Krakena: kondairatik errealitatera?
2004/04/01 Garin Barrio, Ion Iturria: Elhuyar aldizkaria
Handia bezain ezezaguna
Eskandinaviako kostako herri gehienetan, txipiroi erraldoiari kraken esaten zaio. Marinelen arabera, arrainez elikatzen zen munstro hark, 'atsedenaldi' luzeak egiten zituen berriz ere arrainak harrapatu aurretik; horietan, gorotzaz erakartzen zituen arrainak.
Hasieran animalia hura marinelen irudimenaren emaitza hutsa zela uste bazen ere, kondairazko munstro haren atzean benetako animalia bat ezkutatzen zela konturatu ziren gero.
Izan ere, hainbat hondartzatan txipiroi erraldoiaren zenbait gorpuzkin aurkitzen hasi zirenean, naturalistak ohartu ziren itsas hondoan tamaina ikaragarriko bizidun bat bizi zela. Azkenik, 1856an Johannes Japetus Smith Steenstrup-ek izen generiko bat ipini zien itsas hondoko bizidun haiei: Architeuthis . Izen horren bidez, txipiroi erraldoiaren existentzia onartu zuen zientziak.
1861eko azaroaren 17an, Alecton gerra-ontzi frantseseko marinelek txipiroi erraldoi batekin egin zuten topo Tenerifeko irlaren ipar-ekialdean, Anaga kostaren aurrealdean. Hala ere, ontziko marinelen ahaleginak ez ziren nahikoa izan txipiroia ontziratzeko, eta txipiroia bi zatitan ebakita geratu zen.
Ordurako, beraz, argi zegoen txipiroi erraldoia benetakoa zela. Hala ere, ordutik hona animalia honek ez du mitoaren magia galdu; beharbada, Architeuthis -a gure begiekin ikusi ezin izateak are irrika handiagoz bilatzea ekarri du.
Jules Verne bera liluratuta geratu zen animalia honekin, eta bere nobelarik ezagunenetako bateko pasarte batean zefalopodo erraldoiaren eta Nautilus urpekuntziaren arteko borroka bat azaldu zuen. Liburua argitaratu zenerako, animalia hori bazela ez zen zalantzan jartzen; izan ere 1856an aurkitutako 11,5 zentimetroko mokoak orduko zalantza guztiak baztertu zituen.
Kaxalotearekin borrokanTxipiroi erraldoia ornogabe bizidun handiena bada ere, itsasoko zenbait ugaztunen harrapakin garrantzitsuenetakoa da. Oso tamaina handiko animalia den arren, igerilari kaskarra dela uste da, oso hegats txikiak dituelako.
Horren mugimendu eskasak dituen animalia bat oso harrapakin erraza da baraila indartsuak dituzten ugaztunentzat; ondorioz, itsas hondo ilunean kaxalotearen eta txipiroi erraldoiaren arteko borroka ikaragarriak gertatzen direla uste da. Gertakari ikusgarri horren seinale dira kaxalotearen barailaren inguruan antzemandako uztai-formako markak. Gainera, zenbait kaxaloteren sabeletan txipiroi erraldoiaren mokoak aurkitu izan dira, horiek ezin baitira digeritu.
Kaxalotearen barailaren inguruan ikusi izan diren uztai-itxurako markak txipiroi erraldoiak egindakoak dira. Izan ere, txipiroi erraldoiak bere bi garro luzeenetan dituen bentosak erabiltzen ditu babes-mekanismo gisa, kaxalotearen erasoei aurre egiteko.
Dena den, animalia honi buruz ezer gutxi dakite adituek, ezta zenbat espeziek osatzen duten horren genero kosmopolita ere.
20 metroko luzera izan lezakeen animalia hau 1.000 kilogramoko pisua izatera irits daiteke. Alde abisalean bizi den arren, organo optikorik edo begirik handienak dituen animalia da: 50 zentimetroko diametroa izan dezakete, saskibaloiko baloi batek adinakoa. 15 zentimetroko mokoa du, garroen bidez lortzen dituen bakailao edo bestelako arrain zein krustazeo txikiak apurtzeko. Hamar garroko zefalopodo honek zortzi garro 'motz' eta 10 metro baino gehiagoko bi garro luze ditu.
Txipiroi erraldoiaren larrua arre-gorrixka da, baina, kromatoforo izeneko zelula pigmentatzaileen bidez, kolorea alda dezake. Teutologo gehienen ustean, animalia bakartia da txipiroi erraldoia, eta soilik ugaltzeko elkartzen da espezie bereko bizidunekin. Gainera, bere bizitzaren zatirik handiena alde abisalean ematen du, 500 eta 1.500 metro bitarteko sakoneran.
Geruza afotikoan bizi izatearen ondorioz zefalopodoetan horren erabilia den tinta-zorroak ez du funtzionalitaterik; horrexegatik, tamaina oso txikiko tinta-zorroa du. Oso denbora gutxi bizi da, bost urterekin hil egiten da, baina animalien erreinuko hazkunde-tasarik handiena du; ustez, txipiroi erraldoia egunean zentimetro bat hazten da.
Arrak, hektokotilo izeneko ugal organoaren bitartez, esperma sartzen dio emeari. Emea bere heriotza kontrolatzeko gai da, eta azken momentura arte itxaroten du larbak askatzeko. Izan ere, ugalketaren ostean arra zein emea hil egiten dira.
Non dago?Egun txipiroi erraldoiaren inguruko berriek sona handia lortu badute ere, oso zientzialari gutxi abiatzen da haren bila ur sakon eta ilunetan barrena. Espediziorik ezagunenak eta fidagarrienak hiru dira, diru-laguntza eta tresneria aurreratu ugari zutenak. Hiru espedizioetatik bitan bi zientzialari ingelesek egiten dute lan, anglosaxoiek betidanik izan duten aurkikuntzetarako grinak bultzatuta; hirugarren espedizio garrantzitsua, berriz, espainiarrek osatzen dute, eta Kraken proiektua izenpean lan egiten dute txipiroi erraldoiaren atzetik.
Hala ere, ahaleginik ikusgarriena Smithsonian institutuko Clyde Roper zientzialariak egin zuen 1999ko udaran, Kaikourako leizean, Zeelanda Berrian. Txipiroi erraldoiaren harrapari garrantzitsuena kaxalotea dela jakinda, kaxaloteen bizkarraldean kamera berezi batzuk (critter cam kamerak) ipini zituen txipiroi erraldoiaren irudiak lortuko zituelakoan. Baina kaxaloteak jabetu egin ziren soinean zerbait zeukatela, eta apurtu egin zituzten kamerak. Horretarako, beste kaxaloteen gorputzak erabili zituzten batzuek, eta beste kaxalote batek laginketarako erabilitako itsasontzia bera erabili zuen, zientzialari guztiak amorruz eta sinetsi ezinik begira zituela.
Beste saiakerarik ere izan zen. Steve O´Shea zientzialariak ospe gutxiagoko proiektu bat jarri zuen martxan, hark ere Zeelanda Berrian. Txipiroi erraldoiak bere larbak normalean alde fotikoan uzten dituela jakinda, larba horiek eskuratzen saiatu zen biologoa, aztertu ahal izateko. Aldez aurretik oso proiektu egokia bazirudien ere, alde praktikotik proiektua bideraezina zen. Ustezko larbak bereganatu zituen, bai, baina berehala hil zitzaizkion guztiak. Animalia horiek bizi diren ingurunean, egundoko presioa jasaten dute, eta kondizio horiek simulatzea oso neketsua eta garestia da.
Azkenik, duela gutxi, Kraken proiektua jarri zen abian Gijondik 25 milia ipar-ekialdera dagoen Carrandiko kalan. 2001eko irailean, laginketa-lekuak eta -teknikak aztertu zituzten, eta urtebete geroago irudiak jasotzen hasi ziren. Horretarako, hiru kamera ipini zituzten buia batzuei loturik, itsasoan irudizko hiruki bat osatuz. Kamerak itsas hondoraino jaitsi zituzten eta grabatutako irudiak aztertu. Nahiz eta lortutako informazioa oso garrantzitsua izan, ez zuten txipiroi erraldoiaren arrastorik ere aurkitu.
Bilaketa ez da amaituOrain arte egindako saioen emaitzak oso egokiak izan ez badira ere, itsas hondoko zefalopodo honen irudia lortzeko asmoa ez da bertan behera utzi. Hurrengo udararako, inoiz egin den kanpainarik handiena prestatzen ari dira Zeelanda Berriko kostetan. Saiakera horretarako, bi zientzialari anglosaxoik bat egin dute animaliaren lehenengo irudiak lortzeko. Feromonak erabiliko dituzte txipiroia erakartzeko, eta, ondoren, saiakera horretarako berariaz prestatutako kameren bitartez, itsas hondoari buruzko informazio gehiago jasotzen saiatuko dira.
Txipiroi erraldoiaren istorioak XIX. mendean anglosaxoiek eginiko espedizioak edo abenturak ekartzen dizkit gogora. Garai hartako erregeek eta buruzagiek abenturazale, naturazale, botanikari eta arkeologoak bidaltzen zituzten leku edo gauza berrien bila: garai hartakoak dira, besteak beste, Babiloniako pasabide sekretuaren aurkikuntza, Egipto aldeko indusketa bereziak, Antilletako espedizio abenturazaleak, eta kondairazko animalien inguruko bidaiak.
Izan ere, beti esan izan da anglosaxoiak abenturazaleak direla. Edozein leku edo gauza aurkitzeko grina izan dute, eta ez dute amorerik emango itsas hondo ikaragarriko animalia liluragarrienetako bat bizirik aurkitu edo filmatu arte. Ordura arte, usteekin eta kostaldean hondartutako aleekin konformatu beharko dugu.
Beste hainbat gauzarekin gertatzen den bezala, gauza gehiago dakizkigu milioika kilometrora dagoen edozein planetaz gure Lur planetaz baino, eta ahantzi egiten zaigu gure planetan leku asko ditugula oraindik ezagutzeko. Lur planetaren % 70 urez estalita dago, eta ur horren guztiaren oso zati txikia ikertu da. Ozeano eta itsasoetako ura iluntzen doan heinean, ezjakintasuna handitzen doa; beraz, esan daiteke eguzki-izpiak uretan desagertu ahala, gure ezjakintasuna maila berean edo handiagoan handitzen dela.
Zientziaren ikuspuntutik, ezjakintasun hori larritzat jo daiteke. Planetaren zati handi baten inguruan proiektu eta ikerketa sakonagoak egin eta proposatzeaz gain, erakundeek diru-laguntza handiagoak eman beharko lituzkete, itsas hondoan zer dagoen jakiteak aurrerapauso handia ekarriko lukeelako.
Hain zuzen ere, ezagutu eta ikertu ez dugun ingurune horretako harribitxietako bat da txipiroi erraldoia, Architeuthis generoko zefalopodoa, munduko ornogaberik handiena. Hala ere, oraindik ez du inork animalia honen irudirik lortu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia