behia hil eta jan, sakratuak dira eta.
Mendebaldeko kulturatik ikusita, horrek ez du zentzu handirik. Aditu askok esan izan du behiak gurtzea dela Indiako pobreziaren eta gosearen arrazoi nagusia. Esan ere esan izan da Indian ehun milioi behi dagoela ‘alferrik’ eta baliagarriagoak diren animaliekin eta gizakiekin lehiatzen dutela bazka lortzeko. Hori gutxi balitz, behi horiek oso esne gutxi ematen dute eta doi-doi dira euren bizitzan txahal bat edo bi hazteko gai. Edozein urtetan Indiako behien erdiak ez du esnerik ematen.

Gainera, Indiako zenbait eskualdetan oso zorrotzak dira behiak hiltzearen debekuari dagokionez eta liskarrak ere askotan gertatu izan dira hinduen eta musulmanen artean, hinduek behi-hiltzailetzat jo izan baitituzte musulmanak (musulmanek txerriak ez baina behiak hiltzen dituzte). Besteak beste, hori izan daiteke India eta Pakistanen arteko ezinikusi ‘historikoaren’ arrazoietako bat.

Behi horiek (berez zebuak dira) oso gogorrak dira eta ugari diren lehorte handiei aurre egiteko gai dira. Oso itxura txarra izan eta ezertarako ez dutela balio iruditu arren, euriteak iristean indartu, loditu, kumatu eta esnea emateko gai izaten dira.

Indiako nekazaritzan behiek garrantzi handia dute baina ez dituzte inoiz jateko hiltzen.
Xanti Goñi

Ez da ahaztu behar Indiako nekazaritza-guneetan idiak erabiltzen dituztela hemen traktoreek egiten dute lana egiteko, hau da, lurrak landu eta gurdiak eramateko (arroza lantzen duten tokietan nahiago dituzte bufalo arrak). Eta, noski, idiak sortzeko behiak behar dira. Mendebaldeko nekazari bat galduta legoke traktorea hondatu eta konpontzeko edo berria erosteko modurik ez balu. Indiako nekazaria egoera berean geratzen da bere idia hil edo gaixotzen bada. Beraz, horregatik besterik ez bada ere, komeni da behi ugari edukitzea. Bestalde, kontuan izan Indiak ez duela petrolio askorik eta, ondorioz, petroliotik eratorritako erregaiak kanpotik eskuratu behar dituztela. Nekazaritza mekanizatuko balute lanak erraztuko lituzkete, baina kostuak izugarri garestitu ere bai eta, gaur egun, hala moduzko nekazaritzarekin iraun dezakeen milaka eta milaka nekazarik ezingo luke aurrera egin. Traktorea erosi, zaindu eta hondatzean konpondu egin behar da eta, gainera, erregaia erosi egin behar da ibil dadin. Idiak ez dute horrenbeste lan eskatzen eta ordezkoak izateko behiak edukitzea ere ez da garestia, esan bezala oso gogorrak baitira eta ia edozer bazkatuta irauten baitute.

Horrela, Indiako behien zeregin nagusia garai onetan txahalak izatea da eta ez esnea ematea. Horregatik jasan dezake nekazari batek ia esnerik ematen ez duten behiak edukitzea. Eta, gainera, eman dezaketen esne apurra oso baliagarria da dieta osatzeko.

Behaik edozein tokitan ikus badaitezke ere, ez da gorotz askorik ikusten inguruetan.
Fermin Munarriz

Bestalde, Indiako eskualde gehienetan basoak ere urri dira eta ez da erraza sukaldeetan erabiltzeko erregaia eskuratzea. Petrolioa ere garestia dela esan dugu. Orduan zer egin? Behi-gorotza erabili. Mendebaldeko soro handietan traktoreak erabiltzen dira eta, ondorioz, ez dago simaurrik soroak ontzeko; ongarri kimikoak erabili beharra dago. Indiako nekazari gehienek, zorionez edo zoritxarrez, ez dute ‘traktore-petrolio-ongarri kimiko’ zikloan sartzeko modurik, baina simaur ugari dute. Familia bakoitzean bada norbait familiako behiaren atzetik ibiliko dena eta gorotza jasoko duena, sukalderako su garbi eta iraunkorra ematen baitu. Gainera, urarekin nahasita, ore modukoa egiten dute etxeko zoruan jartzeko. Ore hori lehortzean gogortu egiten da eta garbitzeko erraza den zoru bilakatzen da. Hirietan, ukiezinen kastaren lana izaten da gorotza biltzea. Era berean, kasta horretako kideek larrua lantzeko baimena dute eta horrela lortu du Indiak larrugintza garrantzitsua. Noski, behi-gorotza ongarritarako ere erabiltzen da.

Indian, gutxi gorabehera, 700 milioi tona simaur sortzen dute behiek. Erdia inguru simaurretarako erabiltzen da eta gainerakoaren zatirik handiena sukalderako erregaitarako, hau da 27 milioi tona keroseno edo 35 milioi tona ikatz edo 68 milioi tona egurraren baliokidea.

Horra hor, behiak ez hiltzeko beste hiru arrazoi: simaurra, erregaia eta etxerako zorua eskuratzeko modua.

Beraz, goseak amorratzen dagoen nekazariak behia hilko balu egun batzuetarako haragia edo dirua lortuko luke, baina montzoia iristean ez luke loditzeko behirik izango, edo ez luke txekorrik hazteko behirik izango eta ez luke gaixotutako edo hildako idia ordezkatzeko modurik izango, edo ez luke jakiak prestatzeko erregairik izango edo ez luke etxean zoru sendo eta garbia jartzeko modurik izango. Eta nekazari izaten jarraitzeko, lurra ereiteko traktorea erosi beharko luke, erregaia erosi beharko luke eta zorua egiteko porlana erosi beharko luke.

Behiak askatasun osoz ibiltzen dira hiriko gune ezberdinetan.
Fermin Munarriz

Horrek dirua eskatzen du, noski, eta nekazari gehienek diru hori ez dutenez eta eskuratzeko modurik ez dutenez, denboraldi batean tripa bete edota irabazitako diruak xahutu ondoren, nekazaritza-gunetik hirira joan beharko luke bizitzera. Baina Indian hori ez da oso aukera ona, hiriak aspaldi bete baitziren lanik ez duen jendez.

Eta horrek guztiak ingurugiroarekin ere badu lotura. Azken finean, Indiako behi baten eraginkortasun energetikoa (kontsumitzen duen kaloria-kopurua zati ematen duen kaloria-kopurua) % 17 da eta mendebaldeko behi batena % 4. Hau da, energia edo bazka gehiago eta, beraz, soro eta larre gehiago behar da mendebaldeko behi bat elikatzeko. Eta soro edo larre gehiago behar bada, ingurua gehiago eraldatu behar da.

Beraz, guri bitxia eta ulergaitza iruditu dakiguke Indian behiak gurtzea eta eurentzat erlijio bilakatu da hori, baina gizartea osatzeko modu sozio-ekonomikoa ere bada, baita giza- populazioaren eta naturaren arteko oreka finkatzeko modua ere. Hori bai, ez dator bat guk ongizate-gizartea deritzogunarekin.

Eta txerriarekin zer?

Hinduena ez da guretzat ‘bitxia’ den kultura bakarra. Testuan musulmanak ere aipatu ditugu. Musulmanentzat txerria da galarazita dagoena. Erlijioaz at, ez dirudi zentzu handirik duenik, ezta? Eurei erlijioak debekatzen die txerria jatea, baina erlijio horiek sortu zirenean, nahita ere ezingo lukete txerririk hazi denbora luzez.

Kontuan izan behar da erlijio musulmana eta judua Ekialde Hurbilean sortu zirela eta hori lurralde nahiko lehorra dela. Paraje ireki eta erdi basamortua zirenetan giza talde asko nomadak ziren eta ezin esan txerria bizimodu eta lurralde horietarako ona denik. Txerriek basoa, edo gutxienez itzala, behar dute eta gutxieneko hezetasuna ere bai.

Hezetasunik ezean euren gorotz eta pixetan bustitzeko joera dute, hau da zikin bilakatzen dira. Giza talde ez nomadak izan baziren oasietan eta, itxura batean, txerriak bertan ongi iraungo zukeen, baina kontuan izan txerriak denetik jaten duela, baita gizakiak jaten dituen fruitu eta haziak ere. Eta horrek gizakiarentzat baliagarri diren baliabideetako asko txerriei bideratzea eskatuko luke, eraginkortasun ekologikoa murriztuz (zenbat eta bitarteko gehiago oinarrizko elikagai eta azken elkagaiaren artean, orduan eta eraginkortasun txikiagoa).

Beraz, txerriak ez ziren oso egokiak oasietan hazteko ere. Testuinguru horretan errazagoa da txerria zikina dela, gaixotasun-eramailea dela eta abar esan eta, azkenean, txerria jatea debekatzea. Bada, noski, beste hainbat kultura ‘bitxi’, baina horietako asko eta asko baliabide ekologikoen inguruko hausnarketa sakonarekin ulergarri bihur daitezke. 20 urtetik behin izugarrizko txerri-janak egiten dituzten kulturak, etengabe gatazka eta guda tribaletan ari direnak, alboko tribuaren animaliak eta emakumeak lapurtzea ohituratzat dutenak, izugarrizko aberastasunaren jabe direla adieraztea gustatzen zaien kulturak, sorginkeriak… askok dute taldearen iraupenaren eta baliabide ekologiko mugatuen iraupenarekin lotura.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia