Barrikako hondartzan duela 80 milioi urte glaziazio bat izan zela erakusten duten ebidentziak topatu dituzte. Aurkikuntza hori oso errotuta dagoen ideia baten aurka doa: Kretazeoan Lurra “superberotegi” egoeran zegoela, planetaren historiako tenperaturarik handienetan.
«paradigma aldaketa bat dakar aurkikuntzak, eredu paleoklimatikoen oinarria bera zalantzan jartzen baitu»
Barrikan topatu dituzten ebidentziak ukaezinak dira ikertzaileen esanean, eta erakusten dute glaziar bat itsasora izotz-puska handiak (icebergak) isurtzen aritu zela 1,84 milioi urtez. Hain zuzen ere, iceberg horiek eta glaziarren dinamikak berak utzitako arrastoak topatu dituzte, hainbat metodologia berritzaile erabilita, hala nola bereizmen handiko analisi sedimentologikoak, nanofosilekin egindako bioestratigrafia, ekorketazko mikroskopia elektronikoa, X izpien bidezko mikro eta nano-tomografiak eta U-Pb geokronologia. Hamabi erakundetako ikertzaileak aritu dira horretan, tartean EHUkoak, eta Zaragozako Unibertsitatekoek zuzendu dute ikerketa.
Glaziar-tupatan laginak hartzen. Arroka horietan icebergek garraiatutako klastoak daude, haiek urtu ahala itsas hondora eroritakoak. Arg: Zaragozako Unibertsitatea
Orain arte ez zen glaziarren aztarnarik aurkitu hain latitude txikian, Karbonifero-Permiarreko izotz-aroaren ondoren (duela 300-255 milioi urte). Garai hartan bai, 30º-taraino iritsi ziren glaziarrak. Barrikakoa 35º-ko latitudean dago, eta Mesozoikorako modelizatutako maximo termikotik hurbil dagoen garaian gertatu zen. Horregatik, ikertzaileek azpimarratu dute paradigma aldaketa bat dakarrela aurkikuntzak, eredu paleoklimatikoen oinarria bera zalantzan jartzera behartzen duena, Mesozoikoarentzat behintzat.
Hain zuzen ere, Barrikan aurkitu diren frogen arabera, gaur egun erabiltzen diren adierazle paleoklimatikoak sakon berraztertu behar direla uste dute ikertzaileek, eta iradoki dute litekeena dela iraganeko tenperaturak berreraikitzeko erabiltzen diren tresna geokimikoek Kretazeoko tenperaturak goitik kalkulatzea sistematikoki.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia







