}

Kotoia sobiet batasunean

1990/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aurreko urtean ale bateko Zientzi Berriak sail honetan Aral itsasoaren egoera larriaz mintzatu ginen. Lakua lehortzen ari da bertara urak isurtzen dituzten bi ibai nagusien (Amu Daria eta Sir Daria) urak kotoi-soroak ureztatzeko erabiltzen ari direlako.

Aral laku inguruko lurraldeak (Uzbekistan) munduan iparraldeen dauden kotoi-soroak dira eta monokultibo itzela da. Soro hauen helburua Sobiet Batasuneko kotoi-autohornikuntza segurtatzea da. Alabaina sortzen dituen kalteak, mesedeak baino handiagoak dira.

Kotoia, esan legez, monokultiboa da eta berdura eta frutarbolen hazkuntza zokoratzea lortu du. Ondorioz, bertan hazten diren elikagaiekin ez dago populazioa hazterik. Bestetik, kotoiak ur asko eta ongarri-kantitate handiak behar ditu hazteko. Nahiz eta orain arte kotoi gehiena eskuz bildua izan, mekanizazioa gero eta hedatuagoa da eta ondorioz gero eta hosto-galtzaile gehiago erabili behar da. Produktu kimiko hauek oso arriskutsuak dira eta uste denez Uzbekistanen dagoen haurren hilkortasun-tasa handiaren (milako 46,2) kausa dira. Bestalde, kotoiaren kostu soziala ere oso handia da; uzta garaian, irail-urrian, ikasleak erabiltzen dira klase-ordu asko galtzen direlarik.

Gaur egun eztabaida handia dago Uzbekistan eta Sobiet Batasunean kotoi monokultiboaren inguruan. Askoren aburuz, kotoiari lotutako lur-sailak gutxitzea eta janari-produkzioari lotutakoak handitzea litzateke egokiena. Gainera, kotoia Egyptori edo Indiari erostea merkeago omen da.

Bien bitartean, Aral lakuaren egoera guzti honen oinarrian dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia